Kultur sektorearentzako neurri estrukturalak martxan jartzeko eskatu dio Meritxell Elgezabal, EH Bilduko batzarkideak Bizkaiko Diputazioari. Pandemiaren ondorioz sortutako egoerak kulturgintzan orokorrean eta bereziki euskarazko kulturgintzan dauden arazoak eta prekarietatea aspalditik datozela eta egiturazkoak direla erakutsi duela nabarmendu du Elgezabalek eskaera egitean.
Osasun krisiaren ondorioz sortutako bakartzearen zehar gizartearen egunerokotasunean kulturak duen garrantzia eta beharra argi geratu dela gaineratu du eta egoerari aurre egiteko neurriak har ditzala eskatu eta sektorearen eragileekin batera krisi mahaia deitzeko asmoa duen galdetu dio beste kontu batzuen artean Diputazioari.
Gizarte eta ekonomiaren sektore guztietan eragin handia izaten ari den krisiak kolpe latza eman dio kulturgintzari, “aurretik ere krisian zegoen oso sektore zaurgarria” dela erakutsiz eta bizi duen larrialdia areagotuz. Distantziamendu sozialaren eraginez, “antzokiak, kulturguneak, liburutegiak, itxita daude; emanaldiak, kultur lanak, sormen lanak, programazio gehienak edo guztiak atzeratuta edo bertan behera utziak” daudela gogoratuz deskribatu du egoera EH Bilduko batzarkideak.
Bestetik, eta Kultur Batzordean ere Oma basoko obraren birsortzearekin dituen planei buruz galdetu zuen Elgezabalek. Ibarrolaren obra “oso ezaguna da danontzako eta danon memorian eta begiradan dagoen irudia” dela azpimarratu eta EH Bilduk proposatutako proiektua interesarekin jarraituko duela esan zuen: Ibarrolaren obra galtzeko zorian dagoela kontutan izanda, hartu den erabakia ulertzekoa da, beti ere, naturan egindakoa dela kontutan izanda, eta, beraz, iragankorra.
.