Martxoaren 8an, esnatzerakoan, lagun baten whatsapa bat jaso nuen: “Zorionak!” “Ez da, ba, nire eguna” erantzun nion eta berak ihardetsi zidan: “Ez, martxoaren 8koarengatik da, emakumearen eguna.” “A! Urte osoko 365 egunetan naiz emakume!”
Hala ere, egia da. Martxoa dugu emakumeez, berdintasun-faltaz eta honek gure gizartean eragiten dituen gaitzez gehien mintzo deneko hila, baina urteak eta urteak iragaten dira eta arlo honetako aurrerapena motela da, oso motela.
Populazioaren erdia gutxiagotasun-egoeran bizi den bitartean, ezin hitz egin dezakegu estatu demokratikoaz. Ideia hau abiapuntu hartuta, genero indarkeriaz hausnarketa egingo dut.
Gure gizartean honen geure ditugun mikromatxismoek, eta behar bezala kuestionatzen ez den menpekotasunezko harremanek aparteko testuingurua osatzen dute manipulatzaileek biktimak menpean har ditzaten.
Genero-indarkeriaz ari garenean, familiaren eremuari murriztu ohi zaio, baina bete-betean iristen da, lehendabizikoz, seme-alabengana eta, bigarren mailan bada ere, famili eremu gertuenekoengana eta lagunengana.
Horregatik da oso inportantea ahal denik eta lasterren esku hartzea, tratu txar bilakatu baino lehen. Izan ere, tratu txarren salaketak elkarrekin bizitzen hasi eta 10 bat urtetara gertatzen dira, bataz beste.
Baina zergatik gertatzen da? Funtsean, bi faktore bateratzen direlako: batetik, menpekotasuna onartzen da. Biktima menpeko sentitzen da erasotzailearen erreakzioarekiko beldurraz, kontziente izan gabe ere patriarkatua onartzen du. Bestetik, erasotzailearen beraren nortasuna, pertsonak gauza gisa nahi duen moduan tratatzen dituelarik.
Zure bikoteak, senitartekoren batek edo bizilagun duzun horrek mehatxu egiten badizu sarri, iraindu, inon gertatzen den guztiaren errua botatzen badizu, jende aurrean lotsatzen bazaitu, mesprezatu zure itxura fisikoarengatik, beste pertsonekiko harremana eten nahi badizu, dirua izan dezazula eragotzi edo zailtzen badu, bultza, kolpeak eman, sexu-harremanik izatera behartzen zaitu… tratu txarrak pairatzen ari zara.
Tratu txarren erantzule eta errudun bakarra tratu txarren emailea beste inor ez da. Biktima ez du ezelako errurik. Jakin ere jakin behar da tratu txarren emailea ez dela aldatzen. Alderantziz, tratu txarren emailea da zeu aldarazten zaituena. Hamaika damu-erakustaldi eginik ere eta egin ditzakezun ahalegin guztiak egin arren, bera ez da aldatuko.
Biktimak, ordea, urratsak egin ahal ditu egoera honen amaitzearren. Tratu txarrak jasaten ari zarela ohartu, 016a markatuz laguntza eskatzea erabaki, tratu txarrak salatu eta ibilbide judizial oraindik lar luzeari ekin arte, denbora luzea behar da eta adore eta bizi-indarra beharko dituzu bide erdian amore eman nahi ez baduzu.
Tratu txarrei buruzko legea, 2004koa, berraztertu beharko litzateke hainbat alderditan, indarrean sartu zenetik 12 urte pasa baitira. Adibidez, seme-alaben zaintza partekatua amaitzearekin hasita, aita tratu txarren emaile denean. Bigarrengoz, nahitaezkoa beharko lukete tratu txarren kasuetan esku hartu behako duten epaileen prestakuntzak eta trebatzeak. Eta beste asko dira aldatu beharreko kontuak, baina luze joko luke denak aztertzeak.
Horregatik guztiarengatik, emakumearen ahalduntzeaz mintzo behar dugu. Jakin egin behar da norberaren eskubideen defentsa eta gatazkak, hurkoarekiko, bikotearekiko errespetua zalantzan jarri ezineko gauza da.