Agirrezabalak Legebiltzarra euskal gizartearen gehiengoaren borondatearen benetako isla izan dadin lan egiteko konpromisoa adierazi du. EAk ez du onartuko krisi ekonomikoa aitzakia gisa erabiltzea Ongizate Estatuko oinarrizko eskubide sozialak murrizteko, ohartarazi du.
Juanjo Agirrezabala EAko bozeramailea da gaurdanik Eusko Legebiltzarrean, Jesus Mari Larrazabalek osasun arazoak direla medio utzitako kargua hartu ondoren. Legebiltzarkide-txartela aurkeztu eta gero egindako prentsaurrekoan, Agirrezabalak PSEk eta PPk Legebiltzarrean egun inposatzen duten gehiengo artifiziala gainditu beharra nabarmendu du, eta horren alde lan egiteko konpromisoa hartu ere bai, “hurrengo Legebiltzarra euskal gizartearen gehiengoaren borondatearen benetako isla izan dadin, legebiltzar abertzale eta independentista izan dadin”.
Agirrezabalak adierazi duenez, “Euskal Herrian itxaropena piztu da eta bakea eta normalizazio politikoa lortzea inoiz baino hurbilago dagoela dirudi. Eusko Alkartasunak eta ezker abertzaleak sinatutako akordioak sekulako ikusmina sortu du, beste edozein ekimen politikok baino askoz gehiago, eta itxaropena eta ilusioa piztu ditu euskal gizartean, euskal Estatu independentea lortzeko bide soilik politikoak, demokratikoak eta baketsuak erabiltzearen aldeko apustu garbia egiten baitu”.
Halaber, EAko legebiltzarkide berriak eraikuntza sozialaren alde lan egitearen garrantzia azpimarratu du, are gehiago oraingoa bezalako krisi egoera batean. Horregatik, iragarri du, “EA ezkerreko alderdia izanik, alderdi sozialdemokrata eta aurrerakoia izanik, Ongizate Estatuaren eta gizartearen eskubideen aldeko apustu eta defentsa irmoa egingo dugu. Batzuek krisi ekonomikoa aitzakia gisa erabili nahi dute oinarrizko eskubide sozialak murrizteko, baina argi eta garbi eduki behar dute Eusko Alkartasuna aurrez aurre izango dutela. Ez dugu onartuko, krisi ekonomikoari aurre egiteko, Ongizate Estatuan murrizketak egitea. Defentsa hori funtsezkoa izango da, orain arte izan den bezalaxe, EAren jarduera parlamentarioan. Gure eginkizuna euskal herritarren eguneroko arazoak konpontzea da, gizarte justuago eta solidarioago bat eraikitzea, eskubide sozialak eta pertsona guztien arteko baldintza berdintasuna bermatzen”.
Jatorria: Eusko Alkartasuna