Justizia, Lan eta Gizarte sailburu Joseba Azkarragak Soldatapeko Akziodunen Europako Federakuntzaren IV. Batzarra inauguratu du, gaur, Bilbon
Bere hitzaldian Azkarragak eskerrak eman zizkien parte hartzaileei, batzarra egiteko Euskadira etortzeagatik, eta bere poza azaldu zuen ´hemen ospatzen delako, kooperatibek eta lan-sozietateek berebiziko garrantzia duten herrialde honetan´. Adierazi zuenez, ´batzarra aukera ezin hobea da Europan aitzindariak diren partaidetutako enpresen esperientzia eta egitateetatik ikasteko, partaidetza sustatzeko estrategietan sakontzeko (bereziki prestakuntza-arloan), eta Euskadiko errealitatea nazioartean ezagutarazteko´.
Sailburuaren iritziz, ´langileen partaidetza enpresetan erraztea, azken finean, haiek bizi diren lurraldearekiko lotura erraztea da, eta ondorioz, proiektuak epe luzean jartzen laguntzea, enpresa eta langileen arteko uztardura sustatuz.
Azkarragak parte hartzaileei jakinarazi zienez, ´Eusko Jaurlaritzaren helburu estrategikoetako bat enpleguaren kalitatea sustatzea da, eta ildo horretatik, langileen partaidetza ardatzetako bat dela uste dugu´. Horren haritik, Gasteizko Gobernuaren programaren konpromisoetako bat gogorarazi zuen: ´langileen adostasuna eta partaidetza oinarritzat hartuko duen enpresa sustatzea´. ´Gure ustez, partaidetzak zera esan nahi du langilearentzat: ekimena, autonomia, ardura, motibazioa, onarpena eta erabakitasuna´, esan zuen Azkarragak; eta erantsi zuenez, enpresariarentzat, ´enpresa-proiektua elkarbanatzea´ -edozein gradutan dela ere, garrantzitsuena prozesuari ekitea baita- lehiakortasuna da, eta enpresaren ondare nagusia (langileak) ziurtatzea´. ´Ezin dugu ukatu -azpimarratu zuen- baliabide ´sozialei´ lehentasuna ematea, finantzarioen edo bestelakoen aurretik, langile kualifikatuei eusteko lagungarria dela, eta horiek dira balio handiena ematen dutenak´.
Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren hitzetan, ´denbora nahikoa pasatu da taylorismoaren eta toyotismoaren artean, eta gaur egun enpresen antolakuntza ulertzeko modu desberdinei tokia egin diezaiekegu, eta zehazkiago, langileek enpresan duten papera berritu dezakegu. Baina, erresistentziak gorabehera, argi dago erabakiak banatzearen aldeko joera dagoela´. Baita ere, nabarmendu zuenez ´enpresaren ardura soziala inposatzen ari da pixkanaka, eta ardura horrek ere joera berbera erakusten du, giza kapitalean gehiago inbertitzea baitu oinarri. Gainera, ardura sozial horrek, daukan barne-dimentsioa dela medio, eragin zuzena dauka langileengan, haien partaidetzan. Horren ildotik, bereziki aipagarriak dira mozkinen eta jabetzaren partaidetza-eskemen inguruan egindako entseguak.
Azkarragak berretsi egin zuen bere Sailak ´partaidetzaren politikaren´ alde egiten duen ´apustua´. ´Ondo dakigu edozein kultura-aldaketak berekin dakartzala zailtasunak eta oztopoak, baina gure ustez, horrek ezin digu urratsak ematea eragotzi´, azpimarratu zuen. Hala, adierazi zuenez, euskal enpresetan partaidetza-gradu progresiboak ezartzen laguntzen ari da hiru urtetan, bereziki enpresa arruntetan (kooperatiba edo lan-sozietate ez direnetan). Horretarako, diagnostikoak eta partaidetza planak sustatzen ari dira euskal enpresa jakin batzuetan, ikerketa aplikatuak alde batera utzi gabe, eta kooperatiba eta lan-sozietateetan partaidetza-mailak hobetzeko beharra ere kontuan harturik´.
Jarduera horren emaitzetako bat aipatu zuen Azkarragak: bi motetako organizazioak EFESetan antolatzea (ASLE eta MCC) eta programa mota horiek sustatzen dituzten Europako sareekin lotzea, Europako politiketan emandako jarraibideekin bat etorriz. ´Esperientzien trukeak, organizazioen elkarrezagutza eta harreman progresiboak lortu nahi dira, onuragarriak izango baitira, zalantzarik gabe, bazkide guztientzat´. ´Hala ere, -sailburuaren ustez- helburua ez da kapitalismo popularra deitutakoa sustatzea, partaidetzat duen enpresan langileari bere proiektu pertsonala garatzen laguntzea baizik, horretarako ahalik eta partaidetza gradurik handiena emanez.
Sailburuak aurreratu zuenez, lortu nahi dena zera da: alde batetik ´gure enpresa eta gizarte-moduekin bat datorren berezko eredu bat bilatzea, gure herrian oso errotuta dauden betiko eredu juridikoez (kooperatibez eta lan sozietateez) gainera´, eta, bestalde, ´eredu hori, batez ere, ondorengotza kasuetan aplikatzea, horietan baitu aplikagarritasunik handiena´.
Jatorria: Joseba Azkarraga