Martin Aranburu Carrera Egoera politikoaren azterketa kezkatua egin genuen Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoan biltzen garenok joan den astean. Gure helburua konponbide politikoa izan da beti, eta hori posible egin ahal izateko, elkarrizketa mahaia jo dugu ezinbesteko tresnatzat: herri honetako sentsibilitate eta lurralde guztiak bilduko dituen mahaia, hain zuzen.
Lanean hasi ginenetik harreman ahalegin itzela egin dugu euskal eragile politiko, sindikal eta sozial ororekin. Betiere, eragile guztiak errespetatuz eta kontuan hartu nahian. Elkarrizketa esfortzu horrek ondorio nagusi batera bultzatu gintuen: konponbide mahaia posible egingo zuten baldintza politikoak lortu behar ziren.
Gatazka politikoak soluzio politikoa behar du. Eta soluzio politikoak tresna bat du ezinbestekotzat: elkarrizketa. Berau posible egingo zuen giro politikoa lortzea izan da eragile askoren lana azken hilabeteetan.
Sei hilabete badira ETA erakundeak su-etena eman zuenetik. Sei hilabete aitzakiarik gabe. Elkarrizketa politikoari ekiteko baldintzak dauzkagula. Sei hilabete hauetan aitzakia gehiago asmatu dituzte mahai politikoa ez eratzeko. Egiaztatzea, gero Batasunaren legalizazioa, orain kale borroka…bata bestearen atzetik aitzakiak jarri dituzte konponbide mahaia ez eratzeko.
Euskal Herriko gizarteak bakea eta normalizazioa merezi eta nahi ditu. Ziur naiz euskal jendarteak ezin duela egungo egoera politikoa ulertu. Ziur naiz jendartearen nahia eragileen elkarrizketa mahaia eratuta ikustea dela, non itun politiko bat lortuko den, azkenik, itun hori euskal jendarteari aurkeztuko zaio, baiezkoa edo ezezkoa eman diezaion. Euskal jendarteak ardura handia du gaur egun gauden egoera politikoarekin. Nire ustez, jendartearen bultzada eta inplikazioa beti garrantzitsuak izan badira ere, oraingoan are eta garrantzitsuago. Inoiz baino ozenago aldarrikatu behar dugu konponbide mahaia: aitzakiarik ez dagoelako eta herri honek konponketaren beharra duelako.
Urriaren 7rako antolatu diren elkarretaratzeek premiazko garrantzia dute horregatik: ozen eta jendetsu izan behar gara kalean eskuetan dugun prozesu politikoaren alde. Bertan, hainbat eragilek adosturiko komunikatu bat irakurriko dugu. Prozesu politikoa une kezkagarrian badago ere, ziur gara herri honek aitzinera bultza dezakeela. Alderdi politiko batzuetako ordezkarien eskuetan soilik utziz gero, hainbestetan borrokatu dugun elkarrizketa politiko garaia ezabatu egingo da. Eta, zalantzarik ez dut, borroka armatuaren aldeko defentsa egiten zuenak argudio indartsuak izango dituela elkarrizketa politikoak emaitzarik lortzen ez badu. Gure esku dago. Guk, OHDtik, tresna berri bat eskaini nahi diogu herri honi beste behin bere oihua ozen esan dezan. Atera gaitezen beste behin kalera konponbide mahaiaren alde.
Jatorria: Martin Aranburu