Joseba Azkarraga sailburuak Lan-istripuen aurkako Planaren (2003-2006) zenbait ekimen aurkeztu zuen; planaren prebentzio-kontrola 330 mila langileengana zabalduko da, hau da, EAEko biztanle landunen erdira.
Gaur, Joseba Azkarraga Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko arduradun berria, Ignacio Murgia Mañas, aurkeztu du; izendapena joan den astelehenean argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
Prentsa-aurrean, Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila betetzen ari den lan-istripuen aurkako planari buruzko azken emaitzen berri eman zuen Azkarragak. Datu horiek 2002an, urte osoan, metatutakoak dira; beraz, haiei esker badago iaz planak lortutako emaitzak aztertzea, baita plan berak 2001ean lortutakoekin alderatzea ere.
EAEko lan-istripuen aurkako planaren tutoretzapeko enpresetan, 2002an guztira 25.004 istripu izan ziren; aurreko urtean, berriz, 29.227, hau da, ehuneko 14,45 gutxiago.
Istripu hilgarriak ehuneko 60,94 gutxitu ziren 2002an 2001koekin alderatuta. Hala, 2001ean, planaren enpresetan 64 hildako izan ziren; 2002an, berriz, 25, hau da, ehuneko 60 gutxiago.
Istripu larriak ere gutxitu ziren. Zehazki, ehuneko 32,18 gutxiago izan ziren; izan ere, 2002an mota horretako 196 ezbehar izan ziren, eta 2001ean, berriz, 289.
Arinek ere joera bera izan zuten; hala, 2001ean, 28.874 izan istripu arin gertatu ziren, eta, 2002an, berriz, 24.783, alegia, ehuneko 14,17 gutxiago.
Istripu-indizeari (istripu-kopurua mila langileko) dagokionez, planean sartutako enpresek 2001ean milako 131,69ko indizea zuten eta 109,84koa izatea lortu dute.
Horren ildotik, sailburuak, bere ustean ´estatistika horiei beste munta bat´ ematen dien datua eman zuen: ´gure planean sartutako enpresetan izandako istripuen gutxitze esanguratsu hori gertatu da, hain zuzen, planaren tutoretzapeko enpresen kopurua, eta, horrenbestez, langileen kopurua, nabarmen handitu denean; horretaz ari naiz´.
Hala, 2001ean, planak 1.306 enpresa hartzen zituen, eta, 2002an, berriz, 1.911. Zenbaki horiek langileen kopurura itzulita hau esan nahi dute: sailaren planak 2001ean 98.000 langile hartzen zituen eta, 2002an, 222.000 langile, halako bi baino askoz ere gehiago.
Bestalde, 2002an, enpresa guztietan ―planean sartuta zein ez― 696.034 langile zeudela kontuan hartuta, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren istripuen aurkako planak Euskal Autonomia Erkidegoko hiru langiletik bat hartzen zuen.
SEKTOREKA
Planaren barruko enpresetara itzuliaz, hona datuak sektoreka:
Eraikuntzan, 2002an guztira 2001ean baino ehuneko 50 istripu hilgarri gutxiago izan zen (5, 10 izan beharrean). Ehuneko 33,33 istripu larri gutxiago (38, 57 izan beharrean). Eta arinen ehuneko 11,20 gutxiago (4.812, 5.419ren ordez). Guztira, planean sartutako enpresen istripuen kopurua ehuneko 11,50 gutxitu zen 2002an, 2001eko datuekin konparaturik.
Zerbitzuetan, ehuneko 14,93 gutxitu ziren ezbeharrak. Batez ere istripu hilgarriak urritu ziren: ehuneko 73,08 (26tik 7ra). Ondoren, larriak, ehuneko 28,75 (57, 80ren ordez). Eta, azkenik, arinak, ehuneko 14,65 txikitu baitziren ( 9.344tik 7.975era).
Industrian ere istripu gutxiago gertatu zen, zehazkiago: ehuneko 15,67 gutxiago. Istripu hilgarriak gutxitu ziren, ehuneko 35 (20tik 13ra); larriak, ehuneko 31,91 (141etik 96ra); eta arinak, ehuneko 15,48 (13.811tik 11.673ra).
Azkenik, lehen mailako sektorean baino ez zen handitu istripu-kopurua, baina handitze txikia izan zen, ehuneko 2,82koa, zehazkiago. Sektorearen berezko ezaugarriengatik gertatzen da hori: langile guztien ehuneko 2,5 apenas hartzen duen langile-portzentajea (nekazaritzakoak eta arrantzakoak) hartzen biltzen du, eta, horrenbestez, zenbaki absolutuen gorabeherak nabarmenagoak izaten dira portzentajeetan. Hori bai, 2002an, sektore horretan ez zen izan heriotza eragindako ezta istripu bat ere; eta 2001ean, berriz, 8; bestetik, istripu larriek 11tik 5era gutxitu ziren (ehuneko 54,55); eta arinak ugaritu egin ziren, 300tik , 323ra, hain zuzen (ehuneko 7,67).
LURRALDEKA
Planean sartutako enpresetan, 2002an, lan-istripu mota guztiak ―hilgarriak zein gainerakoak― gutxiago izan ziren , 2001ekoekin alderatuta, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historiko guztietan.
Araban, ehuneko 11,86 gutxiago, honela banatuta: ehuneko 50 istripu hilgarri gutxiago (3, eta ez 6); larrien ehuneko 34 gutxiago (33, ez 50); eta arinen ehuneko 11,63 gutxiago (5.047, ez 5.711).
Bizkaian, berriz, gutxitzea ehuneko 13,34koa izan zen. Heriotza eragindako istripuak 39tik 9ra gutxitu ziren (alegia, ehuneko 76,92 gutxiago);larriak, 139tik 100era jaitsi ziren (ehuneko 28,06 urriago); eta arinak, 15.153tik 13.162ra (ehuneko 13,14).
Gipuzkoan izan zen gutxitzerik handiena: ehuneko 18,19 istripu gutxiago, hain zuzen. Hala, 2001ean, 19 istripu hilgarri izan ziren, eta, 2002an, berriz, 13 (ehuneko 31,58 gutxiago). Larriak 100tik 63ra urritu ziren ( ehuneko 37 gutxiago); eta arinak, 8.010tik 6.574ra (ehuneko 17,93 gutxiago).
ONDORIOAK
Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren planaren tutoretzapeko enpresek 2002an 2001ean baino ehuneko 60 istripu hilgarri gutxiago gertatzea lortu zuen. -Gutxitze hori ehuneko 50ekoa izan zen Eraikuntzan; sektore horretan, hain zuzen, ahalegintzen ari gara gehien bat. -Istripuak, guztira, ehuneko 14,45 gutxiago izan ziren 2001ean, 2002an baino. Aldi berean, hilgarriak, larriak bezala, ehuneko 32,18 gutxiago izan ziren, eta arinak ehuneko 14,17 gutxiago.-Istripu-kopuruaren gutxitze hori are garrantzitsuagoa da aldi berean planaren tutoretzapeko enpresen eta langileen kopurua handitu dela kontuan hartuta. Zehazkiago, 2001ean, 92 mila langile sartzen ziren planean, eta 2002an, berriz, 222 mila, halako bi baino askoz ere gehiago. -Kopuru horietan ez da islatzen 2003ko urtarrilaren 1etik aurrera planak eraikuntzako enpresa guztiak hartzen dituela.
JARDUNAK
Sailburuak aurreratu zituen, orobat, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila burutzen ari den istripuen aurkako planaren (2003-2006) zenbait jardun berri eta garrantzitsu. (plan hori Legebiltzarrera helaraziko zaio.
1.- Lehenengo eta behin, FOKALIZAZIOA nabarmendu zuen. Arrisku handiena duten enpresetan eta sektoretan prebentzio-lanak egingo dira. Batez ere, Kimikan, 35 langile baino gehiago duten Metalgintzako enpresetan, baita Aldi Baterako Laneko Enpresa GUZTIETAN eta Eraikuntzako guztietan ere. Gure ikerketen arabera, Aldi Baterako Laneko Enpresak planean sartu behar direla ondorioztatu dugu, langile guztien portzentaje urria hartzen badute ere, istripu-indize handia dutelako (ehuneko 3), zerbitzu sektorean sartzen direla kontuan hartuta. Gainera, antzeman dugunez, maiz askotan enpresa kontratu-egilea eta Aldi Baterako Laneko Enpresa aldi berean aritzeak bien arteko prebentzio-arloan gehiago eta hobeto koordinatzea ekarri beharko luke; eta arlo horretan sakondu beharrean gaude.
2.- Horrekin batera, AURREA HARTZEAren garrantzia nabarmendu zuen. Hau da, istripuak gertatu aurretik eragin nahi dugu, eta arrisku-faktorerik garrantzitsuenak aztertu.
3.- 2002an, lau istripu arin baino gehiago, istripu larri bat edo gehiago, edo hilgarri bat edo gehiago, izan duten enpresa guztiak kontrolatuko dira, betiere ez badira in itinere edo arrazoi ez traumatikoengatik gertatuak.
Hona aurreko planarekiko dagoen funtsezko aldea: aurten istripu larri bat edo gehiago izan duten enpresak sartuko dira (lehen, bi istripu larri edo gehiago izan behar zuten), eta, batez ere, baldintza horiek betetzen dituzten enpresa guztiak sartuko dira, istripu-indizea albo batera utzita. Gogoratu behar da orain arte enpresak planean sartzeko irizpidea hau zela: istripu-indizea euren sektorearen batez bestekoa baino ehuneko 25 handiago izatea.
Orain, berriz, istripu-indizea albo batera, lau istripu arin baino gehiago, istripu larri bat edo gehiago, edo istripu hilgarri bat edo gehiago izaten dituzten enpresa guztiak sartuko dira.
Ondorioz, orain gure planean 1.911 enpresa sartzen badira ere, 5.200 sartuko dira, hau da, halako hiru.
Bestela esanda, planak orain 222 mila langile hartzen ditu, eta 330
mila inguru hartuko, alegia, Euskal Autonomia Erkidegoko landunen erditik oso gertu ibiliko da.
4.- Lanbide-gaixotasunen aurkako aurreneko plana abian jarriko dugu. Izan ere, gure ustez, lanbide gaixotasuna kontzeptu murriztua zabaldu behar da, lanaren ondoriozko edo harekin lotutako gaixotasunak sartuz.
Darabilzkigun ikerketen arabera, benetan dauden lanbide-gaixotasunen ehuneko 10 inguru aitortzen dira.
Alde horretatik, gure lanak informazioan, prestakuntzan eta esku-hartzean eragingo du.
Hala, lehen mailako asistentziako medikuen prestakuntza espezializatu nahi dugu, lanarekin zerikusia duten gaixotasunak antzeman ahal izateko.
Orobat, berebiziko arreta jarri nahi dugu ekoizteko era berrietatik sortutako fenomenoek eragindako patologietan: mobbing, burn out edo akitutakoaren sindromea
5.- Era berean, gure tresnak sortu ditugu istripuak zehatz-mehatz kontrolatzeko.
Besteak beste, SISAL (Lan Osasunari buruzko Datuen Informazio-Sistema), informatika-aplikazio berria, enpresen prebentzioa kudatzeko sistemek elikatuko dutena; aldi berean, enpresek izango dute horren bidez lan-osasunari buruzko informazio guztia erabiltzea.
Zerbitzu horrekin lotuta, Istripuen Behatokia ere nabarmentzekoa da; lehenengo faseari ekingo dio eta etorkizunari begirako bokazioa du. Hau da, bere asmoa ez da soilik oraingo istripuen zergatiak antzematea, baizik eta etorkizunean izan daitezkeen aldaketen joerak aztertzea eta nolabait aurreikustea, aldaketa horiek istripuen zergatietan eragin baitezakete.
Jatorria: Joseba Azkarraga