Sailburua Leonel Fernandez dominikar presidentearekin batzartuko da Aurki Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko zenbait ordezkari Joseba Azkarraga sailburua buru dutela Costa Ricara eta Dominikar Errepublikara joango dira, Erdialdeko Amerikako administrazio bietako goi mailako kargudunekin batzartzeko eta Justizia, Enplegu zein Laneko Segurtasun eta Osasunaren arloko zenbait hitzarmen sinatzeko.
Hala, Joseba Azkarragak aurreikusita dauka uztailaren 9an (igandea) Manuel Mariño ACI-AMERICAS-eko (Alianza de Cooperativa Internacional) eskualdeko zuzendariarekin batzartzea, gizarte-ekonomiarekin lotutako zenbait kontu elkarrekin aztertzeko.
Astelehenean, berriz, Costa Ricako jurisprudentziako ordezkariekin egingo du bilera; ordezkari horien buru Luis Paulino Mora Gorte Goreneko presidentea arituko delarik; eta, harekin, hain zuzen, Justizia Administrazioaren arloan lankidetzan aritzeko eta informazioa trukatzeko akordio marko bat sinatuko du EAEko sailburuak.
Egun berean, Kooperatiben Kontseilu Nazionaleko (CONACOOP) ordezkariekin ere batzartuko da. Arratsaldean, berriz, herrialdeko Laura Chinchilla andrearekin bilduko da; hura herrialdeko presidenteorde eta Justizia ministroa da.
Halaber, eta Santo Domingorantz abiatu aurretik, aurreikusita dago Francisco Morales Hernández Lan ministroarekin bilera bat egitea, asteartean, eta bi herrialdeek etorkizunean gizarte-ekonomiaren arloan sina zitzaketen akordioak izango dituzte hizpide.
Behin Dominikar Errepublikako hiriburuan, asteazkenean, herrialde horretako prokuradore nagusiak eta Joseba Azkarragak lankidetza-protokoloa betearazteko plana izenpetuko dute; berori 2005eko urtarrilean Justizia sailburuak eta Brito Dominikar Errepublikako prokuradoreak sinatu zuten, gazte-justizia, auzitegiko medikuntza eta biktimarentzako laguntza lantze aldera. Ekitaldi horren ondoren, sailburuak aurreikusita dauka Gizarte Ekonomiari buruzko hitzaldi bat ematea, Fundación Global Democracia y Desarrollo izeneko fundazioan.
Ostegunean, Euskal Autonomia Erkidegoko ordezkariak Leonel Fernández Dominikar Errepublikako presidentearekin elkartuko dira, eta, bilkura hori burutu ostean, José R. Fadul Fadul Lan ministroarekin. Topaketa horretan bi lankidetza protokolo sinatuko dituzte: bat Enpleguari buruzkoa, eta bestea Laneko Osasun eta Segurtasunari buruzkoa. Arratsaldean, Joseba Azkarragak Santo Domingoko Unibertsitate Autonomoan hitzaldi bat emango du, Bakearen atarian izenburupean.
Ostiralean, hilak 14, Euskal Herrirako bidea hartuko dute berriro.
Jatorria: Joseba Azkarraga