Nafarroako Eusko Alkartasunatik lotsagarria iruditzen zaigu UPN eta PSN igandeko Bartzelonako mobilizazioetan parte hartu izana, non eskuin muturreko taldeek lasaitasun osoz ikur frankista ugari agertu zituzten. XXI mendean pentsaezina da inongo Estatu demokratikok ideologia frankista eta neonazien horrelako aldarriak onartzea, eta aldiz, aste hauetan ikusten ari gara nola Estatuko bote faktikoak (Monarkia, Epaitegiak eta alderdi politikoak barne), jarrera hauek baimendu eta babesten ari direla, nazioarteko komunitatearen harridura eta lotsarako.
Bitartean, Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltzaren akusazioa ezagutu dugu Alderdi Popularraren kontra, UPNren sozioa, delitu fiskal larriengatik eta Gurtel kasuko ustelkeria sarean probetxu ateratzeagatik. Baina Nafarroako Erregimeneko alderdiak ere Espainiako Banderaren atzean ezkutatu nahi dute jokabide lotsagarri hori. Eskuin muturreko indarrekin batera, UPN eta PSNk, bat egin dute Kataluniako Herriaren aurkako erasoan, Kataluniako herritarren hitzaren eta erabaki demokratikoaren aurka, zeintzuk modu zibiko, baketsu eta demokratikoan adierazi zuten euren borondatea; hautestontziak kalera ateraz.
Zentzu horretan, Kataluniako egoera aztertzeko helburuarekin, Nafarroako Eusko Alkartasunako militantzia bilera berezi bat burutuko du asteazkenean, 19:00etan. Horretaz gain, salatu nahi dugu asteburuan zehar Ikurriña bat eta Estelada bat lapurtu dituztela Eusko Alkartasunako Gaztelu plazako balkoi batetatik.