Patxi Gomez Ortuellako bizilaguna hil honetan atxilotu dute Parot Doktrina aplikatuz, gogorarazi du Juanjo Agirrezabalak. Euskal herritar batek horrelako bidegabekeria baten biktima denean isilik geratzea egotzi dio Lopezi.
Lehendakariak uko egin dio biharko Kontrolerako Osoko Bilkuran Patxi Gomez Ortuellako bizilagunaren atxiloketari buruzko EAren galdera bati erantzuteari, salatu du Juanjo Agirrezabalak. Gomezek 20 urte igaro ditu jada kartzelan, eta hil honen 9an atxilotu zuen berriro Poliziak Parot Doktrinaren aplikazioari jarraituz. Agirrezabalak horren inguruko galdera aurkeztu zuen, baina Patxi Lopezek ez du erantzungo, jakinarazi duenez. Herrizaingo Sailburuak emango du Jaurlaritzaren iritzia, eta horrek, lehendakariak berak erantzuteari uko egin izanak, “Legebiltzarrarekiko errespetu falta adierazteaz gain, agerian utziko du lehendakariak isilik geratzea nahiago duela euskal herritar batek Patxi Gomezena bezalako bidegabekeria bat pairatzen duenean”, Agirrezabalaren esanetan.
EAko legebiltzarkideak adierazi duenez, “bada garaia Patxi Lopezek lehendakari bezala jokatzeko eta haren ardura guztiei heltzeko; Euskal Herria garai politiko garrantzitsu berri batean sartu da eta ez da une aproposa Lopez Herrizaingo sailburuaren atzean ezkutatzeko; euskal gizarteak lehendakariak aurpegia emateko eskubidea du, bai eta gertakari larri hauen aurrean iritzia emateko ere”.
Jatorria: EUSKO ALKARTASUNA