Legebiltzarkideok, egun on:

Lehenik eta behin, esan nahi dut gaur aurkezten dugun Plan honek prebentzioaren kultura duela oinarri.

Hona gure buruari jarri diogun helburua: datozen hiru urteotan lan-istripuen kopurua milako lau koma bost murriztea.

Horretarako, urtero-urtero hamabi milioi euro inbertituko ditugu lan-istripuen aurkako borrokan. Orain arte, bederatzi milioi euro ziren. Beraz, ehuneko hirurogeita hamairuko hazkundea izango da. Eta, guztira, berrogeita zortzi milioi euro, lau urtetan.

Era berean, bertoko Lan Ikuskaritza sortuko dugu, Erakunde Publikoak eta Kooperatibetarako. Baita Behatoki bat ere, lan-istripuen zioak aztertzeko.

Jakin, badakigu, lan-istripuen aurkako borroka luzea ez ezik zaila ere badela. Baina, nire ustetan, bide zuzenetik goaz, oraindik ibilbide handia geratzen zaigun arren.

Eta esan behar dut, argi eta garbi, borroka horretan, bide luze horretan, asko aurreratuko genukeela, baldin eta Espainiako Gobernuak Euskadiri dagozkion eskumenak, hau da, tresnak, ukatuko ez balizkigu.

Lehendakari jauna, legebiltzarkide jaun eta andreok:

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak egin eta gobernu-kontseiluak joan den uztailaren 29an onartu zuen Laneko segurtasun eta osasunaren plan zuzentzailea (2003-2006) aurkeztera natorkizue, agerraldi honetan.

Azaltzen hasi aurretik, esan nahi dizuet aitzindaria eta asmo handiko plana dugula aurrean; izan ere, gobernu-kontseiluak mota horretako agiri bat onartzen duen aurreneko aldia izateaz gain, gainera, eta aurreneko aldiz ere, laneko segurtasun eta osasunaren arloan eskumenak dituzten jaurlaritzako administrazio-maila guztiek parte hartzen dute bertan.

Hasteko, gure herrian gertatzen diren lan-istripuez arituko naiz:

• 2000tik aurrera gutxitzeko joera antzeman dugu, eragin globalaren indizeari dagokionez.

……………2000………………….. 2001…………………2002…………….
……….77,96 milako…………76,36 milako…………73,65 milako……..

• Erainkuntzan, berriz, eragin-indizea, 1999a eta 2002a bitartean, gainerako sektoreen batez bestekoa baino 2,4 handiagoa izan da, eta 2,8 handiagoa heriotza eragindako istripuei dagokienez.

Lesio-motei dagokienez, hauxek dira maizago gertatzen diren istripuak: bihurdurak, zaintiratuak eta distentsioak; eta ondoren kontusioak eta zapalketak, hausketak eta lunbalgia.

• Istripu-motaren arabera, ohikoenak gehiegizko ahaleginak dira, objektuekin edo lanabesekin emandako kolpeak, eta, horien ondoren, objektuen artean harrapaturik geratzea eta pertsonak erortzea.

• Astelehenetan gertatzen dira istripu gehiago, nahiz eta gutxitzeko joera dagoen, eta, horri esker, astelehena laneko segurtasunaren ´egun latza´ izateari uzten hasia da. Istripu larri gehiago lanaldiko lehenengo orduetan gertatzen dira.

• Eskuak dira istripuek gehien kaltetzen duten gorputz-atala, eta horren ondoren, eraikuntza-sektorean, beheko gorputz-adarrak (oinak kenduta)´.

• Gainera, antzeman dezakegunez, langile gazteei, behin-behingo kontratuak dituzten langileei eta lanpostuan 7 hilabete baino gutxiago daramatenei gertatzen zaie lan-istripu gehiago.

Horra hor, oro har, gurean dauden lan-istripuen egoera. Hori aztertuta, benetako kezka sortzen zaigu, eta, dudarik gabe, gure jarrera aktiboa bultzatu beharra eta, baita ere, herri honetako gizarte eta ekonomia arloko eragileekiko koordinazioa areagotu beharra.

Planak ez ditu albo uzten azalaratzen ari diren lan arriskuak eta gaixotasunak

• mobbing, burnout (´langile errearen´ sindromea) baina nabarmendu beharra dago, gai horri buruzko ikerketa ugarik egiaztatu duen bezala, orain langileek lehen baino arazo fisiko gehiago nozitzen dutela. Izan ere, laneko estresarekin eta gaixotasun psikosozialekin lotutako patologien hazkundearekin batera, traumatismo errepikakorrak eta giharretako eta hezurdurako gaitzak gero eta ugariagoak direla antzeman da.

Horrekin batera, prebentzio-kultura sendotu nahi dugu, behin betiko, zenbait baliabide politiko (legegintzakoak; gizarte-elkarrizketa; ohitura hobeak dituzten ereduak aurkitzea; enpresek euren borondatez egiten duten ekarpena gizarte hobea eta ingurune garbiagoa lortze aldera; pizgarri ekonomikoak, eta abar) eta Segurtasunaren eta Osasunaren eremuko eragile guztiekiko lankidetza batera baliatuta.

Dena den, Euskadin Lan Arriskuen Prebentzioarekin zerikusirik duten jarduerak Eusko Jaurlaritzako zenbait sailetan eta Estatuko Administrazio Orokorrean banatuta egotea zuzendu beharreko desabantaila da. Horixe izango da, hain zuzen ere, gure borroka-gaietariko bat, batez ere Lan Ikuskaritzarekiko lankidetzaren bitartez landuko duguna.

Horrekin batera, prebentzioaren eginkizunari dagokionez kultura aldaketa bilatzea da, neurri handi batean, plan zuzentzaile honen ardatza. Arlo horretan ez dago epe laburrean datu ikusgarririk espero izatea, baina Osalanek egindako ´ikasgela ibiltaria´ moduko kanpainak (lehenengo saioan Euskal Autonomia Erkidegoko 10.500 ikasle baino gehiago hartu zuen, ikasturte honetan gainditu nahi dugun kopurua), agian ez dira hain ikusgarri geratzen jendearen aurrean, baina, konbentziturik gaude horiei esker lortuko dela etorkizunean herri honetako langileentzat zein enpresa-buruentzat prebentzioa behin betiko funtseko balioa bilakatzea.

PLAN ZUZENTZAILEAREN HELBURUAK ETA JOMUGAK

Planak ezarritako helburua honela zehazten da: Euskal Autonomia Erkidegoan eragin-indizeak batez beste 4,5 puntu gutxitzea 2003a eta 2006a bitartean, hau da, mila langilekiko eragin-indizea 73,65ekoa izan beharrean, 69,15ekoa izatea.

Eta, egia bada ere borroka latz eta luze batean ez dagoela ezta segundu batez ere atsedenik

• konformismo izpirik
• hartzerik, hona gure Sailaren lan-istripuen aurkako planean 2002an babestutako enpresei buruzko datuak: istripu hilgarriak ehuneko 60 baino gehiago gutxitu ziren, ez ziren, ordea, hainbeste murriztu planetik kanpo geratutako enpresetan.

Gainera, kontuan hartu behar da planak 2001ean 100.000 langile baino gutxiago hartzen zituela; eta 2002an, berriz, 222.000. Eta 2003an, aurreikusita dago 330.000 hartzea, alegia: EAEko langileri aktiboen ia herena eta EAEko besteren konturako kontratatutako langileen ia erdia.

Hona zelan zehazten den istripu-gutxitze hori jarduera-sektoreen arabera:

NEKAZARITZA
-4 puntu (milako 56,9tik 52,9ra)

INDUSTRIA
-5 puntu (108,98 izan beharrean, 103,98)

ERAIKUNTZA
-5 puntu (200,62 izan beharrean, 195,62)

ZERBITZUAK
-4 puntu (41,43 izan beharrean, 37,43)

Planak helmuga horietara heltze aldera zenbait helburu ezartzen ditu, besteak beste, azpimarratzekoenak hauexek dira:

• I+ G proiektuak: 26
• Lantokirako bisitak: 11.160
• Prebentzio-ordezkariak prestatzea: ehuneko 100, 2006an
• Prestakuntza espezializatua jardunaldi teknikoetan: 16.600 lagun
• Osasun-zaintza: 720 ikuskapen
• Laguntzak eta diru-laguntzak: 2,25 milioi euro

Ekoizpenaren hazkunde nabarmen horrek langile gehiago hartzea dakar, guztira, 27 lagun. Horietarik, hamar Administrazio Publikorako eta Kooperatibetarako Lan-ikuskatzaileen kidegokoak.

Plan zuzentzailean istripuen aurka ezarritako proiektu guztiak gauzatzeko 2003a eta 2006a bitarterako aurrekontu osoa 48 milioi euroko ingurukoa izango da, hau da, 12 milioi euro urtean; 12 milioi, bai; iaz, berriz, 9.

JARDUNBIDEAK

Erroan eragin eta borrokatzea da planaren helburua, alegia, istripuen zergatietan.

Eta, horretarako, izugarrizko garrantzia ematen die kultura eta prestakuntza kontuei, lan-arriskuari dagokionez gizartearen balioak aldatzeko epe ertain eta luzeko ahaleginean.

Horrela izanik, plana taxutzean jarduteko lau arlo estrategikoak ezarri ditugu; bi zutabetan oinarritzen den ekintza: lan-istripuak behatzea eta ikertzea, eta komunikatzea, betiere komunikazioa prebentzio-kultura hedatzeko baliabidetzat hartuta.

Hona LAU ARLO ESTRATEGIKOAK:

1. Kulturari eta gizarte-kontzientziari dagokienez, Planak honako hau ezartzen du:

- Unibertsitatearekin hitzarmenak sinatzea, Lan Arriskuen Planari buruzko ikastaroak antolatu eta emateko, eta lanbide-heziketako ikastetxeekin, zenbait titulaziotan lanen arriskuen prebentzioa sartze aldera. Horri dagokionez, Donostiako Ingeniarien Fakultatearekin hitzarmen bat sinatu berri dugu, Laneko Arriskuen Prebentzioaren ikasgaia ikasturte honetako ikasketa-planean sartzeko. Arlo teknikoko Lanbide Heziketako eskolek ere egin dute, eta gainera Enpresa-zientzietan aukera askeko ikasgai moduan sartzea lortu da, eta aukerako irakasgai moduan, berriz, Arkitekturan, Zuzenbidean eta Ekonomia-zientzietan.

- Hezkuntza Sailekiko hitzarmenak, derrigorrezko hezkuntzan prebentzioaren kultura hedatzeko planak abian jartzeko.

- Prestakuntza-argitalpenak eta materialak hedatzea.

2. Prestakuntzari eta Trebakuntzari buruzko arloari dagokionez:

- Lan Arriskuen Prebentzioko goi-mailako teknikariaren titulua sortzea, baita Laneko Segurtasun eta Osasuneko Katedra ere.

- Eraikuntzako segurtasun-koordinatzaileak prestatzeko berebiziko prestakuntza.

- Bekak, diru-laguntzak, eta abar.

3. Prebentzioari eta Kontrolari buruzko arlo estrategikoari dagokionez:

- Prebentzio-zerbitzuen, kontu-ikuskaritzen eta prestakuntza-erakundeen jarduerak kontrolatzeko planak ezartzea.

- Enpresen arteko legez kanpoko lan-eskuaren lagapenaren kontrola.

- Aldi Baterako Lanen Enpresek besteren esku utzitako langileen osasunari buruzko prestakuntzaren eta zainketaren gaineko kontrola

- Administrazioarekin kontratuak ez egiteko zigorra duten enpresen erregistroa sortzea.

- Arau-hausteen eta zigorren legezko arauak egitea.

- Langileen osasuna zaintzeari dagokionez mutualitateek egindako lana ikuskatzea.

4. Prebentzioa enpresa-inguruan sartzeari buruzko arlo estrategikoari dagokionez:

- Enpresa txiki eta ertainei eta enpresa txiki-txikiei buruzko oinarrizko informazio-kanpaina, legezko erantzukizun eta obligazioei buruzkoa:

- Lan Arriskuen Prebentzioa kudeatzeko eredu egokia hautatzea, enpresetan eta administrazio publikoetan.

- Enpresekin eta enpresa-elkarteekin suspertze-proiektuak egitea.

- Administrazioak bere kontratistekin eragile suspertzaile gisa duen eginkizuna garatzea. Administrazioak eredugarria izan behar du, eta, horretarako, administrazioek sustatutako obra publikoetan laneko segurtasun-neurriak eta lan-arriskuen prebentziokoak zorrozki betetzea bultzatuko dugu, baita enpresa esleipendunak kontrolatzeko, ebaluatzeko, ikuskatzeko eta zigortzeko neurriak indartzea ere.

- Prebentzio-zerbitzu erkidetuak sustatzea, enpresa txiki eta ertainetan eredurik egokiena delakoan, baita txiki-txikienetan ere bai.

BEHATOKIA bereziki aipagarria da, betiere berori behatze kontzeptu moduan ulertuta, erakunde espezifikoa baino gehiago, eta gaur egun egiten ari diren ikerketetan oinarrituta garatuko dena. Behatokiaren helbururik nagusia da lan-istripuak eta beren zergatiak ikertzea, beroriek saihesteko erabakiak taxutzeko, baita arrisku berriak antzematea eta zaintzea ere. Lau jardunbideak ezarri ditugu:

• Lehenengoa, Lan Segurtasun eta Osasun Ikerketak egiteko, istripuetan eragiten duten item-ak aztertzeko (zergatiak, maiztasuna, bajen iraupena, istripuen sailkapena, eta abar).

• Era berean, gaixotadun profesionalen gure informazio-sistema, I+G proiektuak, Europako sareekiko landiketza, eta planifikatzeko eta kontrolatzeko zenbait prozesu garatzea.

• Arrisku berriak antzemateko eta zaintzeko jardunbidea, zenbait ikasgai izango dituena: gizartearen aldaketak, lan-harremanak, lan egiteko moduak, eta abar. Horrela, sortzen ari diren arriskuak, psikosozialak eta ergonomikoak, eta beroiei aurre hartzeko ekintzak ikertuko dira.

• Artisautzatik gertuen dauden sektoreek eta teknologia gutxien darabiltenek ere esku-hartze espezifikoa behar dute. Jarduteko hirugarren lerroak arriskuak sektoreka ikertu eta aztertuko ditu, eta beste herri batzuetan ezarritako ereduak ezarriko.

• Azkenik, urteko sari bat sortuko dugu, lan-segurtasun eta osasunean bikaina izana saritzeko. Nolabaiteko ISO ziurtagiria, edo kalitatezko labela, prebentzio-gaietan.

Hemen azaldutakoaz gain, Laneko Segurtasun eta Osasuneko Planak (2003-2006) zenbait JARDUERA EDO SEKTOREKO PLANA planteatzen ditu, euren eremuko zirkunstantzia espezifikoak direla-medio, berebiziko arreta merezi duten biztanle-taldeetan eragin fokalizatua bilatzen dutenak.

* Eraikuntzako sektorean, dudarik gabe gure lehentasun eta kezka nagusia, jarduerak istripu-indizeak gutxitze aldera ezarriko dira, segurtasuneko baliabideetan eta sistemetan inbertsioa bultzatuta, prestakuntza sustatuta eta, nola ez, sektore honetan istripuen aurkako plan berezia bultzatuta. Eraikuntzan, aurten (irailaren 30a arte) guztira iaz denboraldi berean izandakoak baino gutxiago izan dira (7.656 aurten; iaz, berriz, 8.057). Seguru asko, zerikusirik izango du 2003ko urtarrilaren 1etik aurrera istripu-tasa kezkagarria duela ikusita sektore honetako enpresa guztiak

• eta guztiak esan dut
• istripuen aurkako planean sartu izanak. Aurten, istripu larriak areagotu dira (82; 77 ordez) eta hilgarriak ere bai (19; iaz, 14). Guk, dena den, jarraitzen dugu lan egiten lan-istripuen kontrako borroka hori hobetzen eta sendotzen.

* Gauza bera gertatuko da Aldi bereko laneko enpresetan lan-istripuaren kontrako planari dagokionez.

* Lan-arrisku berrien artean mobbing fenomenoa aipatu beharra dago. Dakizunez, gure autonomia-erkidegoak berebiziko interesa jarri du arazo honi aurre egitean, eta, horrenbestez, plan zuzentzailean jardunbide berezi bat dago horri buruz.

* Orobat, planak urteko plan berezia egitea jasotzen du, sasoikako langileen lan, ostatu eta laneko osasuneko baldintzak kontrolatzeko.

* Lan-jardunbide horiez gain, planak aurreikusten du beste zenbait jarduera: besteak beste, amiantoa, produktu minbizi-sortzaileak eta biologikoak erabiltzearekin zerikusirik dutenak; arrantza-ontzien gaineko segurtasunaz, eta sektore kimikoko enpresetako osasun-zaintza.

IKUSKARITZA ZERBITZUA

Plan zuzentzailearen lerro nagusiak aurkeztu dizkizuet; lan-baldintza hobeak, seguruagoak eta osasungarriagoak bilatzen dabiltzan eragile guztien topa-gunea izan gura du planak. Ez dut nire berbaldia amaitu nahi lehen aipatu dudan nobedadea aipatu barik, Saileko Lan Zuzendaritzari dagokiona, hain zuzen. Administrazio Publikoetarako eta Kooperatibetarako Lan Ikuskaritza sortzeaz ari naiz; dakizuenez, horiek EAEren eskumen esklusiboak dira eta. Zerbitzu berri horrek 10 kide izango ditu, eta 2.847 zentroen inguru laneko segurtasun eta osasun-arloan kontrolatzea ahalbideratuko du. Aurreikusita dago urteko 550.000 euroko aurrekontua izatea.

Horri dagokionez, nire ustez beharrezkoa da berriro ere, Gernikako Estatutuan jasotako Ikuskaritzaren eskumenak erreklamatzea (lan-arloko legeen betearazpena); izan ere, funtsezko baliabide hori izan ezean, oso zaila izango baita lan-istripuen aurkako borrokan eraginkorragoak izatea. Espero dut orain aurrean dugun lana EAEko enpresa guztien ikuskaritza jasoko duen egitura handiago baten aurrelaria izatea. Izan ere, askotan esan dudan lez, lan-istripuen aurkako borroka eraginkortzat jo ahal izateko, prebentzio-politika osatzen duten kate-maila guztiak eskura izatea funtsezkoa delako.

ONDORIOAK

1. Segurtasun eta osasuneko plan zuzentzailearen asmoa da Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren lan-kalitatea hobetzeko lanabes eraginkorra izatea.

2. Horrekin batera, prebentzioaren eginkizunari dagokionez kultura aldaketa bilatzea da, neurri handi batean, plan zuzentzaile honen ardatza.

3. Planaren asmoa da Euskal Autonomia Erkidegoan istripuen eragin-indizeak batez beste 4,5 puntu murriztea 2003a eta 2006a bitartean, hau da, gaur egungo eragina milako 73,65, izan beharrean, 69,15 izatea.

4. Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen eskumen-sakabanaketak sortutako desorekak zuzentzea izango dugu borroka-gaietariko bat.

5. Plan zuzentzailean sartutako proiektu guztiak gauzatzeko, 2003a eta 2006a bitartean, 48 miloi euroko aurrekontua beharko da.

6. Planak Behatoki bat sortzea aurreikusten du, eta hainbat gai lantzea ere bai:

• Kultura eta gizarte-sentikortzea.
• Prestakuntza eta trebakuntza
• Prebentzioa eta kontrola
• Prebentzioa enpresa-eremuan txertatzea.

7. Administrazio publikoetarako eta kooperatibetarako Lan Ikuskaritza sortuko dugu, eta, horri esker, 2.487 zentro inguru kontrolatuko ditugu lan segurtasun eta osasunari dagokienez.

Jatorria: Joseba Azkarraga