Julio Artetxe Oso argi dago arlo publikoak lan esparruari dagokionez duen lehentasunik handienetakoa ekintzak sustatzeko politiken diseinua eta betearazpena dela, hain zuzen ere, lan merkatuan dauden desorekak eta desdoitzeak arintzeko helburuarekin. Hain argia eta erraza ematen duen hori ez da horrela, ohartzen bagara, adibidez, Europar Batasuna ez zela mota horretako ardurak seriotasunez aztertzen hasi 90eko hamarkadaren amaierara arte, Amsterdamgo Tratatuarekin (1997) eta Enpleguaren Europako Estrategia (EEE) abian jarri zenetik, bi horiekin hasi baitzen politika aktiboen erabileraren sustapena (eta horrela esaten zaie aurrearretaz jarduten dutelako) ordura arte nagusiak ziren politika pasiboen ordez. Ez da ahaztu behar azken horien helburua, ebaztekoa baino, gehiago zela baltsamikoa.
Kontua da desoreka horien ondorioz administrazio publikoek eta, orokorrean, gizarteak, desoreka horiek eragingarritasun eta iraunkortasunezko irizpideak erabiliz zuzentzeko aukerak bilatu behar izan dituztela, abiaburu moduan merkatuaren beraren kanpokoak diren esku hartzeak hartuta. Bereziki testuinguru horretan bidezkotzen da politika aktibo horien prestaketaren derrigortasuna. Europa barruko jarduketa handiagorik ez dagoela aintzat hartuta, ahalegin hori estatu, autonomia eta toki mailako administrazioen ardura bihurtu da. Egoera hori larriagoa da Euskadiren kasuan, gobernu zentralak ukatu egiten dizkiolako Eusko Jaurlaritzari enpleguaren arloko politika aktiboen transferentziak, eta, horrek, erakundeen arteko koordinazioari dagokionez, erantzukizun gehiago eskatzen digu besteak beste hiru ardatzetan: estrategia erkideen diseinua (helburuen definizioa eta ekintzen ildoen diseinua); jarduketen koordinazioa; eta, hirugarrenik, horien aplikazioaren jarraipena eta lortu diren emaitzen ebaluazioa. Ildo horretatik Aldunditik oso pozik eta itxaropentsu ikusten dugu Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak Lanbide, Enpleguaren Euskal Zerbitzua, abian jartzea, seguru gaudelako hasieratik burutuko dituen informazioa, orientazioa eta preskripzioak emateko jarduketa horiekin hutsik dauden lanpostuen eta enpleguaren bila dauden pertsonen arteko haustura murrizten lagunduko duela.Hasierako helburuak zeintzuk izango diren oso garbi daudela ematen du, bereziki mugatzat enpleguaren hazkuntza izango dutenak, gazteen arteko langabezia eta iraupen luzekoa murriztuta, emakumeen enplegua eta 55 urtetik gorako pertsonen enplegua sustatuta eta, batez ere, egungo egoera honetan enpleguen kalitatea eta iraupena zainduta (nahiago dugu hitz hori gehiegi erabiltzen den egonkortasuna baino). Horretara iristeko eta ekintza horien optimizazioa lortzeko erakundeen arteko koordinaziotik abiatuta jardungo da, babes sozial, araubide fiskal eta prestakuntza sistemetan eragina izango duten planteamenduekin, alegia. Halaber, derrigorrezkoa da bizitza aktiboa luzatzeko politikak bultzatzea, eta, horretarako, bizitza osora luzatuko den prestakuntzaren inguruan lan merkaturako gaitasunak garatu. Horiek ez ezik, lanpostua pertsonari egokitzeko ahalegina egingo da, eta bereizkeriaren aurkako borroka garatuko da, lana lortzearekin batera gizarteratzea sustatuz. Azkenik, gizartean enpleguari bide berriak ireki behar zaizkio, ezagutzan eta horren inguruko zerbitzuetan oinarrituko diren berrikuntzak, alegia. Beharrezkoa da, nola ahaztu, gizon eta emakumeen arteko aukera berdintasunerako politikak sendotzea, desorekei aurre eginez eta lana eta familiako bizitza bateragarri bihurtuta. Era berean, derrigorrezkoa da enpresa-espiritua suspertzea eta enplegua sortzea. Horretarako, irauteko moduko enplegua sortzeko motorrak diren enpresak egin behar dira, eta haiek finkatu. Gure erronka da, gizarte osoaren erronka da, eta horretarako azkar jokatzeko gauza izan behar dugu, hala hemen, Euskadin, nola nazioarte mailan.
Jatorria: Julio Artetxe