Santi Merino, Eusko Alkartasunako Ejekutibako Politika Instituzionaleko idazkariak eta Maider Carrere, Gazte Abertzaleak-eko idazkari nagusiak larunbatean Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin dute gaur.
Eusko Alkartasunako kideok datorren larunbatean Bilbon “Ez manifestazioen debekuari. Ez inongo inposiziorik, ez inongo indarkeriarik. Bai giza eskubideei, eskubide zibilei eta politikoei” lemapean hainbat hiritarrek deitu duten manifestazioan parte hartzeko deia egiten du.
Duela pare bat aste jazotako debekuen markoan, txalotzekoa da hiritar talde batek honen inguruan kezka izanik, eskubideen urraketen aurkako manifestazioa deitzea. Irailaren 11an kokatuak, debekatutako manifestazioak Adierazi EHk eta zenbait euskal hiritarrek deitu egin zituzten, gure alderdikidea den Sabin Intxaurraga bezala, euskal gizartearen zati garrantzitsua biltzen dituzten indarren atxikimendua lortuz.
Aurreko martxek “Eskubide guztiak, pertsona guztientzat, Euskal Herri osoan” eta “Adierazpen askatasuna, eskubide guztiak guztiontzat” zalantzarik gabeko lemapetan deituak izan ziren. Hala eta guztiz ere, Auzitegi Nazionalak bi deialdiak debekatu zituen. Jarrera hauek ikusita, gure aburuz, PSOEk, PPk eta Auzitegi Nazionalak beldurra dute: Ezin dute onartu Euskal Herria ziklo berri batean sartu dela, eskenatoki politikoa erabat aldatu dela. Argi eta garbi ikusten dugu beste guztiok, baina hauek ez dute onartu nahi. Eta ez dute onartu nahi, momentu hontatik aurrera, garai aldaketa hontatik aurrera, euskal gizarteak izan behar duelako eskenatoki hontako eragile nagusia.
Erabaki politiko soiletan oinarritzen den ziklo aldaketa bizitzen ari gara. Eta hori da ikaratzen diena. Gizartea eta indar independentistak eragile nagusiak diren prozesu politikoan murgilduta egoteak sortzen dien larritasunaren aurrean, epai debekuen eta ekintza polizialen bitartez erantzutea besterik ez zaie gelditzen.
Beraz, Eusko Alkartasunak bere afiliatu eta jarraitzaileei, zein euskal gizarteari orokorrean, dei egiten die larunbat honetan Bilboko Casillatik arratsaldeko 17.00tan debekuen eta biolentziaren aurka, giza eskubide, zibil eta politikoen alde, irtengo den manifestazio nazionalean parte hartzea. Eta batez ere, manifestazio honen gakoa garai politiko berrietan datzanean, zeinak bere lehenengo urratsak eman dituenak jada.
Eusko Alkartasuneko kideok argi dugu Euskal Herrian normalkuntzarako eta bakegintza lantzeko esparrua hemen dagoela, ez beste inon. Prozesu honek Euskal Herria izan behar du agertoki bezala, eta euskal gizartea eragile nagusiena. Beraz, gizarte hontatik at dagoen inor, ez ETAk ezta espainiako gobernuak ere, ez du eskumenik euskal gizarteak bere etorkizun aske eta baketsuaren inguruko erabakimenaren baitan sartzeko.
Beste zenbaitetan esan dugun bezala, eskenatoki berri batean beraien egoera mantentzea zail ikusten duten horiei, hau da, PSOEri eta PPri, urduriarazten jarraituko dugu; euskal gizarteak argi eta garbi mintzatzea beldur dira, eta batez ere proiektu politiko guztiak mahai gainean jarrita baldintza beretan jokatzea ez dute gustoko.
Larunbat honetan eskenatoki politikoan urrats berri bat emango dugu Bilboko kaleetan zehar; oztopoak oztopo, eskubide zibil eta politikoek aldarrikapenean tinko ihardungo dugu, gizabanakoen zein talde eskubideak barne dituzten Giza Eskubide guztien alde martxa egingo dugu.
Jatorria: Eusko Alkartasuna