Azkarraga sailburuak 2003-2006 Plan zuzentzailea aurkeztu du: prebentzioaren paperari buruzko kultura-aldaketa lortzea du ardatz nagusia. Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburu Joseba Azkarragak gaur egindako prentsaurrekoan 2003-2006 Laneko Segurtasun eta Osasuneko Plan zuzentzailea aurkeztu du. Plana aitzindaria eta asmo handikoa dela azpimarratu du, bere esanetan euskal herritarren lan-kalitatea hobetzeko tresna erabilgarria izan nahi duelako, Autonomia Erkidegoa laneko arriskuen prebentziorako kultura eta praktika hobeak direla medio, Europako erreferente bihurtu arte.
Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzak landu eta atzo Gobernu Kontseiluak onartu zuen Plan honen ardatza prebentzioaren paperari buruzko kultura-aldaketa bilatzea da: Arriskuaren prebentziorako kultura finkatu nahi dugu, tresna politikoak legea, gizarte-elkarrizketa, ekonomia-pizgarriak, etab. eta segurtasun eta osasun eremuan diharduten eragile guztiekiko lankidetza elkartuta, gaineratu du Joseba Azkarragak.
Planaren azken helburua 2003-2006 denboraldian 4,5 puntuko batez besteko murrizketa lortzea da, 73,65eko intzidentzia-indizetik (lanaldian gertatu eta baja eragin duten istripu-kopurua 1.000 langileko) 69,15ekora pasatzea alegia. Hala eta guztiz ere, Lan sailburuak honakoa zehaztu nahi izan du: istripuei eta gizakien bizitzei buruz ari garenez, kopuru zehatzak ezin ditugu helburu izan; hala ere, 2002an gure Sailaren aurre egiteko planak babestutako enpresen datu itxaropentsuak adierazgarriak dira: istripuen ondoriozko hildakoen kopurua %60 murriztu zen oro har, eta Plan honek barne hartuta ez dauden enpresetan, ordea, murrizketa orokor hori hutsala izan da.
Ildo beretik, Joseba Azkarragak azpimarratu du urte honetan zehar, Planak Autonomia Erkidegoko biztanleria aktiboaren heren bat eta besteren konturako langileen ia erdiak barne hartzea aurreikusten duela.
Plan zuzentzaileak biltzen dituen proiektu guztiak gauzatu ahal izateko, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak urtean 12 milioi euro bideratuko ditu ezbeharren prebentziorako eta aurre egiteko politiketarako, hau da, urtero partida hau 3 milioiz areagotuko da gaur egungo aurrekontuaren %33, alegia-. Aurrekontu-igoera honekin batera 27 langile berri hartuko ditugu, gehienak Medikuntza tituludun teknikariak, segurtasun, higiene eta ergonomia teknikariak, eta laneko arriskuen prebentzio-teknikariak gaineratu du Azkarragak.
Alabaina, prebentzioaren jardunari lotutako jarduera Euskadin hainbat administrazio publikotan banatuta egotea zuzendu beharreko oztopoa da. Arlo honetan, hain zuzen ere, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak datozen urteotan lan eraginkorra egin nahi du, batez ere Lan Ikuskaritzarekiko lankidetzaren bidez, zehaztu du Joseba Azkarragak.
LAN-IKUSKARITZA
Sailburuak aipatu dituen 27 langiletatik hamarrek Administrazio publiko eta kooperatibetarako Lan Ikuskaritzan jardungo dute; eremu honetan EAEk eskumen esklusiboa du. Zerbitzu berri honek 1.500 lantoki inguruko laneko segurtasun eta osasunaren inguruko kontrola ahalbidetuko du: ikastetxe-sarekoak, osasun-zentroak, Justizia-jauregiak, Ertzaintza-etxeak, Udaletxeak, eta Eusko Jaurlaritzaren eta Foru Aldundien menpeko lantokiak, adierazi du Joseba Azkarragak, eta Estatutuan jasotako Ikuskaritzari buruzko eskumenak berriro ere eskatu ditu: nekez izango gara eraginkorragoak ezbeharrei aurre egiteko, funtsezko tresna hori ez badugu, esan du.
Ikuskari-kidego berria sortzeaz gain, Planak beste helburu hauek ere baditu: prestakuntza espezializatua eta prebentzio-delegatuen kopurua areagotzea, osasunaren zaintza bultzatzea, produkzio-zentroetako bisitak gehitzea eta Ikerketa eta Garapen proiektuak sustatzea.
JARDUN-ILDOAK
Joseba Azkarragak adierazitakoaren arabera, Planak lau ekintza-arlo estrategiko proposatzen ditu: bere esanetan, ekintza honek bi oinarrizko zutabe ditu: ezbeharren behaketa eta ikerketa, eta komunikazioa, prebentziorako kultura zabaltzeko baliabidetzat hartuta.
Lehen arloa gizarte kultura eta kontzientziazkoari lotuta dago. Horri dagokionez, Planak Unibertsitatearekin hitzarmenak sinatzea ezartzen du, laneko arriskuen prebentzioari buruzko ikastaroak antolatu eta emateko, bai eta LHko ikastetxeekin ere, hainbat titulaziotan Laneko Arriskuen Prebentzioa berariazko irakasgai gisa txertatzeko. Halaber, Hezkuntza Sailarekin akordioak lortzea proposatzen du, derrigorrezko hezkuntzan prebentziorako kultura zabaltzeko planak abiarazteko.
Prestakuntza eta trebakuntza arloan, planak LAPeko goi mailako teknikari titulua eta Laneko Segurtasun eta Osasuneko katedra sortzea aurreikusten du.
Hirugarren arloak hainbat eremutan egin beharreko prebentzioa eta kontrolarekin du zerikusia, hala nola: prebentzio-zerbitzuen jarduerak, enpresen legez kanpoko eskulan-lagapena, ABLEek zerbitzura jarritako langileen osasunari buruzko prebentzioa eta zaintza. Horrez gain, Administrazioarekin kontratuak sinatzeko debekua zigortzat duten enpresen erregistroa sortzea ezartzen du eta ezbeharren aurkako borrokan, gertakizun arruntetan, osasun-zaintzan eta prebentzio-zerbitzuetan mutuek duten papera definitzea.
Laugarrenik, eta enpresa eremuan prebentzioaren txertaketa-arloaren barruan legezko erantzukizun eta betebeharrei buruzko oinarrizko informazio-kanpaina ETE eta mikroeteetan, eta Administrazioak bere kontratisten artean duen eragile aitzindariaren papera sustatuko da. Administrazioak eredu-funtzioa bete behar du eta horretarako Administrazioarekin kontratuak egiteko baldintza-pleguaren eredu bat idaztea sustatuko dugu. Plegu horrek, LAPen inguruko legezko betebeharrak betetzea ez ezik, praktika hobeak eta ezbehar-tasa txikiko enpresak kontratatzea lehenetsi ere egingo du adierazi du Joseba Azkarragak.
BEHATOKIA
Gaur egun egiten diren azterlanetan oinarrituta, Plan zuzentzaileak Behatoki bat abiaraztea ezartzen du: 2003. urtea bukatu baino lehen izan liteke eraginkorra.
Lan sailburuak adierazi duenez, Behatokiaren berariazko erakundea baino behaketa-kontzeptua izango da zeregin nagusia ezbeharrak eta hauen kausak ikertzea izango da (horiek saihesteko neurriak diseinatzeko xedez), bai eta arrisku berrien prospektiba eta zaintza ere.
Behatokiak laneko segurtasun eta osasunari buruzko ikerketa eta azterlanetako ildo bat izango du, ezbehar-tasan esku hartzen duten itemak aztertzeko, eta gizartearen aldaketak, lan-harremanak, lan egiteko moduak, etab. aztertuko dituen beste ildo bat, sortzen ari diren arrisku (mobbing-a, burnout-a…) psikosozialak eta ergonomikoak eta horien prebentziorako ekimenak aztertzeko. Azkenik, beste jardun-ildo bat arriskuak atalka ikertzeaz eta aztertzeaz arduratuko da, bai eta beste herrialde batzuetan dagoeneko ezarrita dauden beste eredu batzuk aztertu eta hartzeaz ere.
Behatokiaren jardunekin batera, laneko segurtasun eta osasunerako plan zuzentzaileak jarduera edo plan sektorial sorta bat proposatzen du ondoko helburuarekin: euren eremuaren berariazko gorabeherak direla-eta, arreta berezia behar duten biztanleria-taldetan eragin zuzena izatea, Eraikuntza-sektorean esaterako. Honi dagokionez, Joseba Azkarragak zera esan du: jardunen helburua ezbehar-tasa murriztea dela eta horretarako segurtasun baliabide eta sistemetan inbertsioak egitea sustatuko da, prestakuntza bultzatu, eta jakina, sektore honetan ezbeharrei aurre egiteko plan berezia indartuko da, abian jarri zenetik oso emaitza itxaropentsuak lortzen ari baita.
Beste hainbeste gertatuko da aldi baterako laneko enpresetako ezbeharrei aurre egiteko jardun-planarekin.
ONDORIOAK
1. Segurtasun eta osasun plan zuzentzailearen asmoa autonomia erkidegoko herritarren lan-kalitatea hobetzeko tresna eraginkorra izatea da.
2. Hein handi batean, Plan honen ardatz nagusia prebentzioaren paperari buruzko kultura-aldaketa bilatzea da.
3. Planak Euskadiko Autonomia Erkidegoan intzidentzia-indizeak 4,5 puntuz murriztea proposatzen du (kudeatzeko edo aurreikusteko modukoak diren istripuei dagokien zatian) 2003-2006 denboraldian zehar, hau da, gaur egungo milako 73,65ko intzidentzia-indizea 69,15era murriztea da.
4. Laneko segurtasun eta osasunaren inguruan Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoen artean dagoen eskumen-sakabanaketa zuzentzea gure erronka nagusietako bat izango da, Azkarragaren arabera.
5. Plan zuzentzaileak barne hartutako proiektu guztiak gauzatzeko ezbeharrei aurre egiteko urteko aurrekontua 12 milioi eurokoa izango da, hau da, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak honetarako urtero bideratzen duen partidari 3 milioi gehituko zaio.
6. Planak Behatoki bat sortzea aurreikusten du eta ondokoen inguruko jardun-sorta bat proposatzen du:· Gizarte kultura eta kontzientziazioa. · Prestakuntza eta trebakuntza· Prebentzioa eta Kontrola· Prebentzioa enpresa-eremuan txertatzea
7. Lan sailburuak aipatu du gutxi gorabehera 1.500 lantokitan laneko segurtasun eta osasunaren inguruko kontrola egitea ahalbidetuko duen Administrazio publikoetarako eta kooperatibetarako Lan Ikuskaritza propioa sortuko dutela.
ERANSKINA: Euskadiko ezbehar-tasaren erradiografia
· 2000. urtetik aurrera murrizteko joera atzeman dugu intzidentzia orokorreko indizean. Indize hau lanaldian gertatu eta baja eragin duten 1.000 langileko istripu-kopurua da. Joera hau 2002. urteko datu berriek berresten dute.
Intzid. indizea 2000 2001 2002
77,96 76,36 73,65
· Eraikuntzan 1999 eta 2002. urteen artean izandako intzidentzia-indizea beste sektoreetako batez bestekoa baino 2,4 aldiz handiagoa izan da, eta heriotza eragin duten istripuen kasuan, 2,8 aldiz handiagoa. Beste era batera esanda, Eraikuntza-sektoreko intzidentzia-indizearen arabera 1.000 langiletik ia 200ek izan zuten istripua; hau da, Eraikuntzako langileen %20k izan zuten baja eragin zien istripu bat.
· Lesio-motaren arabera, intzidentzia handiena bihurdurek, zaintiratzeek eta distentsioek dute, eta horien atzetik, kontusioek, zanpaketek, hausturek eta bizkarreko minek. Industrian, bihurdurak %27,26 dira; Eraikuntzan, %30.
· Istripu-motaren arabera, intzidentzia handiena esfortzu handiegiek, objektuekin edo erremintekin hartutako kolpeek (industrian zein eraikuntzan) eragindako istripuek dute, eta ondoren, objektuen arteko harrapatzeak eta pertsonak maila berean erortzeak.
· Istripu gehien gertatzen den eguna astelehena da. Hala ere, murrizteko joera ikusten da, eta beraz, horrek astelehena laneko segurtasunerako egun beltza delako ideia alde batera uztera garamatza. Lanaldiaren lehen orduetan gertatzen dira ezbehar larri gehienak.
· Eskuak dira istripuek gehien kaltetutako gorputz-atalak, eta ondoren eraikuntza-sektorean Beheko gorputz-atalak (oinak izan ezik). Honek adierazten du banakako babes-ekipoen erabileran edo eraginkortasunean akatsak daudela, gorputz-zati hori babestekoak direnetan behintzat.
· Ezbehar-tasa handienak ondokoek dituzte: langile gazteek, aldi baterako kontratuak dituzten langileek eta lanpostuan 7 hilabeteko baino antzinatasun txikiagoa dutenek. Datuok parametro hauek dituzten langileen artean arriskua handiagoa dela berresten dute.
Jatorria: Joseba Azkarraga