Maiatzaren 1ean, inoiz baino beharrezkoagoa da langileen borroka bateratuaren garrantzia nabarmentzea, gizartea mehatxatzen duen desertizazio industriala geldiarazteko. Tubacexen egoera larriak, Euskal Herrian, eta bereziki Aiaraldean, ematen ari diren beste itxiera eta EEE batzuekin bat egiten du. Koronabirusaren krisia ezin da aitzakia izan gure langileei danbatekoa emateko.
Batzuen utzikeriaren aurrean, erakunde publikoek lan egin behar dute enplegua sustatzeko, lehendik dagoena bermatzeko eta lan-baldintza duinak ziurtatzeko. Aurrekaririk gabeko osasun-krisia da bizi duguna, ondorio ekonomikoak dituena, eta, horregatik, erakundeek ahalegin handiagoa egin behar dute herritarren lan-eskubideen defentsaren alde lan egiteko.
Euskal Herri askea nahi dugu, non justizia soziala eta enplegu duina oinarrizkoak izango diren. Indarrak batu ditzagun gure helburua lortzeko. Herri duin baten eraikuntzan ezinbestekoak gara langileok eta gure eskubideen defentsa. Herri duin hori eraiki dezagun.