Juanjo Agirrezabala Behatokia eta Kontseiluko ordezkariekin Legebiltzarrean Juanjo Agirrezabalak Hizkuntza Normalizaziorako Planaren eraginkortasunik eza egotzi dio Osasun sailburuari Legebiltzarrean. “Osakidetzak egunero euskaldunon eskubideak urratzen dituen arren, Bengoak argi eta garbi utzi du ez duela ezer aldatzeko asmorik”, salatu du EAko legebiltzarkideak.

“Rafael Bengoa Osasun sailburuak Osakidetzako erabiltzaile euskaldunen hizkuntza eskubideak mespretxatu egin ditu gaur berriz ere”, salatu du Juanjo Agirrezabalak; izan ere, “Bengoak argi eta garbi utzi du ez duela Euskal Osasun Zerbitzura jotzen duten herritarrei hizkuntza ofizial batean zein bestean aritzeko eskubidea bermatzeko inolako asmorik”. Horixe da EAko legebiltzarkideak ondorioztatu duena Deba Goieneko Ospitalean arrazoi horregatik oñatiar batek etengabe jarritako kexen harira sailburuak gaur goizean Legebiltzarrean emandako azalpenak entzun eta gero.

Agirrezabalaren esanetan, “Osakidetzan euskaldunon hizkuntza eskubideen urraketa sistematikoa eta etengabea da, eta oñatiar honek egindako salaketa adibide bat gehiago baino ez da. Okerrena, dena dela, zera da, kexak eta salaketak gero eta ugariagoak badira ere, Bengoak ez duela ezer egiteko asmorik egoera hori zuzentze aldera, eta ez duela euskalduntze plana aldatuko, Jaurlaritzak berak plan horrek porrot egin duela onartzen duen arren”.

Gauzak horrela, dio EAko ordezkariak, “Euskararen Legea ia 30 urte betetzear dagoenean, euskaldunontzat mingarria da benetan Osasun sailburua euskalduntze prozesua Osakidetzan azkarregi doala esaten ere ausartzea, 30 urte igaro ondoren gure eskubideak egunero urratzen direnean”.

Jatorria: EUSKO ALKARTASUNA