Aurtengo René Cassin saria berriki zendu den eta arrazakeriaren aurkako militantea izan den Koro Erdoziari eman zaiola iragarri du sailburuak Giza Eskubideak errespetatu eta zaintzeko beharrari buruzko kanpaina, bere ardurapeko sailak sustatutakoa, aurkeztu du gaur goizean, Gasteizen Joseba Azkarragak, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak. Azken sei urteetan gertatu den bezala, datorren abenduaren 10ean izango den Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren urteurrenaren inguruan egingo da kanpaina. Iza ere, aurten 56 urte beteko dira Deklarazio hori aldarrikatu zenetik.
Sailburuak, Justizia sailburuorde Esther Larrañagarekin eta Giza Eskubideen zuzendari Txema Urkijorekin egindako agerraldian azpimarratu zuenez, egun, onartu zenetik berrogeita hamar urte baino gehiago igaro direnean, testu haren balioak guztiz indarrean dirau, zoritxarrez gizakiaren eskubide oinarrizkoenak urratzen jarraitzen diren mundu honetan, non milioika gizakik jarraitzen duten bortizkeriaren erremedio gabeko ondorioak pairatzen. Gizabanakoek, etniek, taldeek, herriek eta nazio osoek nozitzen dituzte gerraren injustiziak, terrorismoaren sarraskiak, diktadurak, hilketak eta genozidioak.
Pertsonek eta herriek bakean bizitzeko duten borondatea gaineratu zuen sistematikoki mespretxatua da, eta zuzena zer denaren kontzeptua aldatu egiten da, talde armatuek eta botere politiko, militar edo ekonomikoek interes zilegitzat dutenari egokitzeko. Zoritxarrez hemen, Euskadin, behar baino denbora luzeagoan izan dugu horren berri. Izan ere, denbora hori ez da nahikoa izan ETA erakundeak behin betiko uko egiteko gure herrian samina eta sufrimendua sortzeari, azpimarratu zuen.
Munduan egiten diren oinarrizko giza eskubideen urraketa horiek eta beste batzuk aipatu zituen sailburuak, eta besteen artean, terrorismoaren kontrako gerra delakoaren izenean egiten direnak ekarri zituen gogora: guerra horrek milaka pertsonarengan izan du eragina, legez kontrako atxiloketen, bermerik gabeko epaiketen eta torturen erabileraren bitartez, munduan zehar dauden eta ahaztuta dauzkagun beste gatazka batzuetan egindakoak ahaztu gabe. Horretaz gainera, gogora ekarri zituen exekutatuak eta heriotz-zigorraren pean dauden pertsonak, iaz erasotu edo mehatxatutako kazetariak eta 2004 urteko hilabeteotan hilik edo espetxeraturik suertatu direnak. Era berean, etxeko biolentziaren eta tratu txarren biktimak aipatu zituen, baita gosea nozitzen duten miloika gizakiak, edo lekualdaturik edo errefuxiaturik daudenak edo SIDA dutenak ere.
Baieztatu zuenez, kopuru horiek, guzti-guztiak onartezinak dira guretzat, eta ezin dugu horretan etsi. Bakea lortzeko Guztion ahalegin horretarako denok laguntzeko gai izan behar dugu. Bake hori bortizkeriarik eza baino zerbait gehaigo izan behar da, politika-, gizarte-, ekonomia- eta kultura- eskubideez osatutako oinarrien gainean, eta gizarte justiziatik eta pertsonen eta herrien duintasunetik abiatuta, adierazi zuen.
Egun aurkeztutako kanpaina iazko maiatzean izandako Bakerako Giza Eskubidearen aldeko Nazioarteko Lehen Biltzarretik ateratako ondorioetako bat izan da. Lan eta Gizarte Segurantza Sailak antolatutako Biltzar horretan gai horren inguruko nazioarteko aditu nagusiek parte hartu zuten. Bertan jasotzen da Azkarragaren ustez oinarrizkoa den zerbait, alegia, bakerako giza eskubidearen aldeko borroka, eta horrek esan nahi duen eta dakarren guztia, gure bizitzen parte izan dela beti; eta itxura eta ikur desberdinen bitartez, eboluzio paraleloa izan du azkenaldiko gure historiaren eboluzioarekin. Horretaz gainera, gure gizartearen leitmotiva da, eta ez zerbait abstrakto edo inpertsonala; aitzitik, ia beti anonimoak, baina ezinbestekoak diren hainbat herritarren ahalegin eta konpromisoaz osatzen da.
Kanpaina telebistako iragarki batek osatzen du. Bertan, aurreko hiru hamarkadetako historiako hainbat uneri buruzko irudien gainean, BAKEA hitza agertzen da hogeita hamar hizkuntzatan, eta amaieran gurean: BAKEA. Ez da adierazi zuen Azkarragak begirada nostalgiko bat, ezta porroten katalogoa ere, jarraikortasunaren lekukotza baizik; belaunaldiz belaunaldi, gaur arte, etenik gabe trasmititu den lekukoa. Izan ere, jakitun gara, eta onartu behar dugu, bakearen eraikina gorago iritsi dadin, lehendik beste batzuek askotan, izerdiz, odolez eta negarrez eraiki zutenaren gainean eraiki behar dugu.
Iragarkiaz gainera, beste irudi grafiko bat ere egongo da, prentsan eta kartelen bidez zabalduko dena. Irudi horretan, telebistako iragarkian agertzen zenaren ordez, mundu osoan ezagunak diren hainbat ikur bakeari erreferentzia egiten diotenak, eta bakearen eta giza eskubideen aldeko borrokaren sinbolo direnak agertuko dira.
Ekimena azaroaren 30ean hasiko da, eta abenduaren 10ean, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean, amaituko da. Sailburuak berak iragarri zuenez, egun horretan Eusko Jaurlaritzaren adierazpen bat irakurriko da.
Azkarraga komunikabideen aurreko agerraldiaz baliatu zen Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak iaz sortutako René Cassin saria aurten nori emango zaion jakinarazteko. Sariaren xedea pertsona edo talde batek Giza Eskubideen alde egindako lana saritzea da. Sariaren lehen ekitaldian prostituten eskubideen aldeko Hetaria elkartea izan zen saritua. Aurten, berriz, berriki joan zaigun Koro Erdoziari egokitu zaio, arrazakeriaren aurkako militante eta immigranteen eskubideen defendatzaileari. Erdoziak Gipuzkoako SOS Arrazakeria elkarteren barruan garatu du bere jarduna. Saria abenduaren 14an emango da.
Jatorria: Joseba Azkarraga