“Euskal Herria behin-behinekotasun eta prekarietate tasa handitzera daraman lege-esparrua da”
PPk 2012an onartutako Lan Erreforma bertan behera uzteko beharra azpimarratu du Idurre Bidegurenek, Euskal Herriarentzat ondorioak dituen lege-esparrua dela azpimarratuz eta Hegoaldeko lau herrialdetan behin-behinekotasun tasa eta lan prekarietatea areagotzera eraman duela salatuz. Javier Maroto, Gasteizko alkate ohi eta egun Segoviako senataria denak aurkeztu du Senatuko Osoko Bilkuran erreforma osorik mantentzeko ekimenaren eta horren aurka agertu da EH Bilduko ordezkaria.
Bidegurenek adierazi duenez, PPren jarrera EH Bilduren proiektutik urrun dago, baina baita “errealitate sozialetik” ere. Senatariaren ustez, “beste lan-harreman oinarria izanda eta kalitate handiko kontratuekin krisiaren ondorioak oso desberdinak izango lirateke”, eta “akatsetatik ikasteko eta lan-politiken norabidea bideratzeko” deia egin du.
“2012ko lan-erreformaren oinarrian zenbat eta malgutasun handiagoa izan, orduan eta enplegu gehiago egongo zelaren ideia zegoen, baina errealitatea da behin-behinekotasun tasa igo egin dela, kontratazio mugagabea murriztu egin dela, prekarietate handiagoa eragin duela, soldatak jaitsi daitezen lagundu duela eta desberdintasun handiagoa eragin duela”, laburbildu du Bidegurenek, Legeak gazteengan eta emakumeengan duen eragin negatiboa azpimarratuz.
Espainiako Estatuak du Europar Batasuneko behin-behinekotasun tasarik handiena, gogorarazi duenez, “eta Covid 19ren krisiak agerian utzi du krisi garaian behin-behinekotasunak eta prekarietateak sortzen duten arazoa”.