Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak amaiera eman dio gaur Oñatin Lege Soziologiako Erakundeak antolatutako Udako ikastaroari.
Eman duen hitzaldian Joseba Azkarragak nabarmendu duenez, “Bakea balio unibertsala da, eta bere osotasunean heldu behar zaio, ez baitu lurralde-mugarik, ezta baldintzatzen duen sinesmenik edo bestelako zertzeladarik ere”.
Gaur amaitu den ikastaroak ekarpen handia egin digula ziurtatu du Azkarraga jaunak; izan ere, “ikastaroak gizarte-ingeniaritza abian jartzeko premiaz ohartarazi gaitu, horren bitartez indarkeriaren kultura arbuiatu eta behin betiko ezabatzea lor dezagun”.
Giza Eskubideak eta Bakearen kultura guztiz osagarriak direla adierazi du, baita honako hau nabarmendu ere: “Bakearen kultura guztiz garatzeko konpromisoa hartu du Eusko Jaurlaritzak, eta kultura hori demokrazia eta garapena sustatzeari, eta giza eskubide nahiz oinarrizko askatasunak errespetatzeari loturik dago”.
Azkarragaren iritziz, “beharrezkoa da pertsona guztiek, maila guztietan, elkarrizketarako, negoziaziorako, adostasuna ezartzeko eta gatazkak modu baketsuan konpontzeko gaitasuna garatzea”. “Bakearen kultura sustatzeko eta sendotzeko erantzukizun nagusia hartu dugu Jaurlaritzan; baina, era berean, ziur gaude bakerako prozesu orotan gizarteko iritzi eta ordezkaritza politiko guztiek parte hartu behar dutela, inor baztertu gabe edo inork bere burua baztertu gabe”, esan du ondoren.
Halaber, euskaldunok itxaropentsu sentitzeko dugun aukera aipatu du: “Errespetuaren eta elkarrizketaren balioak nagusitu behar dira funtsezko bidegurutze honetan. Balio horiei esker, konpromisoko eta konfiantzako jarrera irmoen bidean aurrera egingo dugu; eta, hori, ezbairik gabe, bultzada izugarria izango da akordioak lortzeko”.
Orobat, bidean “oztoporik” ere badela adierazi du Azkarragak: ”jabetzen naiz zuentzat zaila izatea hainbat eragozpen arlo judizialak ezartzen dituela ulertzea. Neuk ere ezusteko desatsegina hartu dut. Dena dela, ziur nago azkenean elkarrizketa gailenduko dela, elkarrizketa begirunetsu eta integratzailea gailendu ere”.
“Nire ustez, aipaturiko fenomenoaren oinarriari irtenbide politikoa ematen saiatzea da Bakeranzko ibilbideari ekiteko modu egokia. Hain zuzen ere, Euskal Herriaren nortasunak eta subiranotasunak, Euskal Herriaren Eskubide Historikoek eta nazioarteko ordenan parte hartzeko erregimenak osatzen dute oinarri hori. Nire iritziz, Justizian oinarrituta lortu behar da irtenbidea, betiere honako hauek aintzat hartuta: Euskal Herriaren eskubide legitimoak, eta gure herriaren historiaren, gizartearen nahiz politikaren arloko inguruabarrak. Objektibotasunez eta zorrotz aztertu beharko dira iraganeko etapak, baita garaturiko politikak ebaluatu ere”, adierazi du.
Azkenik, Azkarragak berriz ere aditzera eman duenez, “Bakearen ikusmoldea egokia izango bada, Euskal Herriaren eskubide legitimoak bildu beharko ditu ezinbestean”.
Jatorria: Joseba Azkarraga