Ludopatiaren arazoaren aurkako lanari ekiteko eskatu dio Gipuzkoako Diputazioari Andoni Iriondo, EH Bilduko batzarkide eta Gazte Abertzaleak-eko idazkari nagusiak. Alde batetik, udalekin koordinatuta Gazteleku eta kultur etxeetan ludopatiari buruzko informazio kanpaina egin dezan eskatu du Iriondok. Eta bestetik, prebentzio lanen oinarria izango den azterketa abian jarri dezala, bizi dugun izurrite garaian apustuek duten eragina ezagutzeko.
Bi eskaera horiek aho batez onartu dituzte Gipuzkoako Batzar Nagusiek. Era berean, apustu etxeak zabaltzeko baimena bertan behera utzi dezan dei egin dio Jaurlaritzari EH Bilduko ordezkariak, larrialdi egoeran ludopatiaren arriskuaren hazten delako; eta eskaera hori EAJ eta PSEren botoekin atzera bota da.

Salatutako egoera ez da berria, aitortu du Iriondok, eta horrek erakusten du “gaiari erantzun irmorik eman ezean, arazoak larritzen direla”. Batzarkideak azaldu zuenez, ludopatia arazoa bereziki larria da Hegoa Euskal Herrian, Espainiar estatuaren barruan apostu-etxeen gastuan liderra baitira EAE eta Nafarroa.

Jokoaren arazoa gehien sufritzen dutenak gizon gazteak dira, eta hori ez da kasualitatea, esan du Iriondok: “Gazte askorentzat kontratu soziala hautsia dago: %40ko langabezia tasa, etorkizun hobe baten esperantzarik ez, emantzipatzeko aukerak VPOko loteria batera murriztuak, 1.000€ soldata utopia bihurtua, etab. Gainera, pandemiako murrizketak eta aisialdia aukera gutxi”.

Iriondok Estatu espainiolean ludopatiari aurre egiteko neurriak hartzen hasi direla gogoratu du eta horretarako, beste batzuen artean, gazteentzako aisialdi eredu berria lantzea garrantzitsua dela esan du. “Apostu-etxeen arazoa etengabe mahai gainera etorriko da ez bazaio erantzun irmoa ematen behingoz”, esan du batzarkideak: “Has gaitezen lanean; has gaitezen gure bizitzak erdigunean jartzen”.
Bideguren