“Bake bidea amaitu dadin gure proiektu politikoak demokratikoki aurrez aurre jarri behar ditugu”
Eusko Alkartasunak “Regions et peuples solidarires”-ekin batera antolatu dituen Euskal Herriko bake prozesua, Frantziako Konstituzioaren erreforma eta Europar Batasuneko demokratizazio prozesuari buruzko jardunaldietan parte hartu dute Jean-René Etchegaray, Ipar Euskal Herriko Elkargoko presidenteak eta Bakearen Artisauen kidea den Jean-Nöel Etcheverryk. Euskal Herriko bake prozesuaren inguruko esperientziei buruz hitz egin dute biek, bakoitzak bere lan esparrutik: erakunde eta gizarte mugimenduak. François Alfonsi korsiarra -Europar Parlamentuko diputatu ohia eta Europako Aliantza Libreko presidentea- izan da moderatzailea.
Jean-René Etchegaray, Baionako alkate eta Ipar Euskal Herriko Elkargoko presidenteak, honako hitzekin definitu du bizi dugun unea: “Ez gaude bake egoeran baizik eta bake bidean”. Behin betiko bake egonkorra lortzeko “erakunde ezberdinak egiten ari garen negoziazio eta diplomazia ahaleginak erabili ez daitezen deia” egin du.
Era berean, bake prozesuak inolako biolentziarik gabeko egoeran amaitzeko “biktima eta presoen gaia landu egin behar da, eta, noski, Eusko Jaurlaritza eta frantses eta espainiar gobernuen inplikazioa beharrezkoa da”. Gainera, “bake prozesuaren atzeraezintasuna ziurtatzeko ez da konfrontazioa desagerrarazi behar, baizik eta gure proiektuak demokratikoki konfrontatu behar ditugu”.
Gizarte zibilaren papera
Etcheverryk berriz gizarte zibilak ETAren armagabetze prozesuan izan duen paperari buruz hitz egin du gehien bat. Horrela definitu du hura egin zeneko eskenatokia: “ETAk armak utzita zituen, Estatu espainolak konfrontazio eta errepresio testuinguruan jarraitzen zuen eta euskal gizarte zibilak bakegintza garatu zedin eskenatoki atseginagoa eskatzen zuen”. Eskenatoki horretan hain zuzen, “ez genuen Espainiak aurkaria zapaltzen eta umiliatzen saiatzen zen 15 urte gehiago nahi”. Izan ere, gatazken konponketan lan egiten dutenek, badakite “hori erabat kaltegarria dela, ez baitu konponketa bilatzen baizik eta aurkako eta gorroto gehiago sortzea”.
Bakearen Artisauen kide batzuk atxilotu zituzten unea gogoratu du ekintzaileak eta, esan duenez, ez zuen zalantzarik izan “gizarte zibilaren erantzunaren inguruan. Eta hala izan zen, manifestazioa deitu zuten Euskal Herriko kolore guztietako pertsonek, alkateek frantses Gobernuari eskariak egin zizkioten”. Baina mobilizazio hori ez zen zerutik jauzi, esan du, “Aiete eta gero, gizarte mugitu egin baitzen”.