Babes handia jaso du Biltzen-ek
Ezarleen hauteskundeekin, urte hasieran egin beharrekoa zen Euskal Kutxetako Batzarrak berritzeko prozesua amaitu egin da.
Bezeroen talde honetan lortutako emaitzak BILTZEN plataformaren zerrendek izan duten babes garrantzitsua berrestera datoz, Udal eta Aldundietan duela urte eta erdi lortutako emaitzekin batera, azkenean, herritarren borondatea benetan ordezkatuko duten Batzarrak lortzea ekarriko duelako, azkenaldian gertutakoaren kontra beraz.
Gure premiazko balorazioan esan genuenez, Batzarra osatzen duten Taldeetan jaso dugun sostenguak ateak irekitzen dizkio hartu izan diren erabaki batzuen gainean norabide aldaketa egiteari, tamalez, onartu izan direnak eta gure ustez ekidin beharrekoak zirenak, horretarako aukerak ere bazirelako.
Etxe desjabetzen ugaritzeak, gehienak Kutxabank-en eskutik, kutxak eta Kutxabank alderdi politiko batzuen mesederako zuzendu nahi izan dutenen asmoen adibidea baino ez dira. Izan ere, herritarren beharrei bizkarra eman diete, Herri honetako ekonomia, enplegua sortzea eta krisi ekonomikoa gainditzeko politikak zeharo baztertuta.
Era berean, Pribatizazioarena bezalako asmoei aurre egingo diegu, kutxek beren izaera soziala eta publikoa gal ez dezaten gure esku dagoena eginda.
Hiru euskal kutxetako Batzarretako egoera berriak aukerak zabaldu ditu orain arte kontrolatu izan dituztenen asmoak baldintzatuko dituzten akordioetara heldu eta beharrezkoak dituzten aldaketak sustatzeko, euskal kutxen sorrera eragin zuten oinarriak berreskuratze aldera, inoiz laga behar ez zirenak: Euskal Herriko pertsona zein ekonomiarentzat Funtzio Soziala zuten finantza erakundeak izatea. Horretarako, alabaina, etxe desjabetzeekin bukatu beharra dago, benetako ekonomiari eta pertsonei begirako politika egin beharra dago, eta ez espekulazioari begira; Gizarte Ekintza mantendu eta bermatu beharra dago eta instituzioen zein enpresa txiki eta ertainen finantziazioari ateak ireki behar zaizkio, horren beharra baitute.
Horregatik, herrialde bakoitzeko emaitzak aztertu ondoren eta Gipuzkoan ordezkari gehien dituen indarra garela berretsita, izendatutako 79 Kontseilarietatik 37, honakoa diogu: Kutxaren Batzarrean ordezkaritza duten talde guztiekin elkarrizketak ABIATZEKO lana GURE GAIN hartzen dugu, lehen azaldutako irizpideen arabera Kutxak babestu eta demokrazia zein gardentasuna bermatuko dituzten akordioak lortzeko asmoz. Espero dugu talde desberdinek, bezeroek eta eragile sozial zein politikoek Kutxen izpiritua babesteko beharra ulertuko dutela, batzuek bilatzen dituzten alderdikeria, espekulazioa eta asmo pribatizatzaileetatik salbu.
Era berean, Araban eta Bizkaian dagokigun erantzukizuna ere gure egiten dugu, hauetan baina, herrialde bakoitzean nagusi izan den indarrak kontaktuak hastearen zain geldituko gara. Ezinbestekoak dira kontaktuak Batzarreko errealitatea Kutxen eta Kutxabank-eko gainera organoetan islatzeko. Eta ez diogu uko egiten elkarrizketak abiatzeari gainerako indarrek egiten ez badute. Guztiekin negoziatzeko prest gaude, baina argi utzi nahi dugu gure abiapuntuak Kutxen Izaera Soziala eta Gizarte Ekintza direla, beren izaera publikoaren defentsa eta, ondorioz, pribatizazio asmoen eta etxe desjabetzen kontra egitea. Kutxak eta Kutxabank Euskal Herriaren eta pertsonen zerbitzura jarri behar ditugu, alderdikeria eta espekulazioaren bitarteaz sortu duten krisi honetatik ateratzeko baliagarriak diren erakundeak sortzeko.
Jatorria: EUsko Alkartasuna