Jose Ramon Urrutia Eusko Alkartasuneko (EA) kidea da. Enpresa pribatuan lanean ari da, metalurgiaren sektorean. Sarrikoko fakultateko irakaslea da, bestalde. Carlos Garaikoetxea lehendakariaren lehen eta bigarren Gobernuan Pedro Luis Uriarte industria sailburuaren albokoa izan zen, sailburuordea eta saileko aurrekontuen zuzendaria. Xabier Lapitzek Radio Euskadin gidatzen duen tertulian ari da gaur egun.
EAk orain gutxi burututako subiranotasunaren aldeko konferentzian EAEko egoera ekonomikoari buruzko azterketa azaldu zenuen. Mikel Buesak, ekonomiako katedratikoak, Ibarretxeren planak ekar ditzakeen kostu ekonomikoak zalantzan ipini eta kritikatu ditu. Zuk txosten moduko bat landu duzu. Azaldu iezaguzu apur bat zure jarduera, arren.
Nire txostenean duela 25 urteko EAEko egoera azaldu dut, horretarako zazpi alor aztertu ditudalarik. Orduko BPG (Barne-Produktu Gordina), familiaren errenta, inbertsioak, norbanakoaren errenta Europan mailan, eta industriaren eta enpresaren egoera aztertu ditut. Konferentzian unibertsitatearen orduko errealitatea azaldu nuen. Espainiako Estatuan garatzen hasi zen trantsizio politikoaz gizarteak zuen ideia ere aipatu nuen. Autonomiak ekar zezakeen autogobernuaz EAEko herritarrek espero zutena ere aditzera ematen saiatu nintzen, halaber.
Zein zen orduko egoera ekonomikoa?
1975tik 1980ra 168.800 lanpostu galdu ziren EAEn, langabezi tasa %21ekoa zen. 200.000 langabetu zeuden, hauetako %23 Bizkaian zirelarik. Norbanakoaren errenta ez zen Europakoaren %84ra iristen. BPG delakoa %1 jaisten zen urtetik urtera. Inbertsio publikoari zegokion defizit estrukturala ikaragarria zen, 0,7 bilioi pezetara iritsi zen. Ingurugiroa erabat suntsitua zegoen eta industria aurri-egoeran. Adibidez, Bilboko errekaren moilak eta enpresak lur jota zeuden. Untzigintza eta altzairugintzaren sektoreak gainbehera etorri ziren, Euskalduna, kasu. Oro har, herritarrek osasun eta irakaskuntzaren zerbitzu duina jaso ahal izateko zeuden gabeziak handiak ziren. Orduko enpresen ekonomian banku handiek jokatu zuten rola kritikatu dut, halaber.
Zer azpimarratuko zenuke garai hartaz?
Garai hartako egoera sozioekonomikoa eta egoera politikoa hain larria izan arren, akordio batera iritsi izana azpimarratuko nuke. Hau da, Gernikako Estatutua ituntzea lorpen bat izan zen.
Gaur egunera etorrita, nola dago egoera ekonomikoa eta politikoa?
Egungo egoeraren balorazio bat egiteko, ordutik hona egindako bidea gogoratuko nuke. Estatutuaren garapena trabatzeko ahaleginak itzelak izan dira. ETAren biolentziak Estatutuari emandako astinaldiak izugarriak izan dira. 1980tik 1985ra bitartean, ETAk astero hiltzen zuen. Enpresariei egiten zien jazarpena ikaragarria zen eta Madril eta Gasteizko gobernuen arteko liskarrak ere itzelak ziren. Bestaldetik, Estatuak LOAPA legea sortu zuen autonomiaren garapena oztopatzeko. Estatuak ez du inoiz Estatutua garatzeko asmorik izan. Hona oztopoen zerrenda: gizarte-segurantza, enplegua, banku eta enpresen arteko I+Grako (Ikerketa eta Garapena) inbertsioei jarritako trabak. Justizia alorrean, espetxearen kudeaketa transferitu gabea. Alor honetan ez dira oinarrizko legeak garatu. Kontzertu Ekonomikoaren defizita begi-bistakoa da. Madrilek ez du Kupoa aplikatzeko adostasunik nahi. Espainiako gobernuek ez dituzte eskuduntza hauen betebeharrezkoa beren gain hartu, aldiz, beren gain hartu dituzten eskuduntzetan inbertsioaren %2 besterik ez ditu EAEra ekarri. Hala ere, Estatuak EAEren aurka jokatu arren, egungo egoera ekonomikoa askoz hobeagoa da ordukoa baino. Egoera politikoa konpontzea falta da, ordea.
Norbanakoaren egungo errenta hartuta, nola gaude Europarekin alderatuta?
Norbanakoaren errenta Europako Batasuneko batez bestearen gainetik dago: han batez bestekoa 100 bada, Europarekiko %104an gaude EAEn. Italia, Grezia, Portugal eta Espainiako errenta indibiduala baino hiru puntu gehiago ditugu. Trantsizio garaian Europakoarekiko %84an ginen. Aldea begi-bistakoa da, %20 irabazi dugu.
Gizarte-segurantziaren arazoa berriz, nola ikusten duzu?
Duela 20 urte arazo politikoa zen eta egun ere horrela da. Carlos Garaikoetxea lehendakaria zelarik EAEko PSE prest egon zen gizarte-segurantzaren kudeaketa Eusko Jaurlaritzaren esku uzteko. PSOEk ezetz esan zuen, ordea. Egun, berriz, Ibarretxek estatutu berri baterako aurkeztu duen testuan -53. eta 54. artikuluetan- gizarte-segurantzaren kudeaketa Eusko Jaurlaritzak eskuratzea nahi du behingoz. Eusko Jaurlaritzak enpleguaren kotizazioak jaso eta prestazioak eman beharko lituzke. Gernikako Estatutuan horrela idatzia zen eta hori bete izan balitz EAEko egungo egoera ekonomikoa are hobeagoa izango litzateke. Jakina, Madrili ez zaio hori inondik ere interesatzen.
Bilakaera demografikoa ere arazoa da. Nola daude zahartzaro eta jaiotza tasak gaur egun?
EAEn 65 urte baino gehiago dituzten 400.000 pertsona inguru daude. 2015ean 456.000 izango dira. 2025ean 512.000 eta 2050an 750.000. Pertsona horiek erretiroko prestazioak kobratu beharko dituzte. Jaiotza-tasa oso apala da, ordea, hor dago arazoa eta koska! Baina arazo hori ez da EAEkoa bakarrik. Espainia, Japon eta Alemanian arazo bera dute. Pentsioen fondo-sistemaren erreforma egiten ari da. Baina, kontuz, ez dezagun zeregin horretan ongizatezko gizartea garatzeko norabidea galdu. Egokiena hazkunde ekonomikoa bermatzea da, baina sektore sozial guztien arteko garapenaren oreka galdu gabe, noski.
Nola ikusten dituzu testuinguru honetan subiranotasunaren ideia eta Ibarretxeren plana?
Subiranotasunaren ideiari eutsi nahi badiogu Eusko Jaurlaritzak gizartearen sektore ahulenen aldeko politika bat sustatu behar du, enplegu politikak zaindu eta indartu behar ditu.
Ibarretxeren plana baikorki ikusten dut. Herri honek maila sozial eta ekonomikoak oso onuragarriak lortu ditzake. Planaren garapena oso positiboa litzateke arlo ekonomikoari nahiz sozialari begira. Madrilen horren beldur daude, ordea. Dena den, niretzat, plana subiranotasuna eta independentziaren bidean urrats bat da. Biolentziarik gabe beti ere, bide baketsuan.
Azkenik, zer iritzi duzu Mikel Buesaren txostenaz?
Bere jarrera oso murriztailea da. Nire ustez, ez du herri honen garapena bere hasieratik ezagutu eta ez du herri honen etorkizunari begira eta bere alde jarri nahi. Eta ez du nahi, beharbada, elkarbizitza baketsu bat falta delako. Agian, diot.
Mikel Asurmendi / Argia
Jatorria: Eusko Alkartasuna