EAko bozeramailearen iritziz, edukirik gabeko hitzaldiak baino proposamen zehatzak egiten dituela frogatzeko beste aukera on bat alferrik galdu du gaur lehendakariak Legebiltzarrean.
Jesus Mari Larrazabalek “etsipenez baina ezusterik gabe” jaso ditu Patxi Lopezek Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrean emandako azalpenak. “Etsipena sentitu dut baina ez nau ustekabean hartu, besterik ez nuelako espero; espero nuena egin du lehendakariak, bere hitzaldia erretorikoa izan delako, eduki praktikorik gabekoa eta, baita ere, krisiari eta euskal gizartearen arazoei aurre egiteko proposamen zehatzik gabekoa”, adierazi du EAk Legebiltzarrean duen bozeramaileak.
Buruzagi independentistaren esanetan, “edukirik gabeko hitzaldiak baino proposamen zehatzak ere egiten dituela erakusteko beste aukera on bat alferrik galdu du Lopezek; gobernu bateko buru izateko gaitasunik ez duela erakutsi du berriro ere”.
Zentzu horretan, Larrazabalek Lehendakaritzan egindako hutsa errepikatzea leporatu dio lehendakariari, “egun hartan bere sailburuen eta sailburuordeen aurrean egin zuen gauza bera egin baitu Legebiltzarrean: aurtengo aurrekontuak eta bere hauteskunde-programa nahastu, ‘collage’ bat egin eta aurkeztu du, baina ez du benetako gobernu programa bat ekarri, ez du zehaztu zer nolako neurri zehatzak hartuko dituen euskal gizartearen beharrei behar bezalako erantzuna emateko. Gizarte kontratuaz eta elkar-erantzukizunaz hitz egiten du, baina horiek efektu praktikorik gabeko ideiak dira, helburu bakarra jendea nahastea izanik”.
EAko legebiltzarkidearen ustez, “Lopez hain dago kezkatuta Euskobarometroarekin, ezen orain duen asmo bakarra bere irudi publikoa hobetzea den. Egun duen helburu bakarra propaganda da, ez arazoak konpontzea, baina dagoeneko jakin beharko luke produktu bat txarra denean sekulako propaganda egin daitekeela, baina azkenean inork ez duela erosten”.
Jatorria: Eusko Alkartasuna