Azalpenak eskatu dizkio Foru Gobernuari Maiorga Ramirezek, Superserreko lursail zaharren esleipen prozesuengatik, lehenik Ikeari eta ondoren egoitza bat eraikitzeko asmoa adierazi zuen enpresari, eta kudeaketan egindako akatsek foru kontuei ondorio kaltegarriak eragin dizkietela salatuz.
EH Bilduko legebiltzarkideak Nafarroako Osoko Bilkuran adierazi duenez, jendarteak ez du ulertzen “konpromisoak eta betebeharrak bete ez dituen enpresak zigorrik jaso ez izana”. Batez ere, “Nafarroako herritarrek Nafarroako Gobernuarekin edo eremu pribatuarekin dituzten harremanak oso bestelakoak direlako, eta ez dago kasu horietan eman diren baldintzak”.
EH Bilduko ordezkariak gertatutakoa kritikatu du gainera “aukera interesgarriak dituen lursaila delako”. Ramirezek gogoratu duenez, akordioa sinatu zuen Gobernuak Ikearekin 2016an, “komunikabideetan zoriondu ziren hori lortzeagatik eta zer ekarriko zuen zehatz azaldu ere: 350 langile; 2,1 milioi euro BEZean; 1,3 milioi euro Sozietateen gaineko Zergan; 300.000 euro langileen atxikipenetan; 160.000 euro azalera handien gaineko zergari esker,…”.
2019ko martxoan Suediako multinazionalaren etorrera ziurtzat jotzen zen arren, Sanferminetako egunetan plazaratu zen uko egiteko kontratua sinatu zuten bi aldeek ekainean.
Ramirezek zalantzak agertu ditu prozesuari buruz “lursail bat bahituta eduki eta kontratua sinatu eta gero, bi aldeek elkarri ezer eskatu gabe kontratua hautsi” zelako “nahiz eta Nafarroako Gobernuak milioi bat ordaindu zuen lursaila prestatzeko eta kontratuan betebeharrak zehazten dituen klausulak oso argiak izan”. Hori dela eta, “Nafarroako Gobernuak konpromisoren bat urratu duen” galdetu du.
maiorga