Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburu Joseba Azkarragak parte hartu du gaur arratsaldean Donostiako Kursaal jauregian izan den Manuel de Irujo Justizia sariaren bigarren banaketa ekitaldian. Sari horren bidez, pertsonek zein elkarteek Giza Eskubideen alde izandako ibilbidea saritzen du Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak.
Sariaren bigarren edizio honetan ex aequo saritu dira Juan María Bandrés, abokatu eta politikari ezaguna, eta Amnesty International erakundea. Aurreko saria, lehenengoa izan zena, ETAk eraildako José María Lidón magistratuari eman zitzaion hil ostean.
Juan María Bandrésen nortasuna eta giza eskubideen aldeko bultzatzaile gisa izandako ibilbide profesionala goraipatu zituen sailburuak bere hitzaldian. Haren biografiak jasotzen dituen ekintza ugarien artean, den-dena da Justiziaren balioen eta printzipioen babesaren adierazgarri, adierazi zuen Azkarragak.
Sailburuak gogora ekarri zuen Juan María Bandrések Francoren diktaduraren aurka egindako borroka adoretsua, eta Burgoseko Prozesuan 1970an epaitu ziren ETAko militanteei abokatu gisa eskainitako babesa. Garai hartan ez zegoena bilatzen zuen, justizia hain zuzen ere, eta konfinamenduarekin ordaindu behar izan zuen arren, ez zuen etsi justizia lortzeko konpromisoan. Horretarako sartu zen politikan, goraipatu zuen sailburuak.
Horretaz gain, nabarmendu zuen Madrilgo senatari eta parlamentariak herritar guztien oinarrizko eskubideen alde egindako apustuaren ondorioz, espetxez espetxe ibili behar izan zuela, ETA politiko militarraren amaiera ekarri zuen bergizarteratze eta negoziazio prozesurako behar zen sostengua biltzen.
Azkarragak adierazi zuenez armak bertan behera uzteko Bandrések izandako parte hartzea erabakigarria izan zen, eta elkarrizketa askoren bidez lortu zen. Hori da Juanmariren formula, beti grinaz, konbentzimenduz eta ziurtasunez erabili duen hitza, bakardadean ahoskatu behar izan arren. Oroitzapen horren haritik, bortizkeria Euskal Herritik betiko ezabatzearen aldeko desioa agertu zuen.
Bandrésen bizitza eta ibilbide politikoa birpasatzerakoan, torturaren aurka egindako lana ekarri zuen gogora Eusko Jaurlaritzako sailburuak. Horren ildotik, Joseba Arregi Madrilgo poliziaren egoitzan hil eta ordu gutxitara, Kongresuan, Calvo Soteloren inbestiduran esandakoa gogorarazi zuen: Hor zaudete zuek, torturatzaileak, eta hemen, alde honetan, torturatuak.
Manuel de Irujo sariak eskertu nahi duenaren testigantza utzi du Juan María Brandések: herritarren eskubideen errespetu zorrotza eta justizia eta ekitatearen balioen babesa, esan zuen Azkarragak.
Bandrés Amnesty Internationalekin batera, ex aequo, izan da saritua erakunde horri modu berezian saritu nahi dugu, Giza Eskubide guztien errespetua independentziaz sustatzen dituen mugimendu demokratiko eta autonomoa delako, adierazi zuen Azkarragak.
Bere hitzaldiko beste une batean Amnesty Internationalen ahalegina goraipatu zuen, mundu gizalegezkoago bat lortu nahi duten kanpainetan seriotasunez inplikatzen delako; besteak beste, Nazioarteko Auzitegi Penalari sostengu berezia emanez.
Halaber, Amnesty Internationalaren borroka azpimarratu zuen, Irakeko legez kanpoko gerra ankerrean gertatu den bezala, inork ezin du inmunitaterik izan genozidio delitua egiten badu, ezta humanitatearen aurkako zein gerrako krimenen kasuan ere.
Sari horren bidez, Eusko Jaurlaritzakook ere bat egiten dugu nazioarteko zuzenbide humanitarioaren ustezko urraketa kasuak -zibilen hilketak barne- ikertzeko Nazioarteko Ikerketa Batzorde Humanitarioa sortzeko egitasmoarekin.
Amaitzeko, Azkarragak azpimarratu zuenez Amnesty International, Juan María Bandrés eta Manuel de Irujo batzen dituena zuzenbidearen babes adoretsu hori da, gerrak sortutakoak bezalako egoera zailenetan ere aurrera eramandakoa.
Jatorria: Eusko Alkartasuna