Bizkaian kulturaren etorkizuna bermatzeko hartu behar diren neurriak eta plangintza egiteko krisi mahaia eratzea proposatu du Meritxell Elgezabal, EH Bilduko biltzarkideak gaur egin den Bizkaiko Batzar Nagusietako Kultura Batzordean.
“Kulturak gainean dituen mehatxuen eta ziurgabetasun larriaren aurrean, premiazkoa da krisi mahaia osatzea, eta bere baitan plan sendo bat lantzea eta abian jartzea”, adierazi du Elgezabalek. Kulturak izaera estrategikoa du EH Bildurentzat, azaldu du batzarkideak, eta horregatik eta gizartean eta pertsona bakoitzaren bizitzan duen garrantziagatik “eta krisi egoera egiturazkoa dela kontutan izanda, momentu honetan erantzun eta konponbide azkarrak emateko beharra dago”. Neurriak bi helburuekin hartu behar dira: “krisiaren ondorioak arintzeko batetik eta etorkizuna prestatzeko bestetik”.
Diputazioak sektorearentzat prestatutako neurriak “oso partzialak dira eta ez deutse gure kultura-ekosistemaren errealitateari, eta gutxiago esparru prekarizatuenei”.
Batzorde berdinean, Bizkaiko futbol federazioko presidenteari hainbat galdera egin dizkio Elgezabalek Covid 19aren ondorioz sortutako egoerari buruz eta bere jarduera orokorrari buruz, batez ere emakumeen parte hartze integrala sustatzearen beharra azpimarratuz.