Onintza Lasa Urte berri haseretan ohikoa izaten da inguruko eta ez hain gertukoenen artean gure desiorik onenak opa izatea. Musutruk irteten dira. Hori ere kontutan hartzekoa da. Bestelakoa gertatzen da, desio, borondate hoiek mami zehatza dutenean, forma eta edukin bat dutenean. Bete ezean frustrazio handien iturri izan daitezke.
2006 urte atarian gauden honetan, eta 2005 eko azken egunetan etorkizunerako aurreikuspenak eskatu izan zaizkigu Alderdi politikoen ordezkarioi, besteak beste. Hemen inor gutxi da azti , inork gutxik berma dezake etorkizun ertain zein luzean gerta daitekeena eta horregatik, zuhurtzia handiz hitzegitea beharrezko egiten da.
Egia baita gauzak, oso neurri txikian bada ere, aldatu direla. Ez bere horretan inertziak aldatu dituelako. Aitzitik, mugiarazi ditugulako. Hori baita gakoa, guztion arteko lana, konpromezua, ausardia;helburua argia izanik, zuzenbide horretan mugitzea, itsasargiak gidatuta bidean jartzea bidea zaila izanik ere, helmuga finkatua baita. Nekez iritsiko gara inora lehen pausorik eman ezean, albokoari eman ditzan eskatuz norbera bere ardatzean itsatsirik dagoen bitartean.
Hemen guztiok mugitu behar dugu. Ezin erabil daiteke albokoaren inmobilismoa norbanakoak eman beharreko mugimenduak sahiesteko. Hori erantzunkizun falta da, eta larria, jokoan dagoena pakea eta normalizazioa izanik. Sufrimenduaren espiralaren eteteaz ari garenean, demokrazia eta giza eskubideekiko erabateko errespetuan oinarrituriko gizartea denean etorkizun hurbila. Ez al litzateke ankerkeria gatazkaren konponketan saiatu ere ez egitea? Ez al litzateke gizarte honen premiazko desioari ezezko borobil bat ematea?
Eusko Alkartasunak atzera buelta ezineko eskenatoki baten alde egin du lan luzaroan. Arlo zein eremu guztietan egin du, aurrerapausoak norberaren konpromezutik hasten direnaren konbentzimendu osoz, izan ere, bestela ez dago jokorik.
Datorren urtea inflexio-puntu izan behar duela diogunean, zuhurtzia handiz diogu. Zuhurtzia, ez delako “desio orokorreko plano” batean egindako adierazpena; konpromezuetan oinarrituriko lan baten ondorioa baizik. Parametro hoietatik at geratuko al da inor? Zaila iruditzen zait, giro “berri” hau somatzen den honetan joko taulatik gatazkaren konponbidean zer esatekorik duen inor kanpoan geratzea. Zail konponbidearen lorpen bera gailentzen duen beste arrazoirik esistitzea ere helburu nagusi gisa, zail gizarteari bere azken erabakia gerturatzeko unea atzeratzeko inor prest dagoenik pentsatzea!
Borondate eta helburu horretan norberak jarriko du berea, norberak egingo ditu bere ekarpenak. Eusko Alkartasunarena argia da: 2004ko abenduan Gasteizko Legebiltzarreko gehiengoaren babesa jaso zuen proposamenaren oinarriak. Gure alderdiaren azken helburuen formulazioa ez bada ere, egun euskal gizartearen gehiengoaren babesa duen etorkizunerako proposamen politiko nagusia da.
Ez ditzagun aitzakiak bilatu, hitz jokoak maltzurkeriaz erabiliz. Oinarriak, oinarri dira. Ez baldintzak, ezta dogmak ere, bai abiapuntu. Proposamena irekia da, guztiak bezala. Eztabaidatu eta landu egin beharrekoa seriotasunez, lan giro diskretuan.
Ez da bide erraza izango emaitzak lortzea! Herri honen konponbidea erraza balitz, aspaldi genuke auzia konponduta!
Alderdikeriak alde batera utzita, aurrera segi beharko dugu, ahalik eta kontsentsu zabaleneko proposamena lortzeko. Legebiltzarrak onartutako testua aurrerapausu nabarmena suposatzen du gure herriaren izatearen errekonozimenduan. Alderdi bakoitzaren azken asmoei uko egin gabe, testu bateratu baten alde egun amankomuneko puntuetan aurrera egin behar dugu. Baina argi dago kontsentsua ezinezkoa balitz, demokrazian gehiengoaren erabakia dela zilegizkoa den bakarra. Hori baita demokraziaren joko arau nagusia. Oinarrizko printzipio hau ez onartzeak, gutxiengo baten “betoa” onartzea litzateke, eta gure herriaren aurrera egiteko nahiari uko egitea.
Demokraziaren muina herriaren subiranotasuna da. Hala, guk baldintza bezala jarri genuen Eusko Jaurlaritzan parte hartzeko herriari galdeketa legeladi honetan gauzatuko zenaren konpromezua. Beste batzu legealdi honetan pakea lortuko zutela esan zuten, badira bide politikoen aldeko apostu garbia lehenengoz erabat argi ere egin zutenak… Gogoratu izan dugu urte bukaeran eta 2006-aren hasiera honetan betebeharreko konpromezu hau, eta honen alde egingo dugu lan ordezkaritza daukagun erakunde guztietan.
Bide berriak irekitzeak beti izaten ditu zailtasunak. Bainan pixkanaka aritu izan gara harrizko harresietan pitzadurak egiten, elkarrizketaren bidez inkomunikazioa hausten. Agian oinarrizko urratsa, baina egin beharrekoa. Eta behin bidean abiatuta…. Inor egongo al da atzera egingo duenik? Herri honek hartua du erabakia eta orain itsasargia jarraitzea besterik ez da geratzen. Indarra opa dut guztiontzat 2006 urte honetarako bide horretan ez etsitzeko. Desio zehatza helburu juxtua lortzeko.
Urte berri on!!
Onintza Lasa Arteaga
(Eusko Alkartasunako komunikazio arduraduna)
Jatorria: Onintza Lasa