Hitzarmena Eusko Jaurlaritzak abenduan sinatutako akordio batean oinarritzen da. Horren bitartez sail arteko batzorde bat sortu zen, Giza Baliabideen zuzendaria buru zuena
Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak lankidetza-hitzarmen bat sinatuko dute datozen egunetan, gerra zibilean Euskal Autonomia Erkidegoan desagertutakoei buruzko ikerketarako. Hitzarmen hori abenduaren 10ean Eusko Jaurlaritzak sinatutako akordioaren fruitua da, hor ezartzen baita sail arteko batzorde bat sortzea, senideek hala eskatzen dutenean desagertutakoak aurkitu eta identifikatzeko lanak koordinatuko dituena.
Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendari José María Urkijok Gasteizen gaur goizean adierazi duenez, ´hitzarmen horrek ikerketa-plan bat gauzatu eta garatzeko oinarriak jarriko ditu, Jaurlaritzaren eta gainerako erakundeen politika oso bat sustatzeko balio izango dutenak´.
Giza Eskubideen arduradunak gaineratu duenez, ´Planak erantzun eraginkorrak eman behar dizkie desagertutakoen senideen eskabideei, eta gertatutakoari buruzko ahalik eta informazio gehien jaso, hilobi komunetan ezkutatutako biktimen gorpuzkinak berreskuratzeaz gainera´. Lan-metodologiaren lehen fasean, desagertutakoen senide guztien eskabideak -200 jaso dira gaurdaino- aztertuko dira, eta horiei buruzko edozein informazio eman dezaketen gainerako pertsonen adierazpenak ere jaso egingo dira.
Horren ondoren, desagertutakoei buruzko banakako informazioa osatzeko beharrezkoak diren alderdiak ikertuko dira historian eta agirietan oinarrituz, desagertutako pertsonen izenak, eta -lurpetik ateratzea beharrezkoa izango balitz-hilobien kokapen kartografikoa eta ezaugarriak erregistratuta jasoko lituzkeen datu-base bat sortu ahal izateko.
Aranzadi elkarteko partaide Francisco Etxebarriak adierazi duenez, ´giza gorpuzkinak identifikatu ahal izateko, azterketa genetikoen bitartez ikertuko dira. Horretaz gain, heriotzaren nondik norakoak era aztertuko dira, horretarako auzitegiko medikuntzaren irizpideak erabiliz´.
Jatorria: Eusko Alkartasuna