Gaur agertzen naiz, zuen aurrean, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak egin duen eta uztailaren 22ko Jaurlaritzaren Kontseiluak onartu duen Enplegua Sustatzeko Erakundearteko 2003-2006 Plana aurkezteko. Tresna hau izango da hurrengo urteetan enplegua sortzeko eta enplegu horren kalitatea hobetzeko erabiliko den ardatza.
Autogobernuko urte hauetan, pixkanaka; presarik gabe baina etenik gabe, fruituak lortu dira. Edonondik begiratuta ere.
Lan-merkatuaren egungo egoera
Utzidazue, Enplegua Sustatzeko 2003-2006 Planean jasotzen diren edukiei erreparatu baino lehen, gure lan-merkatuak egun duen egoerari buruzko diagnosia egin dezadan; zein izan den aurreko Enplegu Plana (2000-2003) abian jarri zenetik plan honek izan duen eboluzioa; eta zein izan den eboluzio hori Europarekin alderatuz. Izan ere, nire ustez ¾eta nirekin bat etorriko zarete¾ aldez aurreko azterketa on bat da errealitateari lotutako politikak egiteko ezinbesteko osagaia.
Euskal Autonomia Erkidegoko lan-merkatuari buruzko datuen arabera, 2003ko hirugarren hiruhilekoan errekorra lortu zen: 905.000 landun, eta 13.800 pertsona gehiago aurten, PRA inkestaren arabera.
Okupazio-tasa ehuneko 64ra igo da; 1,2 puntuko igoerarekin lehenengo hiru hilekoetan.
Bestalde, aurten langabezia-tasa gutxitu egin da, ehuneko 9tik ehuneko 8,1era. Eta hirugarren hiruhilekoan Europako Batasuneko batezbestekoa baino hamarren bat gorago dago.
Irailaren amaieran 72.515 langabetu zeuden. 2003 urtean zehar izandako saldoaren arabera 6.979 langabetu gutxiago zeuden.
Enplegu-politikaren helburuak hobekien islatzen duen adierazleetako bat, 16 eta 64 urte bitartekoen enplegu-tasa, %64koa da EAEn, Lisboan 2010 urterako jarritako helburutik 6 puntura (%70). Europarekiko eboluzioa hobea izan da, eta %11 hobetu da 2000-2003 epean, Europar Batasunean hobekuntza %2,8koa izan den bitartean.
Lisboan finkatutako beste datuetako bat 55 eta 64 urtekoen arteko enplegu-tasa izan da. Gaur egun tasa hori %41,3koa da EAEn, eta 2010 urterako helburua %50era iristea da. Aurreko Enplegu Planaren indarraldian 7,4 puntutan igo dugu tasa, eta %23,5eko hazkundea izan dugu, Europar Batasuna %8 hazi den bitartean.
Era berean, esan daiteke Lisboako beste erronketako bat, emakumeen enplegu tasa, %51,9koa dela EAEn, 2010erako helburutik (60%) 8,1 puntura. 2000 eta 2003 arteko hobekuntza 7,4 puntukoa izan da. Europarekin alderatuz, gure eboluzioa askoz hobea izan da, %19 hazi baita, Europako batezbesteko %5aren aldean.
Biztanleria landun eta langabetuaren eboluzioaren ondorioz, jarduera tasa %55ekoa da egun, 4 hamarreneko igoerarekin urtarriletik irailera.
Egoera honetako alderdi negatiboen artean kokatu behar da 16 eta 24 urte bitarteko gazteen enplegu-tasa, %32,3koa izan baita 2003ko hirugarren hiruhilekoan, Europako batezbestekoaren oso azpitik; izan ere 10 puntuko alde negatiboa daukagu horrekiko. Gainera, eboluzio okerrago batekin, nahiz eta aurreko planaren indarraldian 1,5 puntuko igoera izan.
Gazteen langabezia tasa Enplegu Planean zehaztutako kezka nabarmenetako bat da, eta aurrerago izango dugu aukera horren lan-ildoak ezagutzeko. Gaur egun %21,1ekoa da. Europako batezbestekoa baino okerrago gauden arren, zuzena da onartzea 2000-2003 epean hobekuntza 11,4 puntukoa izan dela, eta berebiziko eragina izan duela emakumeen artean. Era berean, gure eboluzioa Europar Batasunekoa baino askoz hobea izan da garai horretan: %35eko igoera, Europako %15eko batezbestekoaren aldean.
Beste alderdi negatibo bat gure lan-merkatuan dagoen aldi baterako kontratuen kopuru handia da (industria gehiago eta enpresa txikien kontzentrazio handia); eta ez dirudi hori ere konpontzera doanik, nahiz eta gure ahaleginak handiak izan. Dena den, 2000 eta 2003 arteko eboluzioa positiboa izan da, %2,1eko jaitsierarekin.
Mugagabeko kontratua zuten pertsonen kopurua %1 baino gehiago jaitsi zen bigarren hiruhilekoan, eta aldi baterako kontratuak, berriz, ia %6 igo ziren. Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoko soldatapekoen herenak aldi baterako kontratuarekin lan egiten dute haien enpresetan. Eboluzioa Estatuan izaten ari denaren oso antzekoa da, baina horrek ez du aitzakia gisa balio izan behar guretzat.
Laburbilduz, EAEko enpleguaren adierazle nagusi gehienak ez dira heltzen Europako batez bestekora, baina bai ¾eta gainditu egiten ditu, gainera¾ gizonezkoen enplegu eta langabezia-tasarekin zerikusirik duten datuei dagokienez, gazteei buruzkoak salbu.
Hala eta guztiz ere, badago joera positibo bat, etorkizunari itxaropenez begiratzeko aukera ematen diguna: 2000 eta 2003 arteko epeari buruzko datuak eskuan (hori baita aurreko Enplegu Planak hartzen duen epea), gure eboluzioa Europar Batasunekoa baino hobea izan da. Aztertutako 27 adierazleetatik, 3tan bakarrik izan dugu eboluzio okerragoa. Eta adierazle horiek, berriro ere, gizon gazteen enpleguari dagozkionak dira.
Eboluzio on horri eustea, aldeak murriztea, eta finean, Europarekin benetan bateratzeko helburura gerturatzea dira euskal erakundeen helburu nagusiak, eta Enplegua Sustatzeko Erakundearteko Plan honen erronka.
Ahalegin horiek fruitua izan dezaten, beharrezkoa da erakunde-maila guztiek koordinatuta lan egitea, bakoitzak dituen erantzukizun eta eskumenekin; eta beharrezkoak dira, halaber, eragile ekonomiko eta sozialen sustapena, laguntza eta partaidetza.
Gaur aurkezten dizuedan 2003-2006 Enplegu Plan berriaren xedea, hain zuzen ere, lanpostuak sortzerakoan dugun lidergoari eusteaz gainera, lidergo hori areagotzea da.
Eta helburu estrategiko horrekin, etorkizunean enplegua sortzeko tresna guztiak gure esku izateari, inola ere, uko egin gabe plan honek neurri berriak bultzatuko ditu, enplegu-tasak eta enpleguaren kalitatea eraginkortasunez hobetzen laguntzeko, bazterketa-arazoak dituzten edo izateko arriskuan dauden taldeak laneratzeko gaitasuna hobetzeaz gainera, jakina.
Horretarako, gure enplegu-politika lortzera zuzendu behar ditugu ahaleginak, pilatu dugun esperientzia albait gehien aprobetxatuz, eta legearen arabera gure eskumenekoak diren gaiak gure baliabideak erabilita garatuz, nahiz eta Espainiako gobernuaren zekenkeriarengatik oraindik ez dizkiguten transferitu.
Eta honakoa izango da gure lan-ildoa: Gernikako Estatutua (beste batzuek egunero urratzen duten legalitatea) betetzea, euskal herritarrek, askatasunean eta demokratikoki, hori aldatzea erabaki arte; baina enplegu gehiago eta kalitatezkoa ekarriko duten politikak bultzatzeari utzi gabe.
Eta hori ez da oztopo izango, guztiz alderantziz baizik, dagozkigun eta jaso gabe ditugun transferentziak lortzeko Jaurlaritzak atsedenik gabe egiten duen errebindikazioarekin jarraitu dezan. Elkarrizketa eta adostasuna eskaintzen jarraituko dugu, nahiz eta, orain arte bezala, irainak eta mehatxuak baino ez jaso gure eskaintzaren erantzun gisa. Gero eta gehiago.
Eusko Jaurlaritza, Plan honen barruan, beharrezkotzat jotzen dituen enplegurako politika aktiboko tresnez hornituko da, herritar langabetuei lan-merkatuan sartzeko aurkitzen dituzten oztopoak ezabatzen laguntzeko. Transferentzia prozesu bat edo gai horren inguruko lege-aldaketaren bat egongo balitz, politika horiek berrikusi egingo lirateke, noski, bereziki politikak administratzeko moduari dagokionez.
Legebiltzarkide jaun/andreok, 2003-2006 Enplegu Plan honek begi-bistako errealitate bati erantzuten dio: lehengo ereduak, gure errealitatetik urruti dauden sistema zaharrak, ez dira konponbidea.
Langabezia-tasen jaitsiera eta jarduera-tasen igoera dira, jakina, Enplegu Plan berriaren oinarrizko helburuak.
Langabeziaren arazoa, euskal gizartean, gertakari hedatua izatetik gertakari murriztua izatera pasatu da, batez ere gizarteratze zaileko talde eta pertsonak ukitzen dituena. Horien artean daude emakumeak, gazteak eta iraupen luzeko langabetuak. Horiekin batera, egun sortzen ari den gai berri bat erantsi behar da, etorkinen eta ez-aktiboen ¾bereziki emakumeen¾ giza taldeak.
Helburuak
Euskal Autonomia Erkidegoko lan-merkatuaren egoera eta perspektibei buruz egindako diagnosia, batetik, eta gai horren inguruan finkatutako helburuetan islatzen diren Europaren gomendioak, bestetik, kontuan hartuz, Eusko Jaurlaritzaren datozen urteetarako jardueraren gida eta konpromiso gisa ulertzen den Enplegu Planak ondoko jarraibide orokorrak izango ditu:
· Enplegu politikaren lidergoa
· Prebentzio-neurrien lehentasuna
· Lanerako orientazioa, enplegu-politikaren ardatz gisa
· Sistemarako sarbide bateratua, leihatila bakarra izenekoa
· Enplegu-politika giza talde desberdinen beharretara egokitzea
· Gizon eta emakumeen arteko desoreken aurkako politika
· Toki-ingurunearekiko egokitzapena eta elkarreragina
· Jardueraren homogeneotasuna eta ekitatea
· Laneratzea eta gizarteratzea: beste eragile publikoekiko koordinazioa
· Enplegu- eta enpresa-politikaren koordinazioa
· Enpleguaren egonkortasunaren eta kalitatearen sustapena
· Eta, azkenik, gure politikaren ardatz gisa, berezko Enplegu Zerbitzu bat sortzea jasotzen du Planak
Helburu orokorrak
Helburu orokorrak lan-jardueraren mailak igo eta langabezia jaistearen ingurukoak dira, Europar Batasunean dagoen batezbestekora eta Enpleguaren aldeko Europar Estrategiak xedatutako helburuetara inguratzeari begira.
Planaren xedeak aipatzen hasi aurretik, beharrezkoa da azpimarratzea helburu horiek finkatzerakoan, agian, gehiegizko zuhurtziazko jarrera hartu dela, kontuan harturik duela hilabete batzuk arte ekonomiaren moteltze batean geundela gure ingurunean eta mendebaldeko herrialde guztietan, eta kontuan harturik, halaber, epe labur eta ertaineko perspektiba ekonomikoak oso ziurrak ez zirela.
· Enplegu-tasa. EAEko enplegu-tasa %65ean kokatzea da 2006rako helburua (Europan, %70era iristeko helburua jarri da 2010erako). Horretarako, 33.000 lanpostu sortu behar dira epe horretan. (2002an, %62,5ekoa zen, Eustat erakundearen arabera, Estatuko batezbestekoaren gainetik 2 puntu, gutxi gorabehera).
Emakumeei dagokienez, aurreikuspena 22.000 lan-postu gehiago sortzea da, igoera osoaren bi heren alegia.
Horretarako, giza talde horri zuzendutako ekintzak aurreikusten ditu Planak, besteak beste, prestakuntzarako ingurune malguak sustatzea, emakumeen kontrataziorako konpromisoak lortzeko ekintza positiboa garatzea, eta kalitatezko enplegua bultzatzea. Helarazi zaizuen planean dauzkazuen beste batzuez gainera.
· Jarduera-tasa. Helburu gisa, herritar guztiak kontuan hartuta, %54,5eko jarduera-tasa jartzen da helburu gisa 2006rako, eta %44koa emakumeen kasuan (2002an Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera %54koa izan zen, Estatukoaren oso antzekoa). Horrek esan nahi du jarduera mailaren igoera ia osoa emakumeen giza taldearena izango litzatekeela (14.000 emakume landun gehiago). Helburu horrekin, Planean xeheago aurkituko dituzuen eskuartze-ildoetako batzuk aipatzearren, Jaurlaritzak ondokoak sustatuko lituzke: legezko zaintza eta seme-alabak zaintzeko lan-eszedentzia; gizarte-baliabideekiko harremana (haurtzaindegiak eta hirugarren adinekoentzako eguneko zentroak); lan-bizitza eten duten eta berreskuratu nahi duten emakumeentzako lanbide-bideratzea
· Langabezi tasa orokorra. Langabezi tasa orokorra %7 eta emakumeen langabeziaren tasa %11 jaisteko helburua jartzen da 2006rako (2002an %12,1ekoa zen). Horrela, langabezian daudenen kopurua 69.000koa izango litzateke (2002 urtean 81.000 ziren) eta horietako 45.000 emakumeak izango lirateke (2002an 48.000 izan ziren bitartean). 16 eta 24 urte bitarteko gazteen giza taldeari dagokionez, langabezi tasa %12,8koa zen 2002an, 1996tik (%33,9) izugarri jaitsi eta gero. 2006an %9ko tasa batera iristeko helburua jartzen da.
Azkenik, iraupen luzeko langabeziari dagokionez (12 hilabete baino gehiago langabezian), Planaren xedea giza talde hori jaistea da, langabetuen egungo %37,8 izatetik %30era jaisteko 2006 urterako. (2000 urtean %55ekoa izan zen, eta %44,8koa 2001ean).
Egun ezagutzen dugun lan-merkatuko datuen eta joera ekonomikoen arabera, eta kontuan harturik horiek denbora gutxian nabarmenki aldatu direla Plan honetako helburu kuantitatiboak ezartzeko erabili zirenetatik, Jaurlaritza prest dago, eztabaida gertatzen den bitartean ere, helburu horiek gorago jartzeko.
Gaurkotze hori, bestalde, aurreikusita zegoen jadanik Enplegu Planean bertan, hitzez hitz aipatzen dudan bezala: erakunde-ingurunearen edo lan-merkatuaren egoera nabarmenki aldatu liteke denbora laburrean.
Jarduera-ildoak
Lehen adierazi dizuedan bezala, Enplegu Planak enplegua eta prestakuntza sustatzeko politikak garatuko ditu, langabezia indizerik handiena duten taldeei zuzenduta. Aipatutako talde horiek ondokoak dira: gazteak, 45 urtetik gorakoak, emakumeak, ezgaitasunak dituzten pertsonak eta gizartetik bazter gera daitezkeen pertsonak. Enpresak susta ditzaketen edo euren enplegua sor dezaketen taldeentzako erabakiak ere sartu dira planean.
Enplegu bat lortzea eragozten duen arazo bakoitzari esku-hartze egokiago bat dagokio oztopoa gainditzeko.
Esku-hartze edo politika horien administrazioa arautzen duen arau-sorta berrikusi egingo da honako ekitaldi honetan, Lanbidek aurrera egin ahala indarrean sar dadin, pixkanaka.
Lanbide, Euskal Lan Zerbitzua, izango da enplegu politika horietarako sarbidea herritarrei agindu eta eskuratzeko ardura izango duen eragile nagusia.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua
2003-2006 Enplegu Planaren apustua Lanbide da, Euskal Enplegu Zerbitzua. Sortu berria den tresna da, Eusko Jaurlaritzaren enplegu politika gauzatzeko eginkizuna duena, bere eskumenen barruan.
Horretarako, politika pertsonalizatuak abiaraziko dira, borondatezkoak eta doakoak, hau da, ¾eta horretan datza desberdintasun handiena¾ NAHIERAKOAK, eta horietan emango den arreta familiako mediku batek ematen duenaren antzekoa izango da, baina enpleguari begira. Xedea banakako diagnosi bat egitea izango da, eta horren arabera, pertsona bakoitzak lan merkaturatzeko dituen aukerak hobetzeko tratamendu egokiena ematea.
Egoera modu grafikoan deskribatzeko, ondokoak dira Zerbitzuarekin bat datozen kontzeptuak:
· LANBIDE Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzari atxikitako zerbitzua izango da, eta hori arduratuko da zerbitzua sortu eta iraunarazteaz.
· LANBIDEk zerbitzu zentralak izango ditu, eta 30 lurralde-bulego inguru. Lehenengo hirurak Agurainen, Basaurin eta Irunen.
· LANBIDE kudeatzeko, Egailan, SA elkarte publikoaren lankidetza izango du Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzak.
LANBIDErako aurreikusten den kostu osoa 21,2 milioi eurokoa da, 2003 eta 2006 urteen bitartean. Horren ildotik, esan beharra dago ez dela kostu erantsi bat; izan ere, egingo dena jasota zegoen aurreko ekitaldietako aurrekontu-sailetan.
Aipatu bezala, 2006rako ireki nahi diren 30 horietatik, 2004an lehen hiru bulegoak irekitzea aurreikusten da esperientzia pilotu gisa.
Bezeroarentzako zerbitzu zuzenak emango ditu Lanbidek, ondokoak alegia:
· Informazioa
· Orientazioa
· Neurrien preskripzioa, horien barruan sartzen dira ondokoak: Prestakuntza eta praktikaldiak. Enpresa-sustapena eta autoenplegua. Eta, azkenik, kontrataziorako laguntzen ingurukoak.
Beste jarduera arlo handiari dagokionez, hau da, laguntzeko barne zerbitzuei buruzkoa, Lanbidek jorratuko dituen esparruak honakoen ingurukoak dira: prospekzioa, ebaluazioa eta kalitatearen kontrola, aholkularitza eta lan-merkatuari buruzko informazio-edukiak, zerbitzuen ikerketa eta garapena, Europarekiko bateratzea eta koordinazioa eta funts europarren kudeaketa.
Langai Lanbiden sartuko da. Horrela, 200 erakunde laguntzaileren bitartez gauzatzen zen Bitartekaritza Zerbitzua Lanbideren bulegoen bidez egingo da.
Lanbide eta enplegu-politikan toki-mailak daukan egitekoa
Euskal Enplegu Zerbitzua ez da bakarrik egongo gure lurraldean. Enpleguan eragina duten berezko politikak garatzen dituzten beste eragileekin batera lan egin beharko du, besteak beste, INEMekin eta beste toki-eragileekin.
Lanbide, toki-mailako enplegu politikan bete behar duen paperaren barruan, egiteko bikoitza izango du: kudeatzailearena eta estrategikoa. Kudeaketari dagokionez, langabetuei arreta pertsonalizatua emateaz eta Enplegu Planeko programa publikoak praktikan jartzeaz arduratuko da, lurraldean dauden beharrei erantzuna emateko.
Bere alderdi estrategikoan, enplegu politiken erakundearteko koordinazioaren suspertzaile-lana egingo du Lanbidek, lurraldeko toki-eragileek garapen-maila nahikorik eskaintzen ez badute. Alderdi horren barruan, lurralde-diagnosi bat ezartzeko lana du ezer baino lehen. Uneoro behar zehatzak zeintzuk diren eta horiek abian jartzeko bitartekoak zeintzuk diren jakiteko.
Edonola ere, enplegu-eskea berrabiarazteko ahaleginak Euskal Enplegu Zerbitzuaren proiektuaren bidez gauzatuko dira. Egiteko hori, beraz, oinarrizkoa da, eta era uniforme batez garatu behar da lurralde osoan, Eusko Jaurlaritzak eman behar duen azpiegitura batekin.
Pixkanakako prozesua
Lanbideren helburua gaur egun gure esku dauden baliabide ekonomikoen erabilera handiago eta hobe bat lortzea da. Hala ere, baliabide horiek Sailaren zentro laguntzaileek (200 zentro baino gehiago) kudeatzen dituzte, eta hori oztopo bat da errendimendu egokiena optimizatzeko.
Jakina denez, trantsizio garai bat izango da, non oraingo eredua (Langairen laguntzaile-sarea (33) eta orientazio-zerbitzuen sarea hartzen dituena) eta Lanbide, biak batera, egongo diren.
INEMen eskumenak eskualdatzen ez diren bitartean, Euskal Enplegu Zerbitzuak LANBIDEren bulegoak eta lankidetza-hitzarmena indarrean duten orientazio eta enplegurako zentro laguntzaileen zentroak izango ditu.
INEMen eskumenak eskualdatzen direnean, Lanbidera sartuko lirateke erakunde horrek Euskal Autonomia Erkidegoan dituen bulegoak eta lanbide heziketako zentroak.
Adostasunaren aldeko apustua
Nire agerpen honetan agerian gelditu denez, ikuspuntu honen arrakasta ezin da lortu inplikatutako administrazio guztien artan benetan lan egiten ez bada, bai beharrak aztertzerakoan, bai baliabideak, zaintza, ebaluazioa eta baliabideen etengabeko egokitzapena abian jartzerakoan. Komenigarria da adostasunerako egitura bat edukitzea; izan ere, erakundeetako eta gizarteko eragile guztien arteko etengabeko elkarrizketaren bidez lortzen da adostasun hori.
Eta horretaz ari garela, azpimarratu nahi nuke edozein enplegu-politika arrakastatsua izan dadin gizarteko eragileek duten berebiziko garrantzia. Oso zaila da adostasunera iristea horien lankidetza gabe, ekonomian duten eraginagatik eta gizartean duten ordezkaritza-mailarengatik.
Erakundearteko hitzarmenak
Onartu behar da, eta Eusko Jaurlaritzak onartzen du legebiltzarkide jaun-andreok, ez dela asko aurreratu azken urteotan politikak koordinatzerakoan; hori dela eta, Plan berri honetan politikak koordinatzeko formula pragmatikoago bat aukeratu da: erakundearteko hitzarmena. Eredu horren jatorrian bi printzipio daude:
· Erakunde eragileen autonomiaren onarpena, beren baliabideekin lan egiten duten aldetik.
· Geometria aldakorraren kontzeptua, eragileen arteko koordinazioari dagokionez, honako esparruetan:
· Lurraldea.
· Garatu beharreko jarduera politikoaren mota
· Hitzarmenean inplikatutako eragileak
· Koordinaziorako baliabidea
Konpromiso-maila handieneko Hitzarmen mota Enplegurako Proiektuek osatzen dutena da, eta proiektu horiek toki-mailan hedatzea da plan honen xedeetako bat.
Enplegurako Proiektuak dira, zalantzarik gabe, Erakundearteko Hitzarmen mota konprometitu eta eraginkorrena. Esku hartzen duten eragileek konpromiso zehatzak hartzen dituzte, proiektuak kudeatzeko sistema zorrotz batek zehaztutakoak. Eredu hori eraginkorragoa da aurrekontuen kudeaketa huts batean oinarritutako teknika klasikoak baino.
Argudio horien ildo beretik, maiatzaren 21ean Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundien eta Eudelen artean sinatutako Erakundearteko Enplegu Hitzarmena da, gure ustez, jarraitu beharreko bidea. Puntu honetan, gonbidapen zuzena egiten diot Arabako Aldundiari hitzarmena sinatu dezan. Bere garaian esan genuen bezala, Eusko Jaurlaritza eta sailburu hau hitz egiteko prest gaude beti eta nonahi, hitzarmen hau zabaltzeko, gure ustez ona izango bailitzateke arabarrentzat, Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako herritarrentzat bezala.
Enpleguaren legea.
Plan honek arau juridiko berriak aurreikusten ditu Euskal Autonomia Erkidegorako.
Horretarako oinarrizko tresna Enplegua buruzko Euskadiko Legea izango da.
Lege berria tramitatzeko prozesuan indar politikoen arteko eztabaida garatu ahal izango da, langabeziaren arazoa konpontzeari ekiteko oinarri koherente eta eraginkorrak ezartzeko, ikuspuntu moderno batetik eta gaiari buruz Europako Batzordeak eman dituen irizpide eta errekerimenduei erantzunez, beti ere bertako ikuspuntu batetik.
Gure konpromisoa, legebiltzarkide jaun-andreok, 2004an Lege egitasmoa Legebiltzarren aurkeztea da.
Planaren kudeaketa.
Eusko Jaurlaritzaren eta Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren konpromisoa da Enplegua Sustatzeko Euskal Kontseilua behin eta betiko abian jartzea. Organo hori aurreikusita zegoen 2000-2003 Erakundearteko Planean; hala ere, gizarteko eragileen ordezkaritzaren inguruko desadostasunengatik ezin izan da bildu epe horretan.
Jaurlaritzaren ustez, eta horrela dago jasota 2003-2006 Enplegu Planean, ezinbestekoa da Enplegua Sustatzeko Euskal Kontseiluaren egitasmoa berreskuratzea.
Ondorio eta laburpen gisa
Nire hitzaldiaren ondorio gisa, adierazi behar dizuet 2003-2006 Enplegu Planak berezko enplegu-politika bat diseinatzen duela, une hauetan Euskal Autonomia Erkidegoan ditugun arazoei aurre egiteko; besteak beste, langabetuak laneratzea, dauden lanpostuak egonkortzea eta lanpostu horien kalitatea hobetzea.
Horretarako 260 milioi euroko aurrekontua dago 2003-2006 denboraldirako (43 mila milioi pezeta baino gehiago).
Plan hau lau ardatz nagusitan oinarritzen da:
1.- Enplegu politikak finkatzen ditu, batez ere laneratze zaileneko giza taldeetan esku hartzeko ildo berezi eta zehatzekin.
2.- Euskal Enplegu Zerbitzu bat, Lanbide, sortzen du, Euskal Autonomia Erkidegoan enplegu-politiken aitzindaritza hartzeko xedea duena.
3.- Adostasunaren eta erakundearteko koordinazioaren aldeko apustu irmoa egiten du.
4.- Arautze juridiko berriak aurreikusten ditu, Enpleguari buruzko Euskal Legea oinarrizko tresnatzat hartuz.
Eta hori guztia egiten du Europar Batasunak emandako jarraibideekin bat etortzen den politika baten arabera, eta bere eskumen-esparruaren barruan. Eskumen-esparru hori zabaltzeari uko egin gabe, noski.
Jatorria: Joseba Azkarraga