Sektore bakoitzaren beharretara egokitutako neurriak hartzeko beharra aldarrikatu zuen Idurre Bideguren, EH Bilduko senatariak atzo egindako Senatuko Osoko Bilkuran. Egoera ekonomiko larrian hartu beharreko neurrietaz gain, produkzio-egituraz eta lan merkatuaz eztabaida politiko serio eta eraikitzailea zabaltzearen alde egin zuen.
Langile autonomoentzat laguntzak eskatzen zuen PPren ekimenari “sektore konkretuetaz hitz egitea egokiagoa” litzatekeela erantzun zion Bidegurenek: “Merkataritzan, ostalaritzan, turismoan, garraioan edota kulturan autonomoak pairatzen ari direna ez da konparagarria beste sektore batzuekin eta arreta berezia behar dute”. Horregatik, sektore bakoitzaren berezitasunetara egokitutako laguntza zehatzak behar direla esan zuen eta gainera “orain arteko laguntzak beharrezkoak izan dira baina ez dira nahikoak izan” adierazi zuen, negozio txikiek arreta berezia behar dutela azpimarratuz.
Era berean, lan merkatuari buruzko eztabaida egiteke dagoela esan zuen EH Bilduko senatariak. “Zergaitik dauka Espainiak autonomo kopuru hau? Zergaitik dauka Espainiak horrenbeste autonomo faltsu? Zergaitik dauka Espainiak Europako behin-behinekotasun tasa altuena? Zergaitik galdu diren lanpostuak, gehienbat, gazteak eta emakumeenak izan dira?”, galdetu zuen merkatu eta lan eredu hori aldatzeko beharraz ohartaraziz, “hurrengo krisiaren ondorioak hain latzak ez izateko”.
Euskara hutsez egin zuen Bidegurenek atzoko hitzartzea Euskaraldiarekin bat egin eta abenduaren 3an ospatzen den Euskararen Nazioarteko Eguna oritzeko. Gainera atzo Hiesaren aurkako eguna zela kontutan hartu eta gaitzaren “kontra borrokatu duten guztiei euren lana aitortu eta besarkada handia” eskaini zien.
Bideguren