Joseba Azkarraga Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak gaur azpimarratu duenez, “samina eta sufrimenduaren ondoren isiltasuna eta ahanztura baino ezagutu ez duten urte luze hauek igaro eta gero, bada garaia gogora ekarri behar diren hainbat familiari duintasuna itzultzeko eta jasan duten kalte morala konpentsatzeko ”.
Azkarragak parte hartu du gaur, Hernanin, Gerra Zibilean fusilatu eta desagertuei —besteren artean, Gipuzkoako herri horretako hormaren kontra fusilatu zituztenei— egin zaien omenaldian, eta adierazi duenez “ekitaldi honetan parte hartzea, ohorea ez ezik, justiziari dagokion betebeharra ere bada”.
Justizia sailburuak jendaurrean salatu nahi izan ditu “hilerri honen ondoan gertatu ziren berme juridikoen eta Giza Eskubideen urraketak”. Pertsona zintzo, bakezale eta errugabeen aurkako krimena izan zen. Errukirik gabe fusilatu zituzten. Eta hori gutxi balitz, haien heriotzak erregistro guztietatik kanpo utzi nahi izan zituzten”.
Espainiako “Gerra Inzibila” hasi zenetik hirurogeita hamar urte igaro direnean, “Nazioarteko Zuzenbidearen eta Gizateriaren aurka gerra horretan egin ziren krimenen biktimei ez zaie oraindik onartu egia ezagutzeko, justizia lortzeko eta jasandako kalteengatik konpentsazioa jasotzeko eskubidea” azpimarratu du Azkarragak.
Sailburuaren ustez ezinbestekoa da Euskadin Gerra Zibilean gertatutakoaren inguruko “oroimena lantzea”, eta askatasuna eta demokrazia babesteko sufritu zutenak “gogora ekartzea”. “Omenaldi hau zor diegu, denok, ahaztuta geratu ziren galtzaile haiei. Tratu-berdintasuna eta justizia historikoa eskaini behar diegu”.
Horrez gain, Azkarragak salatu duenez, “eredugarritzat” jotzen den Espainiako trantsizioan, berriro ere, biktima haiek isiltasunera eta ahanzturara zigortu ziren, haien oroimena “deserosoa” suertatzen baitzen une hartan. “Barkamena eta ahanztura nahastu ziren” azpimarratu du.
Horregatik, ohartarazi duenez, “haiek zein ideiarengatik borrokatu zuten eta jazarpena zergatik jasan zuten ahazten dugunean —alegia, askatasunaren, demokraziaren, gizarte-justiziaren eta aurrerapenaren ideiak ahazten ditugunean— geure nortasuna ezabatzen ari gara”.
Horren ildotik, “geure Euskal Herrian frankismoaren totalitarismoaren ankerkeria kriminala nozitu zuten biktima errugabe horiek guztiak inoiz ez ahazteko” konpromisoa hartu du Azkarragak, eta are gutxiago zein arrazoirengatik hil ziren.
Jatorria: Joseba Azkarraga