Kasu hau azken froga da, frogarik nabariena: zoritxarrez, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia organo politiko gisa finkatu da eta, PPren kontrolpean, euskal erakunde demokratikoen aurkako oposiziorako kontrabotere-lanak egiten dihardu. Epaileen gehiengo handia profesionaltasun eta erantzukizun osoz lan egiten ari den bitartean, salatu behar dugu haien gobernu-organoak epaile horien funtzioa zikintzen ari direla, interes politikoen araberako erabaki arbitrarioak hartzen dituztelako.

Eusko Legebiltzarrak proposatutako hiru hautagaiak atzera botaz Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak atzo hartutako erabakia erabateko mespretxua da proposamena egin duen erakundearentzat, nahiz eta herri-subiranotasunaren ordezkaria izan, eta horrek guztiak argi frogatzen du obeditzen dituen interesak ez direla Justiziaren funtzionamendu egokiaren aldekoak. Ez da ahaztu behar gai honi buruzko erabakia atzeratu egin zela orain dela hamabost egun inguru, oportunitate irizpideak alegatuz. Eta orain, harrigarria bada ere, ezestea erabaki da.

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko gehiengo kontserbadoreak PPtik jasotako irizpide antidemokratikoei men egin die, eta horien arabera, kosta ahala kosta ebitatu behar da EAEko Auzitegi Nagusira sartzea euskal erakunde demokratikoen aurkako jarrera argia ez duen epailerik.

Legebiltzarrak proposatutako hautagaiak atzera botatzeko erabakia ez da oinarritu irizpide tekniko eta neurtuetan —Kontseilu Nagusi horretako kalifikazio batzordeak, ordea, hala egin zuen hiru hautagai horiek onartu zituenean, urtarrilaren 25ean, eta esan zuenez, hiruko talde hori osatzen zuten epaileak “ospe handiko juristak” ziren eta “aipatutako plaza betetzeko eskatzen diren baldintzak” betetzen zituzten—; aitzitik, horren guztiaren atzean jarrera politiko hutsa dago, edo hobe esanda, alderdikeria hutsa, eta inkisizio berri horren bidez, erakundeetatik —justiziaren erakundeetatik, kasu honetan— egotzi nahi dira euskal erakunde demokratikoekin errespetuz jokatzen duten pertsona guztiak.

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak aniztasuna arbuiatzen du, eta haren funtzioa lohitu egin du, demokraziaren aurkakoa den eskuinaren interesen administratzaile hutsa bihurtzeko.

Onartezina da epaile eta magistratuen “gobernu” mailako erabakiak hartu behar dituen organoak alderdi politiko baten mesederako arrazoi politikoetan finkatzea haren jardueraren ardatza.

Botere Judizialaren Kontseiluak asteazkeneko (23-F) bileran hartutako erabakia benetako “kolpea” da inpartzialtasunaren eta independentziaren printzipioen aurka.

Ez da kasualitatea hiru hautagaiak ezestea, jakinik erabaki horrek eragin zuzena duela Eusko Legebiltzarraren Mahaiko hiru kideak epaitzeko ardura izango duen Zibileko eta Zigor arloko Salan.

Ez da kasualitatea, ezta ere, Sala horretako kide gisa lehenago izendatu den magistratua izatea —proposatutako hiruen artean— boto gutxien jaso zituena; baina, noski, boto horiek PPko ordezkarienak ziren.

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak —ez dezagun ahaztu PPk eta PSOEk haien interesen arabera diseinatu zutela erakunde hori— bizi publikoa eta politika autoritarismoz ikusten dutenei dagokien agintekeriaz jokatu du.

Horrela, baieztatu duenez, Epaileen Gobernurako organoa izan beharko litzatekeena hauteskundeak galdu dituen partiduaren tresna baino ez da, politika judiziala erabakitzeko eta politikaren judizializazioa sustatzen jarraitzeko, aspalditik salatzen ari garen bezala.

Auzitegi Nagusiak Eusko Legebiltzarraren aurka hasi duen gatazka larriak eta Legebiltzarreko Mahaiaren aurkako ondorengo kereilak aliatu egokia aurkitu dute; Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia, alegia.

Jaurlaritza honek bere elkartasuna eta sostengua helarazi nahi die auzipetu diren hiru hautetsiei —Juan María Atutxa, Gorka Knörr eta Kontxi Bilbao— eta, nahiz eta ebazpen judizialak guztiz errespetatu, bere kezka larria adierazten du Auzitegi Nagusiko Zibileko eta Zigor arloko Salak eskuin muturreko taldetxo bat hartu duelako aipatutako hiru parlamentariak auzipetzeko justifikazio gisa, epaile instruktorearen eta Estatuko fiskal nagusiaren irizpidearen aurka.

Benetan tamalgarria da Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren jokabideak sistema demokratikoaren oinarrietako baten izen ona horrela zikintzea. Botere Judizialaren independentzia eta inpartzialtasuna zalantzan jartzen dira Francisco Hernando jauna presidente duen organoak era horretako erabakiak hartzen dituenean.

Justizia demokratikoaren aurkakoak diren erabaki hauek ikusirik, adierazi behar dugu, berriz ere, Botere Judizialaren organoek herritarren aurrean duten ospe ona berreskuratzeko laguntza handia izango litzatekeela alderdi politikoen eraginetik kanpo egotea.

LABURBILDUZ:

-Gorteek EZ esan zioten Eusko Legebiltzarraren gehiengoak hartutako erabakiari.

-Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak EZ esan dio orain gehiengoak hartutako erabaki legezko eta demokratikoari.

-Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak Mahaiko hiru kideen aurkako auzia atzeko atetik ireki du berriz.

-Eta gobernu honek galdera hau plazaratzen du: Hau da PPk eta PSOEk Euskadiri egiten dioten demokraziaren eta Justizia inpartzial eta independentearen eskaintza?

Jatorria: Joseba Azkarraga