Jokoarekiko mendekotasunen patologien ondorio latzei aurre egiteko eskatu dio Eba Blancok Eusko Jaurlaritzari, EAJ-PSE-k atzera bota duten Jokoa Arautzeko Legea eguneratzeko beharrari buruzko eztabaidan. EAko idazkari nagusi eta Eusko Legebiltzarreko bigarren presidenteordeak azpimarratu duenez, 30 urteren ostean, legea zaharkituta dago eta ez du egungo egoerari erantzuteko balio.
Lakuako Gobernuak martxan jarri dituen “plan, inkesta eta ikerketa ugariek” ez dute substantziarik gabeko drogen mendekotasuna murriztea lortu, azaleratu du Blancok: “Guztiz kontrakoa”. Pandemiak, gainera, “etxean erraz kontsumitzen diren adikzio kasuak ugaritzea” eragin du. Eta arazoari erantzun “serioa eta zeharkakoa” eskatu du, “sail guztien inplikazioarekin, hezkuntza, osasuna, politika sozialak, gazteria, baita gizartea eta alderdi politikoen inplikazioarekin”.
Duela 30 urte, jokoa bingoak, kasinoak, apustuak, tonbolak, txartelak eta loteriak ziren, Blancok azpimarratu duenez. Eta modalitate batzuk “oso normalizatuta zeuden; beste batzuk, kasinoak adibidez, oso elitistak ziren, eta beste batzuk, joko-lokalak adibidez, gutxi ziren eta gaizki ikusita zeuden”. Orduan, pertsona ludopata gutxi zegoen eta gaixotzat hartzen ziren. Egungo egoera bestelakoa da: “kirol apustuak interneten edo tabernetako makinetan egiten dira, bingoak eta kasinoak digitalak dira; gaizki ikusita ez dauden portaerak dira, koadrilan egiten baitira, sozializatzeko modu gisa”. Horregatik, EH Bilduko legebiltzarkidearen esanetan, “gai honetan neurriak hartu behar badira, garaiaren arabera egin behar da. Ezinezkoa da arazo larri horri aurre ludopatia duten gazte gehienak jaio ez zireneko lege batekin”.
Gaur Eusko Legebiltzarrean egindako Osoko bilkuran Manu Lezertua berriro hautatu dute datozen bost urteetan Ararteko izateko, EH Bilduren aldeko botoarekin. Eba Blancok babesa agertu dio Lezertuari, “independentziaz, irizpide onarekin gai arantzatsuetan, presioen gainetik eta kritikak onartzen ez dakiten botere publikoen aurrean” egindako lana balorean jarriz.
Hurrengo urteetan, Lezertuaren erronkak honako hauek izango dira, Blancoren hitzetan: “Gardentasuna osasun publikoaren kudeaketan, polizia-jardueren kontrola, etortzear dagoen espetxe eskumenaren kudeaketa egokia, politika sozialak horren beharra duten pertsona ororengana iristeko bermea eta migratzaileen babesa”.
Lezertuari eta bere taldeari babesa eman arren, EH Bilduk bere taldearen aukeraketari buruzko zalantzak azaldu ditu, “kromo aldaketa gisa” egin daitekeela kritikatuz, eta Arartekoa bere kolaboratzaileak bere kabuz aukeratzera animatuz.