Eusko Alkartasunako militantea den Lohitzune Txarola da Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidente berria. Talde guztiak erakundeko mahaian ordezkaritza izateko egindako “ahalegina” eskertzen ekin dio lanari Txarolak.
Batzarkide jaun-andereok, egunon guztioi.
Egunon, eta mila esker baita ere Gipuzkoako Batzar Nagusi hauetako lehendakaritzaren ardura onartzeko aukera eman didazuelako. Niretzako eta Bildu osatzen dugun guztiontzako ohore handia da, eta geure konpromisoa duzue, neurea eta Bildu osoarena, erakunde honen duintasuna bermatzeko, Gipuzkoako gizartearen aniztasuna aintzat hartzeko eta betiere printzipio demokratikoei jarraitzeko.
Jakin badakit presidente gisa erronka handia dudala aurrean, baina ziur nago talde guztien arteko elkarlanak guztioi lagunduko digula erakunde bezala ditugun helburuak betetzen. Gogoan izan nahi ditut, baita ere, Rafaela Romero anderea buru orain arte Batzar Nagusietako Mahaia osatu duten batzarkideak. Batzarkide guztion izenean urteotan egin duten lana eskertu nahi diet.
Euskal Herri osoa bezala, Gipuzkoako Batzar Nagusiak ere garai politiko berri batean sartzen ari dira, eta politika egiteko bestelako modu bat egon badagoela erakusteko borondate osoa dugu, horixe baita, aldaketa politiko eta soziala, gizarteak maiatzaren 22an eskatu zuena.
Gipuzkoa eta Euskal Herria guztion artean eraiki behar dugu; inor ez dago soberan; eta Batzar Nagusiek ere funtsezko printzipio horri erantzun behar diote. Horixe da egin duguna Batzar Nagusietako Mahaian talde politiko guztion ordezkaritza bermatzea ahalbidetu dugunean, prozesu politiko berri honetan guztiok, salbuespenik gabe, beharrezkoak garelako.
Euskal Herrian abian dagoen prozesu politikoa elikatze aldera, guztiok iraganeko joerak gainditzeko urratsak emateko prest egon behar dugu, eta horrela ulertu behar da gaur talde guztiok Batzar Nagusietako Mahaia osatzeko orduan ados jarri izana. Urrats txikia izan daiteke, baina adierazgarria ere bada. Eskerrik asko guztioi.
Gizarteak hitz egin du, eta aldaketa eskatu du. Aldaketa sakona, indarkeriarekin behin betiko amaitzeko, gehiengo abertzalearen nahiak asetzen ez dituen marko juridiko-politikoa gainditzeko, botere ekonomikoen menpe dagoen eta krisiaren ondorioei aurre egiteko gai ez den sistema ekonomiko eta soziala aldatzeko.
Indar subiranisten batasunak aldaketarako atea marraztu zuen, eta gizarteak zabal-zabalik utzi du. Badakigu ezer ez dela egun batetik bestera aldatzen, aldaketek denbora behar dutela, baina ziur gaude gizartearen laguntzarekin ezinezkoa izango dela atzera egitea, orain aurrera egitea baino ez dagoela. Segurtasun horrekin lan egingo dugu hemendik aurrera.
Bilduren lehentasun nagusia herri honetan agertoki demokratikoa lortzea izango da, eta ahalegin guztiak egingo ditugu horretarako. Hori da gipuzkoarrek eskatu digutena, lanean jarrai dezagula pertsona guztien giza eskubideak, eskubide politikoak, zibilak eta sozialak bermatzeko; proiektu politiko guztiak gauzatu ahal izateko, gizartearen babesa baldin badute.
Helburu hori errealitate bihurtu ahal izateko, ezinbestekoa da indarkeria forma guzti-guztiak, mehatxuak, jazarpenak eta torturak barne, berehalakoan eta behin betiko desager daitezela. Horixe da gaur eta hemen, Batzar Nagusietako presidente bezala, euskal gizarte osoaren nahiari jarraituz, eskatzen dudana. Hala izan bedi lan egingo dut. Nire hitza eta konpromisoa dauzkazue.
Batzar Nagusiek ere paper garrantzitsu bat jokatu behar dute prozesu horretan, eragile politiko, sozial eta instituzional guztiek lagundu behar dutelako bakea eta normalizazio politikoa lortzeko bidean, demokrazia erreala lortzeko bidean. Horren ildotik, ahots eta iritzi guztiak aintzat hartuta, instituzio honetako presidente bezala, Batzar Nagusiak bakea, normalizazio politikoa eta gizarte justuago bat eraikitzeko tresna eraginkorra izan daitezela lortzea dut helburu.
Elkarlana funtsezkoa izango da horretarako, hemen gauden talde politikoen artean ez ezik, herrialdeko gainontzeko instituzioekin ere: Aldundiarekin, udalekin, mankomunitateekin… guztion ardura da elkarlanean aritzea gipuzkoarren baliabideak modu erangikorrean kudeatzeko, krisi ekonomikoaren ondorioak pairatzen ari den gizartearen beharrei eta eskariei erantzun egokia emateko.
Zentzu horretan, hirugarren konpromiso bat hartu nahi dut zuen aurrean, gure herri txiki honetan eskuduntzak bikoizteak behin baino gehiagotan ekarri ohi dituen zailtasunak eta arazoak gainditze aldera lan egiteko konpromisoa, hain zuzen ere.
Amaitu aurretik beste gauza bat azpimarratu nahi dut: hauteskundeetan Bilduk zerbait erakutsi baldin badu, zera izan da, merezi duela aldaketa politiko eta sozialaren aldeko apustu egiteak.
Berriz ere batzarkide guztiok gaur egindako esfortzua eskertzea baino ez zait geratzen. Garai berri batean sartzen ari garen seinale da, ezberdin pentsatzen duenaren bazterkeria iraganeko amesgaiztoa izango den garai berri batean, alegia.
Mila esker.
Jatorria: Eusko Alkartasuna