Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak eta Mikel Arregi Zestoako alkateak agerraldia egin dute gaur Gipuzkoako Batzar Nagusietan, EH Bilduk eskatuta, Zestoako Narrondo eta Iraeta auzoak lotuko dituen Urolako bide berdearen obren atzerapenari buruz duten iritzia azaltzeko.
“Gaurko agerraldian aldarrikatzen dugun bidegorri zatia Zestoako Udalaren lurretan dagoen arren, ni Zumaian duen eraginagatik nator gaur hona”, azaldu du Ostolazak.
Alde batetik, “Narrondo auzoa bi udalerrien lurretan kokatuta dago, 80 bat pertsona bizi dira eta bertako bizilagunek eguneroko bizitza Zumaian egiten dute”, azaldu du. “Narrondo auzoa ondoren, Zestoako auzoa den Arroa-behera dator, bertan 500 bat pertsona bizi dira, Zumaiako erdigunetik 3km-etara dago eta Narrondoko bizilagunekin gertatzen den bezala, zerbitzu gehientsuenak Zumaian jasotzen dituzte; besteak beste, kiroldegiaren erabilera, DBH egitera, kirol klubetan jokatzea, lagun kuadrilak, ikastaroak, Musika Eskola….”
Horregatik guztiagatik, argi geratzen da “bi guneak lotzeko beharra”. “Bidegorriak kotxez egiten diren bidaiak murriztuko ditu, txirrindulari protagonismoa emanez”, adierazi du. “Obra hauek lehenbailehen lizitatzea eskatzen dugu”.