Kortsikarrek Autonomia Estatutua garatzeko egindako aldarrikapenei frantziar gobernuak entzungorrarena ez egiteko eskatzen du Eusko Alkartasunak. Espainiar Estatuak Kataluniarekiko akats berdina ez errepikatzeko deia luzatu dio Macronen Gobernuari EAk, eta “dagoeneko europar politikaren zentralitatean dagoen burujabetza eztabaidari ateak irekitzea eskatzen diogu”.
Parisek, Madrilek bezala, entzungor egiten dio nazioen aldarrikapenei, baina erabakitzeko unea iritsi dela argi dago, gizarteak hautestontzietan hala erakutsi duelako, esan du Eusko Alkartasunak, eta Macronen gobernuari Rajoyk ez duen ausardia politikoa eskatu dio.
Eusko Alkartasunak harreman estua du Kortsikako alderdi soberanistekin, Europako Aliantza Librea taldearen partaide diren einean. “Gaur Frantziako Gobernu eta Senatuko presidenteek, Kortsikako presidente eta Parlamentuko presidenteekin –Jean Guy Talamoni eta Gilles Simeoni- bildu ostean, autonomiaren eskumenen inguruko eztabaidatzea ukatzeko erabakia berpentsa dezatela eskatzen diegu”.
Kortsikak aro berria bizi du, Eusko Alkartasunak gogoratu duenez, “burujabetzaren aldeko gehiengo zabalarekin eta biolentzia atzean utzita”. Guzti horrek Estatu frantsesak kortsikar gizartearen aldarrikapen zilegiei ematen dien harreran eragin beharko luke: “Akaso bakarra izan daitekeen aukera baliatu dezatela eskatzen diogu Frantziari; hainbat hamarkadaz luzatutako gatazka politikoari ausardiaz eta herritarren erabakia errespetatuz ekiteko”.
Katalunia
ALEren bulegoan hain zuzen egin dira Kataluniako Parlamentuko presidente hautatuberri Roger Torrent eta Carles Puigdemonten arteko bilera, Poliziak ANC eta Omnium Culturaleko egoitzak miatu dituen egunean. “Katalunia eta Korsikako prozesuak bultzatzen ditugu ALE osatzen dugun alderdiek, hauek Europar Batasunean erabat onargarriak eta Herrien Europaren zutabe direla jakinik”.