Arabako Eusko Alkartasuna eta Ezker Abertzaleko ordezkariek Lortu Arte dokumentuaren Arabarako garapena aurkeztu dute prentsaurrean. Pausoz Pauso izena duen dokumentuan Araban etorkizunerako bidea oinarri soberanista, independentista eta ezkerretik egitea proposatzen da.
Arabako Eusko Alkartasuna eta Ezker Abertzaleko ordezkariek Lortu Arte dokumentuaren Arabarako garapena aurkeztu dute prentsaurrean. “Pausoz Pauso” izena duen dokumentuan “Araban etorkizunerako bidea oinarri soberanista, independentista eta ezkerretik egitea” proposatzen da.
Prentsaurrean Fernando Velascok, Arabako Eusko Alkartasunako koordinatzaileak eta Aitori Berzaresek, Ezker Abertzaleko biltzarkideak irakurri dute dokumentua, gaztelera eta euskeraz, eta herrialdean lan egiteko ikusten dituzten lehentasunen berri eman dute.
Eusko Alkartasunaren izenean Ejekutiba Nazionaleko Mariano Alava eta Rafa Larreina; Arabako koordinadorako Ruben Rico eta Iñigo Martínez Cerrillo; hainbat zinegotzi -Eva Blanco, Begoña Garaigordobil, Ainhoa Mouriz, Eli Zubizarreta, Antxon Belakortu eta Lauren Uria- eta Mikel Mintegi eta Lorena Lopez de Lacalle diputatu ohiak egon dira.
PAUSOZ PAUSO
ARABAN ALDAKETA POLITIKO ETA SOZIALERAKO PAUSOAK
Pausoz pauso, Euskal Herria nazio bat
Euskal Herria zazpi lurraldez osaturiko herria da: Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa Garaia, Lapurdi, Nafarroa Behera eta Zuberoa. Historikoki eta gaur egun arte, maila sozialean, ekonomikoan, politikoan, linguistikoan eta kulturalean definitzen duten lotura guztiak gorde eta mantentzen jakin izan du Euskal herriak. Beraz, bere etorkizuna bakarrik eta esklusiboki herritarren borondate askearen baitan egon behar da. Eskubideak ukatzen zaizkien beste herri askoren historia bezala, gurea ere zailtasunez betea dago. Baina, belaunaldiz belaunaldi jendarteak egindako ahaleginak, Euskal Herria XXI. mendera nazio bat izateko helburu eta kontzientzia argiaz iristea posible egin du.
Hemen eta orain, Euskal Herria aukera berri baterantz bidea egiten ari da; etorkizuna gure nazioak exijitzen duen espazio demokratikoan eta eskubideen onarpen behin betikoan oinarrituz eraikitzeko aukera. Aldaketa politikoaren beharrari aldaketa sozialaren urgentzia batu behar zaio; egun, politika eta merkatua gidatzen dituen neoliberalismo basatiaren ondorio den eskubideen murrizketaren galga izango den aldaketa.
Gure herrialdearen, Arabaren, errealitateari dagokionez; ezinbestekoa zaigu arabar belaunaldi ezberdinek azken hamarkadetan egindako lan eta borroka politikoa azpimarratu eta baloratzea. Beraien ahalegin eta dedikazioari esker esparru sozial eta politiko independentista, abertzale, ezkertiar eta aurrerakoia eratzea lortu da. Ez hori bakarrik, berau herrialde osoan erreferente garrantzitsu bilakatu zaigu, eta hori, bere horretan irabazi garrantzitsutzat jo behar dugu. Beraz, Araban ere, aldaketa politiko eta soziala gauzatzeko helburuz, indar metaketaren alorrean pausoak emateko garaia iritsi da.
Pausoz pauso, agertoki demokratikoaren bidean eskubide guztiak guztiontzat.
Gure herriari independentziaren ateak irekitzeko, behar beharrezkoa da egungo egoera gainditu eta erabateko agertoki demokratikoa eskuratzea. Zalantza izpirik gabe eta erabateko premiaz, giza eskubide guztiak eta eskubide zibil eta politiko oro errespetatuak izango diren agertokia. Honegatik guztiagatik, Gernikako Akordioan hartutako konpromisoak eta bertan marraztutako helburuak betetzea lehentasunezko zeregin dira guretzat.
Horrela, indarkeriarik gabe, proiektu politiko guztiei, baita independentziaren aldekoari ere, euren egitasmoa aurrera eramateko aukera berdintasuna bermatu beharko zaie betiere euskal jendartearen gehiengoaren babesa lortzen badute.
Pausoz pauso, agortutako marko juridiko-politiko batetik egoera politiko berrira.
Egungo egoera politikoa aztertzean, Ezker Abertzalea eta Eusko Alkartasuna ondorio berera iritsi gara: egungo marko juridiko-politikoa agortuta dago. Beharrezkoa da Euskal Herria nazio gisa garatu eta antolatzea bermatuko duen agertoki berri bat lortzea eta behingoz, aldaketa politikora eramango gaituen atea zehartzea. Euskal Estatuaren sorrera posible egingo duen marko juridiko-politiko batetarantz urratsak emateak, Araban ere indar independentista eta soberanisten bat egitea eskatzen du. Egoera garrantzitsu honetan, erantzukizunez jokatzeak ahaleginen biderkatzea dakarrela jakitun; hori da gure konpromisoaren norabide eta zentzua. Indar metaketak, batez ere, sentsibilitate eta ikuspuntu ezberdin eta anitzak batzea esan nahi duela ulertzen baitugu.
Batzen gaituenaren inguruan indarrak bildu behar ditugula benetan sinetsita, ezberdintzen gaituena errespetatuz, jendarte osoari dei egiten diogu, Arabako mugimendu eta eragile sozialei, Euskal Herria agertoki demokratikora eramateko eginahal zail baina ilusionagarri honetan partaide izan dadin.
XXI. mendearen hastapenetan, Araban oraindik izaera politiko zehatza duen auzi batek dirauela onartzen dugu. Herritarrek badakite, egungo marko juridiko-politikoak ez duela Araba bere osotasunean onartzen eta Trebiñu herrialde honetako parte dela ukatzen duela. Honen aurrean, Trebiñuko herritarrek askotan agertu dute beraien iritzia publikoki eta guztietan, administratiboki Arabako parte izateko duten eskubidea aldarrikatu dute. Beraz, Trebiñu Araba dela eta Euskal Herriko prozesu politikoan parte hartu behar duela esan eta defendatzen dugu.
Euskal Herri osorako egitura instituzional berria ekarriko duen marko juridiko berriaren definizio eta garapenaz gain, akordio honen sinatzaileok, Arabako egitura instituzionalaren inguruan ere eztabaida eta proposamenak bultzatzeko konpromisoa hartzen dugu. Koadrila ezberdinek erakundeetan izan beharko luketen ordezkaritzaren orekari heldu asmoz, bai eta, Koadrila deritzoten egungo egitura politiko-administratiboen, Udalen eta kontzejuen funtzioei dagokienez ere.
Pausoz pauso, eredu sozial berri baten bidean
1976ko martxoaren 3ko langile borroka Arabako jendartearen memoria kolektiboan errotuta geratu da. Orduko batzar, greba eta mobilizazioetan lan eskubideen alde egin zen borroka baina bestelako behar sozialak ere aldarrikatu ziren. Azken batean, eredu sozial berri baten aldeko apustua eta lana egin zen.
Euskal Herriak lortu nahi duen marko juridiko-politiko berriak aldaketa politiko eta soziala garatu eta bultzatu behar du. Frogatuta geratu da egungo markoak ez dituela langileriaren interesak, ez eta herri-sektoreenak, babesten. Krisi ekonomikoaren ondorioek sektore babesgabeenen prekarietatean sakontzen dutela argiki ikus dezakegu. Honek, eredu sozial alternatibo berri bat eraikitzeko, gure etorkizunaren jabe izan behar dugunaren uste osoa berrestera garamatza. Herritarren benetako beharrei erantzungo dion sektore publiko baten alde apustu egin nahi dugu; fiskalitate aurrerakoi eta justuago baten alde egin eta iruzur fiskalaren kontrako borroka lehentasunezko helburu bihurtu nahi dugu. Gogoz lan egin nahi dugu kalitatezkoak eta publikoak izango diren zerbitzu sozialak egon daitezen; langileen beharrei erantzungo dien lan harremanetarako euskal esparruaren alde eta ingurugiroaren errespetua lehenetsiko duen garapen jasangarri baten alde. Azkenik, elikadura burujabetza bermatzea helburu, lehen sektoreari baldintzarik gabeko sostengua adierazten diogu.
Pausoz pauso, Araba euskalduntzen
Araban euskararen errealitatea ez da orain lau hamarkadakoa bezalakoa. Hoberanzko aldaketa horretan ezinbestekoa izan da milaka eta milaka arabarren lan eta ahalegina. Beraiei esker aurrerapen garrantzitsuak lortu dira gure hizkuntzaren berreskurapenean. Gizon eta emakume horiek guztiek egindako bidea jarraituz, gure lurralde osoan euskararen normalizazioaren aldeko apustua egiten dugu. Arabar guztioi, edozein egoera eta eremu sozialetan, gure hizkuntza ikasi eta erabiltzeko dugun eskubidea bermatzeko lan egingo dugu.
Helburu hori burura eramateko euskararen aldeko estrategia eraginkor bat bultzatzea lehentasunezkoa dela uste dugu. Baina euskara handitu eta garatzeko, benetako normalizazioa lortzeko, Arabako erakundeetan indarrean dagoen hizkuntza-politikaren erabateko aldaketa sustatu behar dugu. Nahiz eta azken urteetan pausoak eman direla onartu, nahikoak ez direla uste dugu eta beharrezkoa ikusten dugu Araban euskararen erabateko normalizazioa eman dadin hizkuntza-politiken aldaketan sakontzea. Horrela, ideia hau errealitate bihur dadin, erakundeen eta mugimendu euskaltzalearen arteko elkarlana sustatu eta garatzeko konpromiso irmoa hartzeko prest gaude; elkarlan hau gure lurraldean euskararen normalizaziorako funtsezkotzat jotzen baitugu.
Pausoz pauso, erakundeak berritu eta demokratizatu
XXI. mendeak aldaketa eta mugimendua dakarrela frogatu du, baita erakundeek bete beharko luketen paperaren ikuskeran ere. Etorkizuneko ikuspuntu horretatik, ezinbestekoa da herritarrei parte hartzeko bide eraginkor eta aktiboak eskaintzea, erakunde eta administrazio publikoen kudeaketan benetako demokrazia parte hartzailea garatu dadin.
Azkenaldiko ustelkeria kasuek argi uzten dute erakundeen egiturak interes partikularren mesedetan erabili direla, interes publikoa zaindu beharrean. Beraz, gure egitasmoaren lehentasunetako bat erakundeen funtzionamenduaren berrazterketa sakona egitea eta, bereziki, kudeaketaren gainean kontrol handiagoa jartzea izango dira.
Honegatik guztiagatik, guregain hartzen dugu demokrazia parte hartzailea oinarri izango duen sistema bat sustatzeko konpromisoa; eta erabaki garrantzitsuak hartzeko orduan elkarte eta eragile sozialekin eskuz esku lan egitekoa.
Gainera, Araba ere pausoz pauso aldatzen joan behar gara
Trebiñu
Trebiñukoa auzi historikoa da, baina auzi horren izaera politikoak ekarri du berau antidemokratikoki mendeetan luzatzea. Denbora honetan guztian, administratiboki Araban berriz sartzeko, asko izan dira Trebiñuko biztanleek antolatutako ekimenak; tartean herri galdeketak, hauetan azkena 1998an. Honegatik, herri galdeketa tresna guztiz demokratikoa dela uste dugulako, auzi hau konpontzeko bide bakarra herritarrek erabakitakoa errespetatzea dela azpimarratzen dugu.
Lurralde antolakuntza
Herrialdearen lurralde antolakuntza, beste euskal lurraldeekiko ikuspuntu integratzaile bat mantentzeaz gain, Arabako zortzi koadrilek gordetzen duten aberastasun eta aniztasunean oinarritu behar da. Hasteko, behar sozialei erantzungo dien garapen jasangarri bat beharrezkoa da, gai honen inguruko erabaki funtsezkoenak interes pribatuen arabera erabaki ez daitezen. Eta bigarrenez, herrialdeko gune guztietan eskubide berdintasuna eta bizi kalitatea bermatu beharko dira, eta bizitasun ekonomiko eta soziala bultzatzeko ekimen zehatzak proposatu, batez ere egun kaltetuen dauden guneetan.
Araban, lurraldearen garapen jasangarria proposatu eta egitasmoak iradoki aurretik, lurraren erabilera egokiaren inguruko hausnarketa sakona egin behar da; batez ere lehen sektorea bultzatzearen eta gure mendietan dagoen baso aberastasunaren inguruan.
Ingurumena eta garapen jasangarria
Azken urteetan Araban, energia-egitasmo eta azpiegitura handiak biderkatu dira. Arabak mendeetan zehar zaindutako baliabide naturalek dirua egiteko soilik balio dutela uste dutenen jokabide krudelak ekarri du egoera hau. Gure ingurumena zaintzea eta horrelako egitasmoak geratzea beharrezkoa dela uste dugu, herritarrei, eragile sozialei eta baita udal eta kontzejuei ere parte hartzeko bide eraginkorrak eskainiz. Baliabide naturalak guztion ondare izango diren garapen bat asmatu nahi dugu, belaunaldi guztientzat, egungoentzat eta datozenentzat, benetako balio sozial bat izan dezan.
Toki erakundeak
Behar sozialak herritarrengandik gertuen dauden administrazioek heldu eta konpondu behar dituztela uste dugu. Behin hau esanda, eta Arabako garapen jasangarria errespetatuz, hemen gaudenok gertuko erakundeak indartzearen alde egiten dugu; hau da Udalen alde, eta gure herrialdean berezi diren Kontzejuen alde. Honegatik, kontzejuak toki administrazioetako parte bezala onartuak izan daitezen lan egingo dugu, herrien errealitatean eragiteko eskumen errealak eskainiz bai eta eskumen horiek bermatzeko beharrezkoa den finantziazio maila hobetuz ere.
Euskal Estatua eraikitzeari dagokionez, eta bere erakundetzean urratsak emateko, Euskal Herriko zazpi lurraldeetako udalekin harremanak sustatu eta ekimenak partekatzeko ahalegina egingo dugu. Araba, Nafarroa Garaia, Gipuzkoa, Bizkaia, Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoarentzako erakunde nazional bat sortzera eramango gaituen erabaki eta ekinbide politikoa da hau.
Zerga politika
Egun indarrean dagoen zerga politika ez da justua, ez baitu bermatzen errenta altuek, batez ere kapitalaren errentek eta ondare handidunek beraien gaitasun ekonomikoaren arabera ekarpen fiskalak egitea. Honek fiskalitatearen zati handi bat lan erreten gain geratzea ekartzen du eta ondorioz, ezberdintasun sozialak handitzen dira.
Egungo krisi ekonomikoarekin are argiago ikusten da errealitate hori. Horregatik, fiskalitate sistema osoan (batez ere PFEZ errenta altudunengan bereziki), sozietateen gaineko zergetan, kapitalaren errentetan eta aberastasun handidunentzako zerga batean, progresibitatea handitzera bideratuko dugu gure ahalegin politikoa. Laburbilduz, iruzur fiskalari aurre egingo dion neurri zehatz eta eraginkorrak martxan jartzeko konpromisoa hartzen dugu. Erabaki honekin, diru-bilketa publikoa handitzea lortuko dugu eta bide batez, gastu soziala babestu eta jendarte osoak sortutako aberastasunaren birbanatzean sakontzea ekarriko dugu.
Lan harremanak
Langileek eta herri sektoreek ez dituzte egungo politika neoliberalek sortutako ondorio lazgarriak ordaindu behar. Eredu sozial berri baten bidean, ezinbestekoa da langileriaren nahiz herri sektoreen lan eskubideak eta eskubide sozialak modu eraginkor batean babestuko dituen lan harremanak izatea. Horretarako, lan harremanen euskal esparruaren aldeko apustu urgente eta garbi bat egin beharra dago. Batez ere, Euskal Herriko errealitate soziolaboraletatik, euskal langileriaren eskubideen gainean eragin zuzena izan dezaketen erabakiak aldentzeko daukaten asmoei aurre egiteko. Egoera honek gainera, gure herriak egun bizi duen demokrazia eza areagotzea ekarriko luke.
Lehen sektorea
Lehenik eta behin, ingurumenari errespetuan, kalitatezko produkzioan eta ekoizle eta kontsumitzaileen arteko harremanean oinarritua izango den lehen sektorearen garapen jasangarria bultzatu nahi dugu. Nekazaritza eta abeltzaintzako familia ustiapenei arreta berezi bat jarri nahi diegu gainera. Egiteko hau, nekazari eta abeltzainekin lan harreman estu bat izanez egin nahi dugu, beti ere elikadura burujabetzaren oreka eta armonia mantentzea helburu.
Hezkuntza
Euskal Herriaren etorkizunerako hain garrantzitsua den alor honetan, kalitatezkoa, laikoa, parte hartzailea, parekidea eta publikoa izango den hezkuntza sistema nazional bat bultzatzeko ekimenak martxan jarriko ditugu. Bide horretan, euskal curriculuma zehazteari eta mailakako ezartzeari dagokionez, jendarte lan irmo bat egiteko prest gaudela berriz azpimarratzen dugu.
Azken hamarkadetan Araban, hezkuntza sistemak zeresan handia izan du euskararen normalizazioan emandako urratsetan, batez ere jendarte erabakiari eta milaka arabarren lan eskergari esker. Herri sektoreen gehiengoak euskarazko irakaskuntzaren alde egindako apustuari esker, aurrerapen eta garaipen handiak lortu dituela ikusten da; gure herriak bizi duen egoera eta errealitate historikoa oinarri izango duen euskal curriculuma ezartzearen aldeko sinesmen argiaren adierazle izanik. Hezkuntza sistema osoa oinarri harturik (ez bakarrik nahitaezko hezkuntza), beharrezkoa ikusten dugu euskal irakaskuntza bultzatuko duten neurriak hartzea, baita lan heziketaren alorrean ere.
Botere publikoek jendarte osoari dagozkien hezkuntza-eskubideak bermatzeko duten obligazioa printzipio gisa hartzen dugu hezkuntza sistema publikoaren aldeko jarrera hartzen dugunean. Euskal hezkuntza publikoa ikuspegi publiko eta herrikoi batekin lotzen dugu, hau da, herriari lotua, hezkuntzan ere demokrazia parte hartzailea bultzatu nahi baitugu. Euskal hezkuntza publikoa botere publiko eta hezkuntza komunitatearen arteko diseinu, antolaketa, plangintza, kudeatze eta garapenean oinarritutakoa dela uste dugu.
Migrazioa eta jendarte aniztasuna
Gure ekinbide politiko eta sozialaren zerumuga, Araban, eta Euskal Herri osoan, bizi garen pertsona ororen betebehar eta eskubideen berdintasuna lortzea da; benetako justizia sozialean oinarritutako agertoki bat eraikitzeko xede eta erronka. Baina aldiz, egia da ere, gure jendarte eredua praktikara eramateko beharrezkoa dugula burujabetza politikoa. Burujabetza politiko horrek, migrazio politika eta aniztasun sozialerako politikak martxan jartzeko tresna juridiko-politikoak eskaini beharko lizkiguke; gurera etorritako pertsona ororen eta Arabako nahiz Euskal Herriko egoera politiko, linguistiko nahiz sozialaren arteko errespetua eta bizikidetza garatuko luketen ekinbideak. Migrazio emariek hartu duten garrantzia ikusita, ezinbestekoa da egungo errealitatearen inguruko azterketa espezifiko eta sakon bat garatzea.
Horrela, gaur eta hemen, egoera hau bizi eta honen inguruan lan egiten duten eragile nahiz etorkinekin esperientziak partekatzeko konpromisoa hartzen dugu. Era berean, beraiekin eskuz esku lan egin eta lan lerro zehatzak martxan jartzeko konpromisoa berresten dugu, batez ere emakume nahiz gazte etorkinei dagokienez, ekinbide eta irtenbide berezi eta zehatzak behar dituzten kolektiboak direla uste baitugu, eta honetan parte hartzea gure betebeharra dela uste dugulako.
Jendarte parekidea
Gizon eta emakumeek aukera berdintasuna izango duten jendarte parekide bat eraiki behar dugu. Honek, lehenik eta behin, emakumeek bizi duten ezberdintasun egoera aldatzeko neurri zehatzak eskatzen ditu. Emakumeen kontrako genero indarkeria desagerrarazteko ekinbide politiko eraginkorrak lortzeko borroka egitea da premiazkoa den beste lehentasun bat. Akordio hau sinatzen dugunon eguneroko praktika aipatutako helburuak betetzeko berme dela uste dugu. Beraz, jendarte osoa ikuspegi honekin busti eta berau ildo politiko nagusi bihurtzeko konpromisoa hartzen dugu, edozein esparru sozial eta politikotan garatuko diren lanetan zehaztu eta islatuko dena.
Gazteria
Gazteria, Araba eta Euskal Herriaren etorkizuna da, baina beraien orainaren jabe ere izan behar da. Eta herri honetako gazteriak bere oraina eskuan izan dezan, beharrezkoa da sozialki eta politikoki antolatzeko aukera bermatzea; libreki iritzia eman dezaten, beraien irizpideak plazaratu eta hartutako erabakiak gara ditzaten. Egun, adibidez, gazteriaren eskubideak bermatzeak beraien beharrei erantzungo dien etxebizitza politika bat martxan jartzea eskatzen du. Gure ahalegin eta jarrera baikorrenak gazteriaren parte hartzea bultzatzera bideratuak egongo dira, jendartearen interes diren proposamenen eztabaida sozial, politiko eta instituzionaletan egon daitezen. Garrantzitsua deritzogu egun martxan dauden nahiz etorkizunean gara daitezkeen ekimen sozialetan gazteriaren konpromisoa bultzatzeko egitasmoak martxan jartzea. Baieztapen hau, konfiantza eta sinesmen osoarekin egiten dugu, gazteek daukaten irudimen eta sormenerako gaitasunak, bai maila kulturalean bai eta bestelako arlo sozial edo politikoetan ere, gure errealitate soziala aberasteko ikuspegi berri eta garrantzitsuak ekarriko dizkigutela uste baitugu.
Araban 2010eko abenduaren 21ean
Eusko Alkartasuna – Ezker Abertzalea
Jatorria: Eusko Alkartasuna