JUANJO AGIRREZABALA Juanjo Agirrezabalaren iritziz, polizia bidegabekerien biktimei buruzko dekretua aurrerapausoa da, baina biktimen kategoria ezberdinak ezartzea saihesteko neurrien falta igarri du. Giza eskubideen urraketan Estatuak izan duen erantzukizuna aitortu beharko luke dekretuak, nabarmendu du EAko legebiltzarkideak.

Eusko Jaurlaritzak motibazio politikoko indarkeriaren biktimen arteko diskriminazioak bertan behera uzteko aukera ona alferrik galdu du, salatu du Juanjo Agirrezabalak. Honen iritziz, Justizia sailburuak gaur Legebiltzarrean aurkeztu duen dekretua norabide onean emandako aurrerapausoa da, baina biktimen arteko diskriminazioa bizirik mantentzen du, “biktima batzuk, ETArenak, lehen mailakoak izaten jarraitzen dutelako eta besteak bigarren edo hirugarren mailan geratzen direlako, eskubide gutxiagorekin”.

Agirrezabalak gogora ekarri du diskriminazio horiek saihestea zela, hain zuzen ere, EAk dekretu zirriborroari egin zizkion 21 ekarpenen helburu nagusia, “eraso berbera pairatu dutenek erantzun berbera jaso behar dutelako administrazioen aldetik”. Hala ere, Jaurlaritzak EAren proposamen bakar bat hartu du aintzat, dekretuaren epemuga 1960ko urtarrilaren 1ean kokatzen zuena, eta ez du kontuan hartu, esaterako, biktimentzako laguntza ekonomikoak parekatzea planteatzen zuen proposamena. Segurtasun Indarren biktimek, beraz, diskriminaturik jarraituko dute ikuspegi ekonomiko batetik ere, Terrorismoaren Biktimen Legeak kalteordain altuagoak aurreikusten baititu.

Halaber, EAko legebiltzarkideak kritikatu du dekretuak ez duela behar bezala agerian uzten, eta aitortzen, Euskal Herrian giza eskubideen urraketan Estatuak izan duen erantzukizuna, bai 1978 baino lehen, bai 1978 eta gero.

Jatorria: EUSKO ALKARTASUNA