Euskadiko Lan Sozietateen Taldearen (ASLE) batzar nagusiaren inaugurazioan, sailburuak taldeak kalitatearen kultura bere egitura osoan sartzeko egindako ahalegina nabarmendu du.
Gaur goizean, Vitoria-Gasteizen, Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak azpimarratu duenez, gero eta lehiakorragoa den merkatuaren premiei erantzuteko, beharrezkoa da enpresak kalitate osoaren kultura bere egitea.
Euskadiko Lan Sozietateen Taldearen batzar nagusian, Lan-arloko arduradunak honako hau azaldu du: ´pentsaezina da gaur egun enpresari buruz hitz egitea kalitate osoa aipatu barik; kalitate osoa lortzea modernitatea, lehiakortasuna eta gero eta desberdinagoa eta zorrotzagoa den merkatuari egokitzea da; horregatik, hain zuzen, XXI. mendeko enpresak bere baitan parte hartzen duten prozesu guztiak kalitateaz janzteko asmoa behar du´.
Solasaldian, Joseba Azkarragak ASLE taldeak kalitatearen kultura bere egitura osoan sartzeko egindako ahalegina nabarmendu du; izan ere, hori dela eta, sailburuaren esanetan, lan-sozietateen dudarik gabeko erreferente bilakatu da, Euskadin ez ezik, Estatu osoan ere. ´ASLErentzat azken ekitaldietan kalitatea helburu estrategikoa izan da, eta bada, hau da, taldearen beraren etorkizunari begirako apustu argia, eta, nola ez, taldea osatzen duten sozietateena´, gehitu du.
Bestalde, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak pertsonen kudeaketaren kalitatea negozioaren eta enpresaren planifikazio estrategikoaren funtsezko elementua dela azpimarratu du. ´Zein bideragarritasun izango luke irekia, sortzailea eta malgua izan gura duen enpresak pertsona ireki, sortzaile eta malguak oinarritzat hartu ezean?´, galdetu dio bere buruari Azkarragak.
´Kontua ez da ?ez soilik behintzat? aintzat hartzea zelan aprobetxatzen duen organizazio osoak langileen ahalmen guztia, baizik eta, era berean, Gizarte Ekonomiaren ikuspuntutik, zelan baliatzen diren etengabe langileak, jardunean, konpromisoaz, motibazioaz eta partaidetzaz´, gehitu du Azkarragak.
Ekitaldia amaitzean, Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak eskultura bat eman dio Josetxo Hernández ASLEko buruari, taldeak azken urteotan egindako lanarekiko aitormen gisa.
Jatorria: Joseba Azkarraga