Aurtengo maiatzaren lehengoan duintasuna aldarrikatu nahi dugu. Langileon borroka gogor eta duinen ostean lortu dituzten emaitzen duintasuna. Izan ere, gobernutik eta patronaletatik datozen eskaintza iraingarrien, egoera traketsen eta albo bakarreko harremanen aurrean, Euskal Herriko txoko guztietatik langileak kalera atera dira, duintasunez. Eta kaleetan elkartasuna aurkitu dute, ezberdintasun egoera itzelean bizi den gizarte baten elkartasuna hain zuzen. Langileon borrokak duindu du berriz Herri hau, beren eskubideen alde egitera bultzatuz.

Ez da erraza, eta ez digute gobernuek erraz jarriko – begiratu besterik ez dago PNV PP eta PSEren arteko “triunviratoa” Legebiltzarrean gutxi balitz, orain PNV PP C’s UPN ententea osatu dute Madrilen… Murrizketa gehiago alor sozial eta publikoan, baina dirua barra-barra oraindik zer/non/nola/zenbat/ ez dakigun Abiadura Handiko Tren batentzako. Hori bai, pentsionista bakoitzak 9 eurotxo gehiago hilean patrikara, uztailak 18an Francok ematen zuen saria legez, pozik eta isilik egon gaitezen. Eta ekonomiaren berpizteari jarri dioten neoizko argien ilunetan gorde dituzte merkatura sartzea lortzen duten gutxien soldata miserablea- 895 eurokoa da 25 urtetik beherakoen bataz besteko soldata- eta baldintza prekarioak, langabeen zenbakia makilatzen duten bitartean, argazkian ondo agertzeko.

Ezin ahaztu ditugu ihaz hil ziren 53 lagunak, eta 2018ak 4 hile besterik ez dituen honetan, 17 dira bizia galdu dutenak. Istripuak ekidin daitezke, gogorik badago, eta baliabideak jartzen badira horretarako. Lan segurtasuna inbertsioa da, inolaz gastua, batzuek hain garbi izan ez arren kontzeptu hauen arteko ezberdintasuna.

Euskal Herriak kaleak hartu ditu; pentsiodunek, emakumeek, irakasleek, erresidentziako langileek, Ezkerraldeako langileak, Sakanakoak, Goierrikoak, Iparraldeko funtzionariak, ikasleak… Erakutsi dugu ahaldundu garela, eta errespetua zor zaigula herritar gisa. Errespetu hori gure buruari ematen diogun heinean, hasi behar gara gure Herria ahalduntzen ere, eta Madrilek bahituak dituen gure eskumenak gureganatzen; lan harremanetarako hitzarmen propioa, gizarte segurantzako eskumen osoa, pentsioak. Hemen erabaki nahi dugu, eta gure artean, nolako gizartea nahi dugun. Eta horretan jarri behar ditugu indarrak orain.

Maiatzaren lehen honetan, langileon borrokaren beharra aldarrikatzen dugu, aldarrien osteko irria gozatu nahi dugulako.
maiatzak1