Martin Aranburu legebiltzarkidea
Euskal Herrian politikan ari den eragile orok planteamendu bikoitza egin behar du egunero: epe motzeko erabakiak hartu epe luzeko helburuak alde batera utzi gabe. Alderdiek zein sindikatuek epe luzeko estrategi politikoak erabakitzen dituzte batzarretan, eta erabaki horien inplementazioa egiten dute egunez egun diharduten erakunde desberdinetan. Halaber, garrantzitsua da egoeraren hausnarketa politikoa egiterakoan, epe luzeko estrategiak aztertzeaz gain Euskal Herrian ditugun erakundeen kudeaketa aztertzea.
Azterketa instituzionalarekin hasita Iparralde da egoera kaxkarrena bizi duena, departamenduaren aldeko aldarrikapenak, alderdi abertzale eta ez abertzaleen aldarrikapena bada ere, departamenduaren eskaerak porrot berria jaso zuen Asanblea Nazionalean. Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoko euskaldunen aldarrikapenak ez du Parisko autoritateen aldeko erantzun positiborik izan. Halere, ironia puntu batez, erakunde propiorik ez izatea ere positiboa gerta litekeela pentsa genezake Nafarroako egoera azterturik, non, kudeaketa lotsagarria nafarren interesetako kaltegarria bada ere, Sanzen gobernuaren interes soila euskal aztarna kopuru gehiena ezabatzea den, helburu horren lorpenerako autogobernuak eskaintzen dizkien tresnak darabiltzatelarik.
ERKIDEGOAN, berriz, ezin da ukatu hirukoak Legebiltzarrean duen gehiengoak kudeaketarako abagune polita eskaintzen duela hezkuntza, etxebizitza zein osasun arloetan. Ondo kudeatzea da hirukoaren beharra, eta legealdia bukatuta, hirukoaren kudeaketak emandako emaitzen errepasoa egitean ez da motza izango lorturiko emaitza positiboen zerrenda.
Nora goaz ordea? Kudeaketa nahikoa al da XIII. mendetik hona euskaldunen belaunaldi guzti guztiak askatasunerako izan duten egarria asetzeko formula? Baiezkoa esango duenik ez da, eta horregatik alderdien epe luzeko estrategia ere aztertu behar dugu, eguneroko erabakiak alde batera utzita.
Jaurlaritzaren planak aukera bat ireki du Espainiarekin izan beharreko konfrontazio politikoa artikulatzeko. Planak ez du bukaera puntua zehazten, metodologia bat aurkeztu da, non eragile politiko eta sozial bakoitzak ekarpenak egiteko aukerak izango dituen, markatutako epearen bukaeran, prozesuan parte hartu dutenen ekarpenek markatuko dutelarik planaren azken edukia. Bestela esanda, herri honen independentzia, askatasuna eta emantzipazio nazionala helburu daukagunok prozesu honetan parte hartzen ez badugu, ez genuke harritzeko eskubiderik hamabi hilabete barru burutuko den testu artikulatuan eduki subiranorik ez badago. Gakoa borondatea da, testu artikulatuaren diseinuan parte hartuko duten eragileen borondate politikoan eta beraiek zehazturiko mugetan egongo da prozesu honen muga.
Batasunaren ilegalizazio prozesua da bigarren gakoa. Batasunak pairatzen duen eraso judizial-politikoa ez da bakarrik ezker abertzalearen zati horren aurkako erasoa, baizik eta gatazka militarra gatazka politiko hutsean bihurtzeko ezinbestekoak diren baldintzen aurkako erasoa. Demokraziak bideak eskaini behar ditu edozein helburu politiko lortzeko eta edozein konfrontazio politiko planteatzeko, bide armatuak tresna politikotzat jotzen dituzten euskaldunei alternatiba bat eskaini behar zaielarik, aktibismo politikorako alternatiba eta askatasun helburuak lortzeko tresna baliagarria. Demokraziak tresna horiek ukatzen baditu beste bide batzuk jorratzen jarraitzeko beharra izango da askorentzat. Hain zuzen, azken hau da PP eta PSOEren erabaki politikoaren atzean ezkutatzen den helburu politikoa: elkarlanerako aukerak ezabatzea. Bada bigarren aldagai bat: demokraziak bideak eskaintzen baditu ere, bide horiek ezerezean geratzen dira konfrontazio politiko erreala burutzeko asmorik ez bada.
PPk eta PSOEk ez dute hurrengo hilabeteetan inolako mugimendurik egingo, Espainiako hauteskundeak bistan dituztela euskal abertzaletasunari atseden politiko eta judizial minimoak bere ordainsaria izango baitu hauteskundeetan. Bada 2003ko hauteskundeak pasatuta, PSOEk presidentzia lortu eta gero gauzak aldatuko direnaren esperantza duenik: alda litezke, baina kudeaketarako estabilitate gehiago eskainiz, besterik gabe. Eskenatoki horrek ez du ezertan gaur egungo egoera aldatuko, euskaldun askok pairatzen duten giza eskubideen urraketa indibidual zein kolektibo desberdinek amaierarik ez baitute izango.
Gure betebeharra da helburuari tinko eusten jarraitzea, euskal belaunaldi askok eutsi baitiote herria askatzeko prozesu luze honi, eta asko izango dira ere hurrengo belaunaldietan jarraituko dutenak, azken finean gu katearen beste kate-maila bat gara eta. Hori bai, gure lanaren aurrerapena hurrengoen abiapuntua izango da
Martin Aranburu, EAko zuzendaritzaren kidea eta legebiltzarkidea
Jatorria: Martin Aranburu