 Hona 2002an lana eta familia bateragarri egiteko neurri horietaz baliatu ziren pertsonen batez besteko ezaugarriak: emakumea, 25 urtetik gorakoa, lanaldia heren bat murriztu duena, edo, hein txikiago batean, erdia Joseba Azkarraga Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua jende aurrean agertu da gaur, seme-alabak dituzten familientzako eta lana eta familia bateragarriak egiteko laguntzen berri emateko, 2002. urteari dagokionez. Balantzea orain itxi da; izan ere, laguntzak eskatzeko epea hiru hilabetekoa baita, seme-alabak jaiotzen direnetik kontatzen hasita, eta, horrenbestez, 2002. urteko datu guztiak ezin ziren bete 2003ko martxoaren 31 igaro arte, urteko azken hiruhilekoan izandako jaiotzak, hau da, abenduaren 31 artekoak, sartzeko.

Gasteizen egindako prentsa aurrean Azkarrak azaldu duenez, maiatzaren 15ean, bere Sailak proposaturik, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako jarraibideari esker, familiaren bat (hirugarren semea edo alaba edo hurrengoak dituzten familiez eta adopzio edo erditze anizkoitzez ari gara soilik), epetik kanpo heltzeagatik edo betebeharrak ez betetzeagatik, laguntzak eskuratzeke geldituz gero, hurrengo urteetarako aurreikusitako laguntzak eskuratzea izango duela bermatzen da, betiere dagokion eskabidea behar bezala aurkeztuz gero. Hau da, baldin eta hirugarren semea edo alaba edo hurrengoak edo erditze edo adopzio anizkoitzak izan dituen familiaren bat urte betean diru-laguntzarik gabe geratu bada, eskabidea epetik kanpo edo ez behar bezala beteta aurkeztu duelako, horrek ez du esan nahi hurrengo urteetan ere diru-laguntza eskuratzeko eskubidea galduko duenik.

Zehazki, hona hemen nahiz eta urte betez laguntza galdu hurrengoak kobratu ahal izateko bete beharreko epeak:

a) 2003an, jarraibidearen arabera, eskabideak aurkezteko bi tarte daude:

1. 2003ko abuztuaren 14a arte, 2003.aren aurreko urteetan urtarrilaren 1a eta maiatzaren 15a bitartean jaiotakoentzat.

2. 2003.aren aurreko urteetan maiatzaren 15etik aurrera jaiotakoentzat, 3 urteko epea egongo da, jaiotze-datatik (hau da, urtebetetzetik) edo adopzioa eratu zenetik kontatzen hasita.

b) 2004. urterako eta hurrengoetarako, aurreneko eskabidea hiru hilabeteko epean aurkeztea egongo da, jaiotze-datatik edo adopzioa eratu zenetik kontatzen hasita.

Baldin eta lehenengo eskabideari erantzun bazaie, hau da, laguntza eman bazaie, urte osoan eskatu ahalko dira urteko berritzeak.

Agindu hori, Azkarragaren iritziz, oso garrantzitsua da, ´kontuan hartzen badugu Eusko Jaurlaritzak ematen dituen laguntzak ez direla mugatzen erditzeagatik ordainketa bakarra egitera, Estatuan bezala, baizik eta bost edo hamar urte bitartean luzatzen direla´. “Izan ere, –gehitu du iaz, abuztuan zehazki, martxan jarritako Erakundeen arteko Euskal Planak, zerga-neurriez gain, laguntza ekonomiko unibertsalak eskaintzen ditu jaiotzengatik eta familien mantenurako; diru-laguntzak, unibertsalak ere bai, lana eta familia bateragarri egiteko; eta 3 urtetik beherako umeak eskolatzeko diru-laguntzak´. Guztira, plan honen aurrekontu osoa 289,6 milioi eurokoa da, 2002a eta 2005a bitarterako, 439 zerga-kenketak barne.

SEME-ALABENGATIKO LAGUNTZAK (2002KO BALANTZEA)

SEME-ALABEN MANTENURAKO DIRU-LAGUNTZEN Dekretuari dagokionez, 2002an, 12.020 eskabide izan ziren guztira, 5.716 bigarren semea edo alabagatik; 4.014, hirugarren edo hurrengoengatik; eta 2.290 erditze anizkoitzagatik.

Horietatik, 11.608 eskabideri baiezko erantzuna eman zitzaien, eta 412ri ezezkoa. Hau da, EAEn bigarren semea edo alabagatik egindako 5.716 laguntza-eskabidetatik 5.443ri baiezko erantzuna eman zitzaien; hirugarren edo hurrengoengatik 3.900ri, 4.014tik; eta erditze anizkoitzengatik 2.290 eskabidetatik 2.265 laguntza ondorioztatu ziren.

Lurraldeka:

Araban, 829 eskabide egin ziren bigarren semea edo alabagatik, eta 776ri baiezko erantzuna eman zitzaien; hirugarren semea edo alabagatik, 570 eskabidetatik 542 baiezko erantzun izan ziren; eta erditze anizkoitzagatik, 283 eskabide eta 278 diru-laguntza.

Bizkaian, lehenengo semea edo alabagatik egindako 2.928 eskabidetatik 2.762 onartu ziren; 1.852, hirugarren semea edo alabagatik egindako 1.906 eskabidetatik; eta erditze anizkoitzagatik egindako 1.225 eskabidetatik, 1.210 diru-laguntza banatu ziren.

Gipuzkoan, azkenik, 1.959 eskabidetatik 1.905 laguntza eman ziren bigarren semea edo alaba jaio izanagatik, hirugarren semea edo alaba jaiotzegatik 1.538tik, 1.506; eta erditze anizkoitzagatik 782 eskabidetatik, 777 diru-laguntza banatu ziren.

Horrek esan nahi du, dirutan, 37,8 miloi euro eman zirela diru-laguntzetan, eta horietatik, 2000n ia 14 ordaindu zirela eta gainerakoa hurrengo urteetan ordainduko dela, hirugarren seme-alabengatik edo erditze anizkoitzengatik, urteko ordainketa gisa, bata bestearen atzerik.

2003KO DATUAK

Datu horiek 2003an orain arte izandakoekin osatzen dira; hala, aurten, Euskal Autonomia Erkidegoan, guztira, urtarrilaren 1etik maiatzaren 26a arte, 2.916 eskabide jaso dira. Horietatik, konponduta daude, hau da, ordainduta edo ordaintzeko agindua emanda, 2.368 (lautik hiru).

Horrek esan nahi du dagoneko 2003rako aurrekontuetan ezarritako 17,5 milioi eurotatik 3.374.700 euro ordaindu direla. Sailburuak azaldu duenez, aurten aurrekontua 17 milioi eta erdikoa da, nahiz eta 2002an 37,8 milioikoa izan zen, plana indarraldian jarri zen aurreneko urtea zelako eta laguntzen atzerako eragina biltzen zuelako.

2002an, 12.000 familia izan ziren laguntzen onuradun; 2003rako egindako aurreikuspena, berriz, EAEko 15.000 familiari laguntzea da.

Lurraldeka:
Araban, orain arte bigarren semea edo alabagatik 371 eskabide izan dira; 50 hirugarrenagatik; eta 21 erditze anizkoitzengatik.

Bizkaian, bigarren semea edo alabagatik 1.079; hirugarrenagatik, 139; eta erditze anizkoitzagatik, 79.

Gipuzkoan ere, aurten orain arte, 967 eskabide egin dira bigarren semea edo alabagatik; 154, hirugarrenagatik; eta 56, erditze anizkoitzagatik.

FAMILIA ETA LANA BATERAGARRIAK EGITEKO LAGUNTZAK (2002KO BALANTZEA)

FAMILIA ETA LANA BATERAGARRIAK EGITEKO dekretuari dagokionez, 2002ko ekitaldian, EAEn, 2.731 langilek eskatu zuten lan-eszedentziaren edo lanaldi-murrizketaren bat.

Eskabide horietatik, 2.601 langileenak onartu ziren. Hona zifra horiek xehatuta:

Lanaldia murriztu zuten edo eszedentzia hartu zuten 2.601 langile horietatik, 642 Arabakoak ziren; 1.139 Bizkaikoak; eta 820 Gipuzkoakoak.

Horietatik, 2.579 eskatzaile 25 urtetik gorakoak ziren eta 22 soilik gazteagoak.

Sexuen arabera, tamalez berretsi egin da orain arte izandako joera, alegia: 2.464 emakume baliatu ziren eskubide horietaz, eta 137 gizon soilik. Hau da, eszedentziak edo lanaldi-murrizketak hartzen dituzten langileetatik gizonezkoak ehuneko bost inguru baino ez dira.572k eszedentziak hartu zituzten, eta 2.029k, berriz, lanaldi-murrizketak.

Lanaldi-murrizketa gehienak, 1.133, lanaldi-herenekoak izan ziren. 63, ehuneko 40 eta ehuneko 50 bitartekoak. Eta 833 lanaldi erdikoak.

Hona 2002an lanaldia murriztea edo eszedentzia hartzea erabaki zuten langileentzako diru-laguntzen zenbateko osoa: 6.400.729,20 euro.

Lana eta familia bateragarriak egiteko langileek hartutako diru-laguntzez gain, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak badauka beste laguntza-multzo bat, eszedentzia edo lanaldi-murrizketa hartzen duten langileak ordezkatzea erabakitzen duten enpresentzat.

2002an, ordezkapen horri esker, Euskal Autonomia Erkidegoan, guztira, 290 lanpostu sortu ziren 258 enpresetan. 258 enpresa horietatik, 43 Arabakoak ziren, 116 Bizkaikoak, eta 99 Gipuzkoakoak.

Sektoreka, gehienak (76) Zerbitzukoak eta bestelako gizarte-ekintzetakoak ziren, eta Hezkuntzakoak (69); Merkataritzakoak eta Ibilgailuak Konpontzekoak (46), eta Osasun eta albaitaritza-lanetakoak (19), Ostalaritzakoak (19) eta Jakien, edarien eta tabakoaren industriakoak (18).

Sortutako enpleguetatik, 240 lanaldi osokoak izan ziren, eta 50 lanaldi partzialekoak.

Horrela, 258 enpresa horiei, 2002an, 650.879,41 euro eman zitzaien guztira, lana eta familia bateragarriak egiteko laguntzak hartutako langileak ordezkatzeko beste langile batzuk kontratatzeagatik.

Horrenbestez, familia eta lana bateragarriak egiteko soilik, 7 milioi euro baino gehiagoz hitz egiten ari gara. Baldin eta kopuru horri seme-alabak dituzten familiei emandako 37,8 milioi euro gehitzen badiogu, Eusko Jaurlaritzak 2002n arlo honetan emandako laguntza ia 45 milioi eurokoa izan zen (hots, lehengo 7.500 milioi pezeta).

2003KO DATUAK

2003an, orain arte:

Maiatzaren 26rako, eszedentzia edo lanaldia murrizteko 2.763 eskabide jaso ditugu: 572 Araban, 1.311 Bizkaian, eta 880 Gipuzkoan.

Horrenbestez, areagotu egin dira, nabarmen, iazkoekin konparatuta (maiatzean dagoeneko 2002ko guztizko zenbatekora heldu gara), hilean 600 eskabide ditugula.

2003rako horretarako dagoen aurrekontua 9.400.784 eurokoa da; horretatik dagoeneko bi milioi eta erdi euro baino gehiago banatu zaizkie langileei, eta ia milioi erdia langile horiek ordezkatu dituzten enpresei.

ONDORIOAK

1. Gai honi buruzko jarraibide bat eman dugu aditzera, eta, horri esker, planaren aurreneko urtean diru-laguntzak eskuratzerik izan ez duten familiek gure planaren hurrengo urteetarako diru-laguntzak jasotzeko aukera izango dute (betiere hirugarren semea edo alaba edo hurrengoa nahiz erditze anizkoitza izan duten familiez ari gara).

2. 2002an, hau da, gure Sailaren plana ezarri den aurreneko urtean, 37,8 milioi euro banatu dira seme-alaben mantenurako, eta Euskal Autonomia Erkidegoko 12 mila familia baino gehiago laguntzen onuradunak izan dira. 2003rako, 15.000 familia izango direla aurreikusten dugu.

3. 2.601 langilek sei milioi eta erdi euro jaso zuten, familia eta lana bateragarriak egiteko eszedentzia edo lanaldi-murrizketa hartzeagatik.

4. Eskubide horiek baliatu dituzten langileak ordezkatzeko beste langile batzuk kontratatu dituzten 258 enpresari 650.879,41 euro eman zitzaien, guztira.

5. Horrek ekarri zuen, gainera, 290 lanpostu berri sortzea.

6. Hona 2002an lana eta familia bateragarriak egiteko laguntzaz baliatutako pertsonen profila: emakumea, 25 urtetik gorakoa, lanaldia heren bat murriztu duena, edo, hein txikiago batean, erdia.

7. Horrenbestez, seme-alabak dituzten familientzako diru-laguntzak, lana eta familia bateragarriak egiteko laguntzekin batera, ia 45 milioi eurokoak izan ziren, 2002an.

JARDUERAK

1. Laguntzetako agindu berria argitaratzeko asmoa dugu, daudenez gain, eta, horretarako, 567.900 euroko aurrekontuko hornidura ezarri dugu, familiei laguntzeko elkarteak eta programak bultzatze aldera. Hala, Euskal Autonomia Erkidegoko familiei laguntzeko egindako apustua zehazteko eta sakontzeko gure saila giza baliabideetan eta dirutan egiten ari den ahalegin handiarekin bat egingo du aipatutako aginduak.

2. Gure saila hasia da dagoeneko beharrezkoak diren kudeaketak egiten Familiaren Batzorde Iraunkorra eratzeko. Organo horretan, arlo honetan lan egiten dugun organizazio, gizarte-eragile eta erakunde nagusietako ordezkariak elkartuko gara, eta familiarekin zerikusia izango duten ekimen eta programa guztietan parte hartzea eta horren gaineko aholkularitza ematea izango du helburu nagusi.

3. Orobat, aurrera egin dugu Familia Sustatzeko Erakundeen Batzordea izango denaren nondik nolakoak taxutzen; bertan, planean zerikusirik duten Eusko Jaurlaritzako beste sail batzuk eta euskal erakundeak sartuko dira, gure jarduerak benetan eraginkorrak izan daitezen, politikak koordinatzea eta haien segimendua egitea ezinbestekoa baita.

4. Aurten, familiari buruzko legebiltzarreko ponentzia sortu da, Euskal Autonomia Erkidegoan diren familien ereduak eta gure sailak aurkeztutako txosten aitzindaria oinarritzat hartuta; horri esker, familia-politikak hobeto eta eraginkortasun handiagoz egokituko ditugu gure gizartearen beharrizanetara.

5. Datorren ekainean, sail honek antolatua, Familiari buruzko Nazioarteko Biltzarra egingo da, eta bertara mundu-mailako gai honen gaineko adituak etorriko zaizkigu. Biltzarra ekainaren 20an eta 21ean izango da, Gasteizen, eta baliagarri egingo zaigu, gainera, gai honetan egiten ditugun jarduerak gehiago hobetzeko.

6. 2002ko datuen arabera, gizonezkoen alde sartutako diskriminazio positiboak, alegia, lana eta familia bateragarriak egiteko aginduaren babesa hartzen duten gizonezkoei diru-laguntza handiagoa emateak, ez du espero zen arrakasta izan. Gizonezkoak guztizkoaren ehuneko 5 baino apurtxo bat gehiago izan ziren, besterik ez. Joera hori berretsiz gero, sailak baloratuko du ea egokia ote den diskriminazio positiboko irizpide horri eustea edo bestelako formulak bilatu behar diren.

Jatorria: Joseba Azkarraga