Jesus Mari Larrazabalek aurrekontuaren norabidea PPk ezarri eta inposatu duela salatu du eta lege proiektu hau euskal gizarteak krisi ekonomikoari aurre egiteko behar duena ez dela ohartarazi du.
Eusko Alkartasunak osoko zuzenketa egin dio Eusko Jaurlaritzak Legebiltzarrari bidalitako Aurrekontuen Lege Proiektuari, “Euskadiko errealitate sozialarekin eta politikoarekin bat ez datorren espainiar izaera nazionalean oinarritzen delako”, Jesus Mari Larrazabalek azaldu duenez. Aurrekontua PSEren eta PPren arteko akordioaren emaitza dela gogorarazi du EAko legebiltzarkideak. Bere esanetan, “norabidea PPk markatu eta inposatu du eta horrek oso ondorio larriak izango ditu euskara, hezkuntza, kultura eta giza eskubideak bezalako hainbat arlotan”.
Osoko zuzenketa justifikatzeko orduan ere, Jaurlaritzak espainiar Gobernuaren politika ekonomikoaren kopia egiten duela aipatu du Larrazabalek, “hori Estatutuak eta Kontzertu Ekonomikoak euskal instituzioei eskaintzen dizkieten tresna eta ahalmenak modu zabalean erabiltzeari uko egitea delako, batik bat zerga politikari dagokionean”. Horren ardura EAJrena ere badela salatu du EAko ordezkariak, horren inguruan PSErekin sinatu duen itunak “ez baitie erantzun egokirik ematen egungo krisialdi ekonomikoan euskal gizarteak dituen beharrei, ez duelako elkartasun printzipioa behar bezala aintzat hartzen, gehiago daukatenek gehiago ordaintzeko, alegia”.
Inbertsioen jaitsiera ere kritikatu du Larrazabalek, une ekonomiko honetan inbertsio publikoa sustatzea ezinbestekoa delako eskari globala sortzeko. Beraz, labur esanda, “Aurrekontuen Lege Proiektuak ez die sektore publikotik euskal ekonomiaren benetako beharrei erantzuten eta zatikako arazoei zatikako erantzunak ematera mugatzen da”.
Osoko zuzenketa ez ezik, lege proiektuaren artikuluei egindako bi zuzenketa ere egin ditu EAk; bata, zorrari buruzkoa; bestea, Lanbideri buruzkoa. Eta zatikako 41 zuzenketa ere aurkeztu ditu, zenbait partida 12,4 milioi eurotan igotzeko, bereziki euskarari, hezkuntzari, oroimen historikoari eta giza eskubideei dagozkienak.
Jatorria: Eusko Alkartasuna