EH Bilduko parlamentaria Nafarroan eta eakidea den Ramírezek koalizioak bide bakezale eta politikoekin duen konpromisoa eta bere alderdiak giza eskubideen defentsan duen ibilbide luzea azpimarratu zuen.
UPNk ETAk eta CCAAk enpresariei eragindako biolentziaren –txantaia eta hilketak- inguruko mozio batean egin zituen adierazpenak Ramírezek. EH Bildu abstenitu egin zen baina parlamentariak zubiak eraiki nahi izan zituen indar politiko guztien artean, “alderdi guztiok biktima guztiei babesa, erreparazioa eta aitortza ematen diegun gune batean elkartu gaitezen” dei eginez.
Zorrotza izan zen parlamentaria EH Bildu eta EAren jarrerari errespetua eskatzean: “Ez ditzagun muga moralak eraiki, akatsa baita”. Horrela, “enpresariek ETA eta CCAAren biolentzia eta txantaia pairatzen zuten bitartean, Garaikoetxea lehendakaria beraiekin zegoen”. Era berean, Imanol Murua, Gipuzkoako ahaldun nagusi ohia goraipatu egin zuen, “Leizaran autobidearen ibilbide logikoena defendatuz ez baitzuen ETAren txantaia onartu, beste batzuek onartu zuten bitartean”. Eusko Alkartasunak nahi izango zuen Marcos Vizcaya diputatuak “Barrionuevo ministroari Mikel Zabalzari egindako torturak eta bere hilketari buruz galdetu zionean, UPN hor egotea”. Laburbilduz: “Gustatuko litzaiguke biolentzia guztien aurkako jarrera irmoan inolako salbuespenik egon ez izana”, esan zuen, Eusko Alkartasunak berak enpresariei eragindako samina lehen pertsonan sufritu duela gogoratuz.
Nafarroako Parlamentuko kide guztiek helburu politikodun biolentziaren aurkako jarrera izatea lortzeak lan nekeza eskatu duela azpimarratu zuen Maiorga Ramirezek, eta horregatik arduraz jokatzeko deia egin zuen. Izan ere, 2003-2007 legegintzaldian ETAren jarduerari buruzko 22 ekimen egon ziren; hurrengoan, 24; 2011-2015, ETAk atzeraezineko urratsa publiko egin zuenean, 54, eta oraingoan, 95. Datu horretatik abiatuta, “biolentziarik gabeko eskenatokia indartu baino biktimen samina alderdikeriaz erabiltzea bilatzen duten ekimenak dauden” hausnartzeko ematen duela uste du Ramírezek”.