Jon Peli Uriguen, Gipuzkoako Berrikuntzako, Landa Garapeneko eta Turismoko foru diputatuaren iritzi artikulua
Azken asteotan, herritarrak harri eta zur gelditu dira, Kutxabank-eko Administrazio Kontseilua izendatzeko sortu den kalapita politikoa ikusita. Agian, talde politiko guztiok eman dugun itxura zera izan da: gatazka honetan bi jarrera nagusitu direla, “ez gaituzue mugiaraziko” ziotenena, batetik, eta “alde, nire txanda da eta” erantzuten zutenena, bestetik.
Egia da trikimailuez baliatu direla gizarteko sentsibilitate garrantzitsu bat Euskadiko finantza-erakunde bakarreko kontrol organoetatik kanpo uzteko beste behin, baina ezingo dugu ukatu, gauza nabarmena denez, Kutxabank-ek indar politiko guztien interesa pizten duela, karguak berritzeko garaia iristen denean batez ere.
Dena den, auzia azaletik bakarrik begiratuko genuke, baldin eta gure asmo bakarra balitz Kutxabank-en kontseilua nola izendatu duten jakitea. Izan ere, auziaren muinera jotzekotan, ez dezagun gure arreta jarri, ez lehentasunez behintzat, finantza-erakunde publiko horren etorkizuna erabakiko dutenen izenetan, jar dezagun EAJk apailatu duen ereduan, PP eta PSE alderdien oniritziarekin eta indar sindikal zenbaiten babesarekin. Nolanahi ere den, begien bistakoa da kontseilariak izendatzeko hartu den bideak eragin bat izango duela erakundearen negozio ereduan eta helburuetan.
Kutxabank-eko gaur egungo lehendakariak hau zioen elkarrizketa batean: “Kutxa ez da jabetza publikokoa. Esango bagenu bankuak (Kuxabank-i buruz ari dela) erakunde publikoa izateari utzi diola, erakunde pribatua izateko, oker ibiliko ginateke; izan ere, Kutxa ez da erakunde publiko bat, kredituko erakunde pribatu bat da Kutxa, edozein banku bezalaxe. Kutxak desberdintasun bakarra du edozein bankuren aurrezki kutxa batekin, eta desberdintasun hori da Kutxak ez diela dibidendurik ordaintzen bere akzionistei, dibidendu horiek gizarte dibidendu bilakatzen baitira, nolabait esateko.
Horixe da, hain zuzen, adostasunik gabe jaio den erakunde berri horren jatorriko arazoa, norabidez aldatzeko aukera guztiak itxi nahi izan dituen teatro-kolpe berri honen arazo-muina. Hots, Kutxabank kreditu entitate pribatua dela gaur egungo kudeatzaileen ustez. Eta irabaziak gizarte ekintzari esleitzea dela beste edozein bankurekin duen alde bakarra.
Jarrera horren aurrean, beste jokaera batzuk aldarrikatzen ditugu beste batzuek, aldeak alde eta errealitate berriari egokitu behar gatzaizkiola ukatu gabe, urte baitugu baliozkoa izaten jarraitzen duela bere garaian hartu zen ereduak, erakundeek kutxak sortu zituztenean egin zen hautuak. Alegia, eredua dela familien aurrezkiak jasotzea, baliabide horiek Lurraldearen garapen ekonomiko eta sozialaren alde jartzeko.
Alafede, ikusita gaur egungo egoera, non finantzari batzuen zekenkeriak gure ekonomia lur jota utzi duen, bankuek alo batera utzi zutenez beren betiko zeregina (batzuen dirua hartzea beste batzuei uzteko) eta soilik egiten zituztenez eragiketa erabat espekulatiboak, ezeren truke mozkin azkarrak ematen zizkien finantza ingeniaritzan oinarrituak, uste dugu orain inoiz baino gehiago komeni zaigula kutxen orduko eredua. Gure ustez, euskal banku publikoa izatea hil ala bizikoa zaigu garai hauetan.
Gaur egun, Kutxabank-ek kredituen iturria erabat itxi die bai gipuzkoar eta euskal enpresei -nahiz eta kapital zirkulatzailea behar duten ateak irekita jarraitzeko- bai etxebizitza bila dabiltzan gazteei; ez dezagun ahaztu, bestetik, zer jarrera izaten ari den hipoteka ordaindu ezin dutenekin. Kutxabank-eko kudeatzaileen obligazio da maileguak ematea, baina mailegu horiek itzuliko zaizkiela uste duten neurrian, Kutxabank-ek porrot egingo bailuke bestela. Baina, halaber, Gizarte Ekintzaren eskutik, beste ekintza batzuen artean kultur jarduerak diruz laguntzeaz gain eta puntako zentro onkologiko bat mantentzeaz gain, Kutxabank-ek apustu garbi bat egin behar du herri honetako familien eta enpresen alde.
Eta gertatzen bada, gertatzen den bezala, badaudela merkatuan sarbide garbia duten enpresak, etorkizuneko produktu bat ekoizten dutenak eta bideragarriak direnak, baina beren ordainketa-obligazioei aurre egiteko likideziako arazoak dituztenak, bezeroek 180 edo 300 egunera ordaintzen dietelako, Kutxabank-ek enpresa horiei laguntzea erabaki behar du zalantzarik egin gabe, duen gizarte funtzioak gizarte ekintzaren mugak gainditzen dituelako.
Euskal kutxen sendotasuna ez zen etorri bere kudeatzaileei esker, baizik eta ezarleei, enpresei, soldatapekoei, autonomoei eta erretiratuei esker, Kutxa, Vital eta BBK aukeratu baitzituzten beren aurrezkien gordailu, bankuak aukeratu ordez. Izan ere, finantza-erakunde publiko batean jarri zuten beren konfiantza, mozkinak gizarte ekintzan inbertitzen zituelako, besteak beste.
Baina bitartekoa eta xedea nahasten direnean arrisku bat dago: bitarteko eraginkorra izan daitekeen tresna bat alferrikako eta ezdeus bihurtzeko arriskua. Batzuentzat, ordea, Kutxabank sendotzea xede bakarra bihurtu da. Ez zaie inporta, handitzearren, gantza eta astuntasuna hartzea eta giharrik gabe geratzea. Batzuen ustez, ez da arazoa Gipuzkoako edota lurralde senide bateko enpresak edota herritarrak kreditu edo hipotekarako aukerarik gabe geratzea. Hauxe pentsatzen dute beren baitarako: “Nahikoa egiten dugu ekintza sozialari eusten; Bilduko pelma gogaikarri horien presioagatik eusten baitiogu eta benetako helburua lehenbiziko zazpi finantza-entitateen artean egotea baitugu” Bada… ez. EAJ, PP eta PSEko jaun-andreok: hori ez da gure eredua, ez horixe! Beraz, horrekin guztiarekin konforme ez gaudelako, eta entitate sortzaile garen aldetik, Kutxabank-eko gobernu organoetan sartzen ahaleginduko gara.Kutxak eta kreditu entitate pribatuak gauza bera ez direla pentsatzen dugunon ahotsa dagokion tokian entzun dadin eta Kutxaren eginkizuna jendearen eta enpresen zerbitzura egotea defendatzearren, Euskadi oparoago eta justuago bat osatzeko bidean.
Jatorria: Eusko Alkartasuna