Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean eratu den biktimen lantalde iraunkorrean Eusko Alkartasunak duen ordezkari Rafael Larreinak gaur adierazi duenez, “biktimen alde lan egiteko orduan inor ez dago soberan eta horregatik Eusko Alkartasunak lanean jarraituko du legebiltzar-talde guztiek terrorismoaren biktimen egoerari erantzuna emateko lanari hel diezaioten”.
Ildo honi jarraituz, nabarmendu du EAko legebiltzarkideak, “ikuspuntu demokratiko batetik PPren jokaera onartezina da, lantaldean parte hartzearren Ezker Abertzalea legebiltzar-taldea ez egotearen baldintza ipini baitu; hau beto onartezina da praktikan, Legebiltzarreko organoetan parte har dezaketen taldeak zeintzuk diren erabaki dezaketen bakarrak hiritarrak direlako, euren botoen bitartez”.
“Are gehiago –erantsi du Larreinak–, biktimen egoerari behin-betiko erantzuna ematearren beharrezkoa da talde guztiek, salbuespenik gabe, elkarrekin lan egin eta euskal gizarte osoaren babesa, bere legezko ordezkarien bitartez, izan behar duten akordioak lor ditzatela”.
Halaber, EAko legebiltzarkideak iragan astean eginiko eskaintza berretsi du: “Giza Eskubideen Batzordeak ematen duen batasunpean indarkeriak, modu batean ala bestean, eragin dituen injustiziak eta giza eskubideen urraketak pairatu dituzten lagunen egoerari eta eskariei erantzuteko behar diren lantaldeak sor daitezela”.
“Legebiltzar-talde guztiek lantalde horietan elkarrekin lan egin ahal dezaten behar den adostasuna lortzeko lanean jarraituko dugu, bakarrik horrela, elkarlanaren bitartez eta gizartearen legezko ordezkarien inplikazioaren bitartez, normalkuntza politikoaren, demokraziaren eta bakearen bideetatik aurrera egin daitekeelako”.
Jatorria: Rafael Larreina