Juanito Oiarzabal mendizalea buru izango duen giza eskubideen aldeko ´Ama Dablam 2004´ euskal espedizioa aurkeztu du gaur, Vitoria-Gasteizen, Joseba Azkarragak, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak.
Azkarragak gidatzen duen Saileko Giza Eskubideen Zuzendaritzak sustatutako proiektu horren xedea Nazio Batuen Erakundeak aldarrikatutako Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren bi eskuizkribu eramatea da, euskaraz eta nepaleraz idatziak. Lehen eskuizkribua Ama Dablam-en geratuko da, sherpen mendi sakratuan, eta bigarrena Tyanboche Monasterioan, Nepaleko budismoaren gune garrantzitsuenean.
Horretaz gainera, sailburuaren ustez, ekimen horretan ´egungo egoeran ekidinezina´ den elkartasun-keinua egin nahi izan da. Hala, Madrilen martxoaren 11n izandako biktima guztien omenezko plaka eramango du espedizioak, bortizkeriaren zentzugabekeriak deuseztatutako familia guztiekiko elkartasunaren adierazgarri´. Plaka hori ere Tyanbocheko Monasterioan utziko da.
Asteburu honetan bertan abian jarriko den espedizioaren aurkezpenean izan dira, Azkarraga sailburuaz gainera, Giza Eskubideen zuzendari Txema Urkijo eta espedizioko kideetako batzuk, besteak beste, Oiarzabal bera eta Eneko Pou, Alberto Zerain eta Juanra Madariaga alpinistak.
Azkarraga sailburuak bere hitzaldian gogorarazi zuenez ´pertsona guztien giza eskubide guztien babesa Eusko Jaurlaritzaren oinarrizko lehentasunetako bat da, izan da eta izango da?, eta oinarrizko eskubide horien artean ´lehenengoa bizitzeko eskubidea da´. Horretaz gainera, ondokoa adierazi zuen: ´ezin da ezer eraiki biktimei bizkarra emanez; ezin da elkarbizitzako proiektu bat eraiki bortizkeria guztietako biktima guztiak kontuan hartu gabe´, izan ere ´hipokresian, koldarkerian eta norberekerian oinarritutako etxea izango litzateke hori´. Hala Euskal Herrian nola munduko beste edozein lekutan.
Testuinguru horretan kokatu zuen ´Ama Dablam 2004´ espedizioa, euskaldunokin lotura haundia duten bi kontzeptu elkartu nahi izan dituena: mendia eta giza eskubideen errespetua. Biak ala biak, sailburuaren ustez, zailtasun handiko erronkak dira, baina horiek gaindituz gero, egindako ahalegin guztiek zentzua izango dute.
Ekimenak helburu bikoitza dauka, Azkarragak adierazi zuenez: batetik, ´munduari erakutsi eta jakinarazi nahi diogu Euskal Herri gisa, eta, zoritxarrez, gizabanakoen zein taldeen giza eskubideak errespetatzen ez diren erkidego bateko herritarrak bezala, prest gaudela gure indar guztiekin borrokatzeko eskubide horiek lortzeko. Beti ere bide baketsu eta demokratikoak erabiliz. Eskubide guztiak guztiontzat, hemen´. Bestetik, ´Euskal Herriaren egiazko aurpegia erakutsi nahi diogu munduari, benetan den bezalakoa: guk bezala, gizabanako edo herri gisa, askatasunen murrizketa nozitzen duten beste herriekiko solidarioa. Eskubide guztiak guztiontzat, edonon´, esan zuen amaitzeko.
Jatorria: Joseba Azkarraga