Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua, Joseba Azkarraga, Herrizaingo Sailburuarekin, Javier Balza eta Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailburuarekin, Javier Madrazo, Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean izan da gaur, “Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Planaren” ildo nagusiak aurkezteko. Plan hori, “Eusko Jaurlaritzaren giza eskubideen gaineko politika” izenaz ere ezagutu liteke; izan ere, Joseba Azkarragak esan duenez, “Eusko Jaurlaritzak gizarte osoari egiten dion proposamena da”. Plana idazterakoan nazioarteko giza eskubideen aldeko erakunde ofizial zein gobernuz kanpokoen gomendioak hartu dira kontuan.

Joseba Azkarragak zehaztu duenez, planaren azpitituluak berak: “Adiskidetutako gizartea dugu helburu, biktimenganako oroimena, justizia eta giza eskubideekiko errespetua oinarri direla”, aditzera ematen duenez “gai hauek ez dute oportunismorik onartzen, eta, ezinbestean, egitura-ikuspuntu batetik landu behar dira, epe luzeari begira”.

Planaren barruan hainbat fasetan egituratutako programa dago, adiskidetzea jomugatzat hartuta. “Denak ados egongo gara memoria, justizia, eta giza eskubideak direla gure gizartearen etengabeko erronkak; erronka horiek lana beltz egitea eskatzen dute, eta ezin dira testuinguruaren arabera alboratu”, nabarmendu du sailburuak.

Azkarragak azpimarratu du Planak Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren partaidetza aktiboarekin sortu dela, eta baliagarria izan litekeela giza eskubideetan sinesten duen edozein herrialde demokratikotan aplikatzeko. Horrez gain, adierazi duenez, “ziur gaude gure herriko bizikidetzan eragiten duen makro-gatazka gainditzen lagunduko duela”.

“Politika hori bera aplikatu beharko litzateke terrorismorik edo bestelako legez kanpoko biolentziaren adierazpen dramatikorik ez egonda ere”. “Eusko Jaurlaritzak beti adierazi duen bezala, bakea biolentziarik eza baino zerbait gehiago da. Justiziazko bakean sinesten dugu, egoera politikoaren edo sueten iraunkorren aldarrikapenen mende ez dagoena”.

Hala ere, sailburuak onartu du ETA erakunde armatu terroristaren erabakia “giza eskubideen urraketen mapari buruzko diagnostikoan eragin zuzena duen datu erabakigarria dela, eta, nahitaez, nazioartean bake-prozesu eta gatazken konponbide gisa izendatzen diren egoeretan barneratzen gaituela”.

Planak aurreikusten dituen neurriak zehazten hasi aurretik, hori kokatzen den egoera politikoari datxezkion zailtasunak aipatu ditu sailburuak, “gai korapilatsu horietan adostasunak lortu eta zabaltzea zein zaila den jakinik”. Horrez gain, azpimarratu duenez, “plana irekia da” eta “egiturazkoa izan nahi du”; izan ere, epe luzeko proposamena da, giza baliabideen urraketa guztiak geldiarazi ahal izateko neurriak proposatzen dituena”.

Planaren neurriak
Bake eta Bizikidetzaren aldeko Planak, terrorismoaren biktimei buruzko jarduerez gain, oroimen historikoa berreskuratzearen, frankismoaren biktimei ordaina ematearen, eskubide zibil eta politikoen egoeraren edo, bereziki, atxilotu edo presoen inguruko eskuartzeak ere barne-hartzen ditu. “Badakigu zaila dela adostasunak lortzea azken hamarkadetan euskal eztabaida politikoaren erdian kokatu diren gaien inguruan. Horregatik, ekarpenak emateko eta adostasuna zabaltzeko irekia den lan-proposamena aurkezten du planak”.

Planaren barruan aurreikusten diren neurrien multzoan —horiek prestatzeko lanetan parte hartu dute, baita ere, Eusko Jaurlaritzako beste sailek— ardurei buruz jardun du, bere aurkezpenean, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak. Hortaz, Giza Baliabideen Zuzendaritzaren bidez, Planaren bi bloketan banatzen du Sailak bere ardura: giza eskubideen sustapenarekin eta bakerako heziketarekin loturikoa (lehen eta azken ardatzak), eta askatasun zibilen eta politikoen eta espetxeratuen egoeraren arazo zehatzetan kokatzen dena (4. eta 5. ardatzak).

Lehen ardatza giza eskubide guztien babes eta sustapenaren gainekoa da. Horri buruz, sailburuak esan duenez, “denon adostasuna bildu dezakeen abiapuntua da”. Giza eskubideak sustatu eta zabaltzeko eman behar dugun laguntza planifikatu behar dugu, nazioarteko sareekin harreman eta lotura zuzenak landuz. Elkartasun eskasa erakusten dugu gure arazoetan bakarrik pentsatzen badugu, beste batzuek nozitzen dituzten giza eskubideen urraketa gure arazoa ez balitz bezala”.

Atal horretan jarduera-ildo bikoitz bat ezarri da: giza eskubideen egitasmoak sustatzen dituen politika; gizarte-erakundeekiko solaskide zuzena izan daitekeen barneko erakunde-egitura; eta giza eskubideen erakunde egitura nazioarteko sareei irekitzea (NBEko Giza Eskubideen aldeko Goi Komisarioarekiko etengabeko lankidetzarako hitzarmenak sinatzea edo gatazkak prebenitzeko europar sarearen jarduera sustatzea).

Bestalde, azken ardatzak Jorratu beharreko bidea ezartzen du: Bake eta bizikidetzarako heziketa. Adiskidetzea. Lehen ardatzean bezala, neurriak prebentzioaren ikuspuntutik bideratzen dira, belaunaldi berriei giza eskubideek gizarte-eraikinaren oinarri gisa duten garrantzi, zentraltasun eta benetako esanahiaren kontzientzia garbiarekin hazi eta hezteko aukera emango digun egitura iraunkorra ezarriz.

Atal horrekin lotutako hainbat neurri Bake eta Bizikidetzarako Hezkuntzako Sail arteko Planaren bultzadarekin dute zerikusia. “Egituratik haratago, ardatz horren atzean adiskidetzearen aldeko lana egiteko borondatea dago, oroimena, ordaina eta justizia abiapuntutzat hartzen dituen eredu baten bidez”, adierazi du Azkarragak, eta, haren ustez “ezin da bakerako heziketarako politika eraginkorrik gauzatu ondorioak ateratzeko baliagarriak izango zaizkigun egia partzialak hitzartuz joateko gauza ez bagara, akatsak, omisioak edo gezurrezko erlatibismoak ez errepikatzeko erabaki sozial eta morala hartuz”.

“Terrorismoaren biktimen gaian urratu den bidea bakerako heziketaren inguruko politika horretan islatzen da. Oraindik zatitzen gaituzten eta errealitatea modu desberdinetan ikusarazten diguten eduki zehatzak —era berean arbuiagarriak diren eta prebentziorako eskuartzea eskatzen duten oinarrizko eskubideen urraketak ere ukatzera eramaten gaituztenak— hedatuz eta zabalduz joatea da geratzen zaigun erronka”.

4 eta 5. ardatzek, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren zuzeneko eskuartzea dutenek, Askatasunak babestea eta eskubide zibil eta politikoak berreskuratzea eta Torturaren prebentzioa eta preso eta atxilotu guztien giza eskubideen errespetua dute goiburu.

Sailburuaren arabera, “ardatz horien barruko ekimenak jartzerakoan abiapuntua zera da: Zuzenbide Estatuak ezin ditu ezarri herritarren oinarrizko bermeak betetzen ez dituzten zigor politikak, haren zilegitasuna eta handitasun morala galdu gabe”.

Bigarren bloke horretan proposatzen diren neurrien helburua hainbat arlo korapilatsu (terrorismoaren aurkako zigor-arauak edo zigor-prozesuak, alderdiei buruzko legeak, espetxe-politika edo torturaren prebentzioa) bereziki zaintzea da. Horren ildotik, Planak eskuartzerako eskema bat proposatzen du, kontrolak areagotzeko hainbat neurri proposatuz, besteak beste, zigor-legeek, zigor-prozesuen legeek edo espetxe-legeek zein kasutan diren oinarrizko giza eskubideen aurkakoak —haien testuan edo haien aplikazioan— egiaztatzen duten txosten independenteak egitea.

Horrez gain, hainbat mintegi proposatzen dira, gure lege-markoa eta praxia inguruko herrialde europarretan daudenekin konparatzeko.

ONDORIOAK

1. Bakearen eta bizikidetzaren aldeko planaren xedea adiskidetzearen alde lan egitea da, baina gehiegizko presarik gabe.

2. Epe luzeko proposamena da, giza eskubideen urraketa guztiak ezabatzeko neurriak jasotzen dituena.

3. Onespena, ordaina eta justizia jasotzeko beharrak gidatzen dute proposamena, egiturazko ikuspuntu batekin, egungo egoera oinarrizko printzipioak hautsi gabe baliatu behar dela argi ikusiz.

4. Zuen guztien ekarpenari irekita dagoen plana da; izan ere, arazo bakoitzari konponbide zuzena emateko lan gaitz horretan denon artean asmatu behar baitugu.

5. Gure erantzunak bidegabeko sufrimenduei bidezko konponbidea ematearen aldeko apustua izan behar du. Horretarako, justiziazko Bake eta Bizikidetza proposatzen du planak, legez kanpoko biolentziak murriztu eta eskubideak zabaltzeko.

Jatorria: Joseba Azkarraga