Justizia sailburuak komunikabideei bidalitako idatzi batean agertu ditu Gil Ostoagaren heriotzari buruzko lehenengo hausnarketak. Idatzian senitartekoei dolumina agertu die, eta Estatuko instituzioei eta komunikabide batzuei ETAko presoaren eta Ruth Alonsoren aurkako giroa sortzea leporatu die.
Joseba Azkarragak idatzian azaldu duenez, Estatuko instituzioek eta komunikabideek badute erantzukizunik. Batetik, ETAko kideari hirugarren gradua eman ziotenean kontrako kanpaina gogorra bultzatu zutelako, eta, bestetik, Gil Ostoagaren eta Ruth Alonso epailearen aurkako giroa berotu zutelako gizartean. Azkarraga Justizia sailburuak doluminak bidali dizkio Gil Ostoagaren familiari, eta heriotzaren arrazoiak argitzeko beharra azpimarratu du.
Beste alde batean, gertatutakoa baloratzean, zuhurtzia aipatu dute behin eta berriro alderdi politikoetako ordezkariek. Izan ere, ikerketa polizialek emango dituzten emaitzen zain daude politikariak hausnarketa osoagoa egiteko.
Jatorria: Joseba Azkarraga