Juan Jose Martinez Leunda.
Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko Giza Eskubideen zuzendaria Joan den abenduaren 10ean, Parisko Giza Eskubideen
Deklarazio Unibertsalaren 53. urtemuga ospatu genuen Parisko Chaillot jauregian,
Nazio Batuen Batzar Nagusiak egun horretan onartu baitzituen, 1948an, eta, harrezkero,
data hori Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna bilakatu da eta.
Eusko Jaurlaritzak, 1998ko abenduaren 10etik
aurrera beste aukera batzuetan egin duen lez, deklarazio instituzionala egin
zuen, Lehendakariaren eta Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren
bitartez. Bertan, gizartearen aurrean duen arduraz jabeturik, «bere erabateko
atxikimendua» adierazi zuen, eta «bere konpromisoa» berretsi,
«Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalekiko, eta gai beraren inguruan
sinatutako nazioarteko itun eta hitzarmenekiko». Orobat, agerian utzi
zuen «XX. mendearen paradoxa eta kontraesana; izan ere, gure gizartearen
ustez, Giza Eskubideen Mendea» da, baita «zientzia eta teknologiaren
garapen handieneko garaia» ere, baina, ez dugu ahaztu behar
«genozidio kezkagarriak eta egoera arbuiagarriak geratu dira ehun urte
horietan, planeta honetako herri eta jende askorentzat».
Ideia horiekin batera, beste zenbait azaltzen
dira: Deklarazioa indarrean dagoela; Deklarazioan jasotako eskubideen nazioarteko
bihurtzeko prozesua; benetan Askatasuna/Segurtasuna bikotearen oreka egokia
babestu nahi badugu, nazioarteko komunitateak gai horren gainean hartu beharreko
erronka berriak; eta Bakea eta herrien garapen ekonomikoa eta soziala lortzeko
behar diren baliabide guztiak handitu beharra.
Gainera, Euskadin, non bizitzarako, askatasunerako
eta segurtasunerako eskubideak etengabe urratzen baitira, horren aurrean, «Giza
eskubide guztiak guztiontzat, bizitza eskubidetik hasiz» dioen deklarazioaren
balio unibertsala berretsi egiten dugu, eta berriro ere agertzen gara biktima
guztiengandik gertu. Hala, aipatutako Deklarazio Instituzionalarekin batera,
aurreko urteetan bezala, kanpaina instituzionala martxan jarri dugu, Deklarazioaren
eta nazioarteko itunen eta hitzarmenen balioak defendatzen laguntzeko, eta,
aldi berean, Askatasunaz, Justiziaz eta Bakeaz egin beharreko eztabaida bultzatzeko.
Askatasunaren, Justiziaren eta Bakearen funtsa
giza eskubide guztiak defendatzea da, ez besterik, eta hori egiteko bidea hauxe:
nortasun, sentimendu eta ideal desberdinak errespetatzea, berdintasunean errespetatu
ere; izan ere, estatuen biolentzia estrukturala dela-eta biolentzia eta bizitzarako,
askatasunerako eta segurtasunerako eskubideen urraketa zilegitzat jotzeak Deklarazioaren
eta gainerako nazioarteko Itunen balioen aurreko garaira eramaten gaitu historikoki.
Giza Eskubideek norbanakoenak zein taldekoak,
denak mundu osorako sortuak dialektikarik zorrotzenaren aurrean jartzen
gaituzte, alegia: norbera eta bestearen dialektika. Era berean, ari eta garbi
erakusten digute aldi berean berdinak eta ezberdinak garela, eta, horregatik,
hain zuzen, esan dezakegu giza eskubideak ez direla herri guztien izendatzaile
komunetako txikiena baizik eta, gizakiaren alde «menderaezina»,
hau da, denok batera giza komunitatea osatzen dugula esatea ahalbidetzen diguten
balioen muina.
Euskadin, 53 urtetan bi sistema politiko ezagutu
dugu. 1977ko ekainaren 15a arte, frankismoaren erregimen diktatoriala. Hura
historiara pasatu da Franklin D. Roosevelt-ek 1941eko urtarrilean egindako diskurtsoaren
eskubideak eta askatasunak beharrari eta beldurrari aurre egiteko, hitz
egiteko eta pentsatzeko askatasuna, eta erlijio-askatasuna ukatzen zituen
sistema politikoa bezala. Eta ez ahaztu Rooseveletena Deklarazio Unibertsalaren
aurrekaritzat dugula.
Bestalde, 1977az geroztik gaur egun arte, askatasun
formalen erregimen bat ezagutu dugu; hala, Deklarazioan jaso bezala, erregimen
horretan zuzenbide-erregimen batek babestu behar ditu giza eskubideak, eta demokraziaren
eskasiak egonda ere, eta estatuak biolentzia erabilita ere, inola ere ez dira
zilegi defendatzen omen diren eskubideak urratzen dituzten prozedurak eta ekintzak.
Honaino helduta, merezi du Giza Eskubideek historian
izandako bilakaera gogoratzea: 1526ko Bizkaiko Forua; protestantismoaren borroka
politikoak; XVI: eta XVII. mendeetako erlijio-askatasuna; eta arlo politikoan
eta konstituzionalean, 1628ko Petition Of Rights, 1679ko Habeas Corpus akta
eta 1689ko Declaration of Rights, 1776ko Virginia Herriaren Eskubideen Deklarazioa
eta 1789ko Gizonaren eta Herritarraren Eskubideen Frantziako Deklarazioa, aurten
LIII urtemugara heldu den aurreneko deklarazio unibertsala, 1948koa.
Bada, azken hori jauzi kualitatiboa izan da,
gizakiaren berezko duintasuna eta pertsona guztien arteko berdintasuna aitortzean,
ideia honetan oinarriturik: bizi zarenez, norbanakoaren eskubideen subjektua
zara, eta bizirik zaudenez eskubide horiek balia ditzakezu, herri baten partaidea
zaren aldetik. Edozein eskubide defendatzea zilegi da (baita lanean segurtasun
neurriak eta baldintzak exijitzearena ere), eta zilegitasun horrek berarekin
batera dakar aurrerapen soziala bultzatzea eta bizitza-maila hobetzea, hori
guztia askatasunaren kontzeptu handiago baten barruan, zeinak, azken finean,
ahalbidetzen baitu herriak justizian oinarritutako Bakean bizitzea.
Horrela uler daiteke zelan erakundeen kanpainan
bizitzarako, askatasunerako, segurtasunerako eta gizakiaren aurkako tratuak
eta tratu iraingarriak ez nozitzeko eskubideez gain, beste batzuk sartu ditugun,
esaterako: askatasunez joan-etortzeko eskubidea, eta duintasunez, bizitzeko
behar diren baliabide guztiez, bizitzeko eskubidea. Halaber, ezin ahaztu herritar
ororen bakean bizitzeko eskubidea lortzeko bide bakarra dagoela: elkarrizketa,
errespetua, demokrazia eta biolentziarik eza.
Hona helduta, bueltatu behar dugu Askatasunaren
funtsera, Justizia eta Bakera; ezinbestekoa da, beraz, giza eskubide guztiak
mundu osorako direla eta elkarren baitan daudela aipatzea.
Kanpaina kritikatzen dutenek gauza bat ahazten
dute euren aldarrikapenetan: Giza Eskubideen garapenaren funtsezko elementua
eta esangura, nazioarteko itun eta hitzarmenen bidez azaldua, batez ere Giza
Eskubideen Mundu Mailako Biltzarraz geroztik, hau da, Vienako 1993ko Deklarazioa
eta Jarduera Programatik.
Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalean bertan
taldeko eskubideak bermatzen direla ikus dezakegu: (18. art.) pentsamendu-kontzientzia
eta erlijio-askatasunerako eskubidea ; bakarka nahiz taldean; (20. art.) elkartzeko
eskubidea taldeko eskubidea da, argi eta garbi, eta taldean egiten da; (23.
art.) sindikatuetan elkartzeko eskubidea. Honez gain, Nazio Batuen Agiriko artikuluetan
eta nazioarteko hitzarmenetan, eskubide zibilei, politikoei, ekonomikoei, sozialei
eta kulturalei buruzkoetan, herri guztiek determinazio askerako duten eskubidea
bermatzen da, eta baita taldeko beste hainbat eskubide ere, baina luzeegi joko
luke denak aipatzeak.
Taldeko eskubideak badaudela ez onartzea, defendatu
ezin daitekeen arkaismoa da, eta horri eman ahal zaion azalpen bakarra fundamentalismo
neoliberaletik hurbil dago. Ez onartze hori Euskal Herrian bizi ditugun arazo
askoren jatorria da, eta elkarrizketa eta kooperazioaren bidez (Vienako Deklarazioa)
konpondu beharko da.
Halaber, gatazka politikoa onartzen ez dela eta,
bakerako bidea, euskal gizartearen gehiengoaren nahia kontuan izanik, elkarrizketa,
negoziazioa eta akordioak direla esan, horrekin batera, biolentzia justifikatzeak
ezjakintasuna edo fede txarra erakusten du.
Ezjakintasuna dela pentsatu nahi dudanez, batzuei
zein besteei hau esan nahi diet: ez justifikatu biolentzia, eta defendatu ideia
hau: Giza Eskubide guztiak guztiontzat, bizitza eskubidetik hasita. Bestela,
mina eta sufrimendua justifikatu baino ez dute egingo eta defendatzen duten
guztia ez-zilegi bihurtuko dute, kalte egingo baitiote.
Irakur ezazue arretaz Konstituzioko 10.2 artikulua,
zeinaren arabera, arauak interpretatu behar baitira Giza Eskubideen Deklarazioan
eta balio osoz sinatutako Nazioarteko Hitzarmenetan eta Itunetan ezarritakoari
jarraiki, hori baita bide bakarra kanpaina instituzional honek ezarritako norabidean
aurrera egiteko:
Bizitzarik gabe, askatasunik
ez. Bakerik gabe, askatasunik ez: Giza eskubide guztiak guztiontzat.
Jatorria: Eusko Alkartasuna